Aiora Zabala.
PENTSALDIAN

Energia trantsizioa eta erabaki ausartak

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ingurumen larrialdiei aurre egiteko behar diren eraldaketak erradikalegitzat jotzen dira askotan. Baina kontu hori ezin da gehiago sinetsi; azken urte eta hilabeteetan ikasi dugu politikan eta gizartean aldaketa handiak eta erabatekoak egin daitezkeela.

Orain dela sei hilabete nork pentsatuko zukeen Europako herrialdeek hartuko zituztela energiaren horniduraz hartzen ari diren erabaki eskergak? Edo Espainiak eta Portugalek elektrizitatearen handizkako merkatua gasetik deslotzeari ekingo ziotela? Hori egin dute gasarekin ekoitzitako elektrizitatearen prezioari muga jarriz. Italiak ere, energia aurrezteko, aire girotua 25 gradutara mugatu du legez eraikin publikoetan. Ikusteke dago erabaki horiek nola garatzen diren eta zer-nolako ondorioak dakartzaten gerora. Baina eskala handiko erabaki ausartak dira zalantzarik gabe.

Energia trantsizioak munduan erabiltzen den energia gehiena berriztagarrietatik eskuratzea du helburu. Klima larrialdiari aurre egiteko ezinbesteko bilakaera da. Munduan berriztagarrietatik etorritako energia primarioa elektrizitatea ekoizteko, berotzeko eta garraiorako %13 izan zela kalkulatu zen 2020rako. Aurreko urtean baino bi puntu gorago, baina oraindik bide luzea egiteke.

Apirilean IPCCk argitaraturiko txostena gerrak ilundu zuen komunikabideetan. Baina gauza garrantzitsu eta berriak dizkio. Karbono isuriak murriztu behar direla. Badakigu. Gaur egin behar dela eta ez bihar, dio txostenaren harira Inger Andersenek. Ehunka zientzialariren sei urtetako lana da, mila ikerlan baino gehiago laburtuta. Berotegi efektuko gasen banaketari buruzko xehetasun handia dakar. Adibidez, munduko pertsona aberatsenen ehuneko txiki bat isurien erdien arduradun dela dio gizarte klaseen arabera desberdintzen dela banaketa, ez bakarrik herrialdeen arabera.

Irtenbideei buruzko xehetasun handia dakar IPCC txostenak. Irtenbide nagusiak zerrendatzen ditu, eta haien kostuak edo irabazi garbiak erakusten ditu, eta baita haien potentziala ere. Azkeneko hori erabat baliagarria da. COP26 inguruan eta oro har azken urteetan egindako hainbat net-zero promesak ez baitira ezer, plan zehatzik gabe. Irtenbideetan hiru nabarmen dira, kostu baxu edo negatiboarengatik eta emaitza potentzial handiengatik: berriztagarriak, energia eraginkortasuna eta ekosistemak zaintzea, lur-erabilera aldaketak dakartzan isuriak ekiditeko.

Irtenbideetan egiten diren inbertsioak eta beharko liratekeenak ere ondoan jartzen ditu txostenak. Inbertsio asko berriztagarrietan egiten ari dira, eta gehiago behar dira. Energia eraginkortasunean bezainbesteko kopurua behar da, baina inbertitzen dena ñimiñoa da konparazioz. Eraginkortasunean lan izugarria dago egiteke. IPCC txostenetik kanpo begiratzean inbertsioen ikuspegia latzagoa da. Izan ere, berriztagarrietan egiten diren inbertsioak handiak diren arren, petrolio eta gas industriara oraindik doazenak hainbat bider handiagoak dira, mundu mailan.

Eraldaketa erradikalak posible dira. Horietako asko onerako. Azkenaldian ikusi ditugun erabaki ausartak larrialdi belikoak eta osasun larrialdiak bultzatu dituzte. Hobe hurrengo eraldaketa potoloak guk erabakitzen baditugu berandu baino lehen, gertaera berriek haietara bultzatzen gaituzten arte itxaron gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.