Aiora Zabala.
PENTSALDIAN

Saharako ongarria gure platerean

2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Sahara basamortutik haizeak altxaturiko hauts okrea Ingalaterrara ere iritsi zen orain dela aste batzuk. Planetaren lotura miresgarri horietako bat da. Ia aldi berean Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahara herrialdearekiko jarrera aldatu zuen. Biak aste berean gertatu izana kointzidentzia hutsa izan zen. Biak, aldiz, zerbaitek lotzen ditu: plateretan ikusten ditugun barazkiak. Lotura horrek berresten du jaten duguna ongi hautatzea izugarri garrantzitsua dela, guretzat, besteentzat, zein planetarentzat.

Basamortu horretatik etorritako harea fosforoan aberatsa da. Ekosistemak emankorrago egiten ditu, pittin bat bada ere. Fosforoa da nekazaritzako ongarrien funtsezko makroelikagaia, nitrogenoa eta potasioarekin batera. Nekazaritza intentsiboak hiru elementu horiek hornitzeko ongarri mineralak darabiltza gehienbat. Fosforodun ongarriak ekoizteko modu nagusia da fosfato arroka erauzi eta kimikoki prozesatzea. Meatzaritza industria horrek giza eta ingurumen katastrofe eredugarria eragin zuen jada Nauru uhartean.

Marokon eta Mendebaldeko Saharan fosfato arrokaren munduko %70 dagoela estimatzen da. Gutxi gorabeherako estimazioak diren arren eta gehiena Marokoko lurraldean omen badago ere, Mendebaldeko Saharan dagoena, Bukraan, kalitate onekoa da, eta errazagoa erauzteko. Fosfato arroka itsasontzietan bidaltzen da beste kontinenteetan prozesatzera, Indiara adibidez. Industria horietatik ongarri zakuak munduan zehar banatzen dira nekazaritza intentsiboa ahalbidetzeko. Baliabide geoestrategiko baten halako kontzentrazioaren esangura zaila da hitzetan jartzea: petrolio gehien duten bi herrialdeak erreserben herenera ez dira iristen.

Mendebaldeko Sahararen gaineko gatazkaren arrazoiak hainbat dira. Edozein gatazkan dauden aktore bezainbeste narratiba izan ohi dira —kasurako, nortasuna, bidegabekeriak, egin diren azpiegituren inbertsioak, eta abar luzea—. Lurralde horrek duen aberastasun naturalak ulergarriagoa egin dezake kanpotarrek lurrarekiko duten grina (ez, ordea, hura justifikatu). Ingurumen gatazkei buruzko ikerketak dio baliabide naturalak ez direla normalki gatazken zergati bakarra. Baina baliabide horiek, hala nola ura edo mineralak, erabakigarriak izan daitezke. Diplomazian beste askotariko gaiekin nahasten dira, inplizituki eta aldizka esplizituki ere bai.

Nekazaritza intentsiboak, fosfato arrokaren menpe egoteaz gain, gas naturala behar du; gasa eta airea nahasten dira ongarri zakuen nitrogenodun osagaia ekoizteko. Nitrogeno ongarrien ekoizpenak eta nekazaritzan erabiltzeak negutegi efektuko gasen isuriak areagotzen dituzte. Paradoxa da gatazkekin zerikusia duten mineralek eta erregai fosilek ahalbidetzen dituztela eguneroko barazkiak.

Gure janariaren platera ongarri mineralez eta erregai fosilez garbitzeko hainbat modu daude, eta askori ekiten ari zaie. Hauetako bat elikagaien hautapena da. Adibidez, ongarri inorganikoak guztiz (edo ia) ekiditen dituzten praktikekin hazitako produktuak, edota nekazaritza birsortzailearen bidez eginikoak, prozesu biologikoetatik datozen ongarriekin, abeltzaintzatik ere bai. Gainera, hainbat eragileen esku dago fosforoa modu eraginkorragoan erabiltzea edota uretara joaten dena birziklatzeko teknikak hausnartzea. Besterik gabe, denen esku dago janaria ez botatzea. Inpaktu gehien duen jakia elikatzeko erabiltzen ez dena baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.