Guztira 601 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak, eta, beste zenbait delitu egozten badie ere, auziko enbor nagusia da ETAko kide izatea leporatzen dietela 47ei. Euskal presoen sostengu taldeetako kideak dira, 2012tik aurrera hainbat arlotan lanean ari zirenak. Herrira-ko kide izateagatik epaituko dituzte, esaterako, 21 lagun. Horietatik hemezortzi 2013an atxilotu zituzten; beste hirurak —Fran Balda birritan atxilotu zuten—, 2015eko urtarrilean, abokatuen aurkako sarekadan. Bederatzitik zortzi bitartekari, berriz, 2014ko urtarrilean atxilotu zituzten, eta Etxerat eta Jaiki Hadi-koak 2015eko martxoan. Lehen atxiloketa haietatik sei urtera, zortzi eta hogei urte arteko espetxe zigorraren aurkako defentsa egin beharko dute auzipetuek bihartik aurrera, Madrilen.
Garai ilunen itzala
2013ko irailaren 30ean izan zen Herrira euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren aurkako sarekada. Hernaniko (Gipuzkoa) Herrira-ren egoitzan zeuden bilduta egun horretan atzemandako ia guztiak, Guardia Zibila sartu zenean. Hernanikoa ez ezik, Bilboko, Iruñeko eta Gasteizko egoitzak ere miatu zituen poliziak ondorengo orduetan. «Ikusten zen zerbait gertatzear zela», dio Eneko Villegas auzipetuak (Atarrabia, Nafarroa, 1985). Ez zuten halako operaziorik espero, ordea: «Ez genuen uste halako tamaina izango zuenik: hemezortzi lagun atxilotu, Herrira legez kanpo utzi... Nahiko deigarria izan zen, hainbat pauso eman zirelako gatazkaren konponbidean, eta pentsatzen genuelako garai horiek atzean utzi genituela». «Gure mugimenduak sinesten zuen bake prozesu baterako agertokian, baina gure atxiloketak argi adierazi zuen batzuentzat hori ez zela gustukoa», gehitu du Meñikak. Atxiloketez gain, 38 webgune, Twitterreko 32 kontu eta Facebookeko 125 ere itxi zituzten.
Sarekada handia izan arren, ez Meñikak eta ez Villegasek ez zuten uste ondorengo urteetan beste hainbat atxiloketa izango zirenik, eta urteotan ikusi dute auziak forma hartu duela: bitartekariak, abokatuak eta presoen osasunaz arduratzen ziren profesionalak atxilotu zituzten hurrena. «Egiten dudan gogoeta da Espainiak ez zuela inolako intentziorik konponbiderako urratsak egiteko. Inpotentzia handia eman zidan ikusteak nola ari ziren jende gehiago atxilotzen, eta orain fiskalaren neurrigabeko eskaerak ditugu, gainera, tesi bakarraren pean: 'Dena ETA da'». Meñikak egin du zehaztapena: «Gure atxiloketen ostean laguntza juridikoa eman ziguten abokatuak dira, orain, gure auzipetu kideak. Hori edozein lekutan pentsaezina litzateke».
Hain justu, Onintza Ostolaza abokatua (Oiartzun, Gipuzkoa 1982) 2015eko urtarrilaren 14an atxilotu zuten, beste hamabi lankiderekin batera. Gogoan du Whatsapp bidez abisatu ziela kideei atxilo zeramatela: «'Ni ere bai, ni ere bai' mezuak jaso nituen. Hor konturatu nintzen dimentsio handiagoa zuela kontuak». Akusatuak defendatzetik akusatu izatera pasatu da Ostolaza, baina azpimarratu du euskal presoen abokatuak lehenago ere egon direla jopuntuan: «18/98 auzian, esaterako. Beti izan gara deserosoak. Baina urte gogorragoak ziren. 2012tik aurrera ez genuen halakorik espero, garai lasaiagoa zelako, erakundeak ekinbide armatua utzita zuelako eta beste testuinguru bat zelako».
Auzipetu guztiei egozten dizkieten egitateak 2012tik aurrerakoak dira, eta, ordurako, ETAk utzia zuen jarduera armatua —2011ko urriaren 20an iragarri zuten behin betiko su-etena—. Orain, gainera, urte eta erdi da ETA behin betiko desegin zela, eta, horregatik, auzipetuek salatu dute «garai bateko logikan» oinarrituta dagoela epaiketa. Hala dio Meñikak: «Euskal Herrian aldaketarik izan ez balitz bezala jokatzen dute. 2019an ETAko kide izateagatik epaitzea gutxienez anakronikoa eta lekuz kanpokoa da». Ostolazak, aldiz, dio hori izango dela beren burua defendatzeko gako nagusia: «Leporatzen zaigun delitu larriena kidetza da, ETAren zerbitzupean aritzea, baina 2012tik aurrera ez da egon jarduera armaturik, beraz terrorismoaren akusazioa bera zalantzan jarriko dugu».
Abokatu edo auzipetu gisa, hirurek bizi izan dute makroepaiketa bat lehenago, eta gaitzetsi dute berriz ere prozesu osoa bizi behar izatea «iraganean katramilatuta egotea» dela.
Beti behin-behinean
Ostolaza aurretik ere aritu da makroepaiketetan, abokatu lanean. Meñikak eta Villegasek ere aurre egin behar izan diete halako epaiketa handiei. Meñika zigortu egin zuten, eta 2011ra arte egon zen espetxean; Villegas, aldiz, absolbitu egin zuten 2015ean.
Villegasek 11/13 sumarioaren epaiketa noiz hasiko zain zegoela izan zuen beste epaiketa bat, Segiko kide izatea leporatuta, 2014an, eta 2015eko maiatzean absolbitu zituzten 27 kideak. «Badirudi nire bizitza ziklikoa dela eta noizean behin joko taularen hasierara itzultzen naizela», gaitzetsi du auzipetuak. Epaiketaren zain egoteak, gainera, ezinegona sortzen dio, «behin-behinean» bizi behar izatearen sentsazioagatik: «Tartean bi epaiketa izan ditut, eta ezin izan dut etorkizuneko proiekturik egin. Oraingoan, gainera, ezin izango dut lanik egin, epaiketa luzea izango delako». Bihar hasiko da epaiketa, eta, akordiorik ezean, azaroaren amaierara arte luzatuko da.
Meñikak ere aitortu du sei urteotan beren bizitza «baldintzatuta» egon dela, epaiketa noiz etorriko. Nabarmendu du zer eragin izan duen, pertsonalki ez ezik, ingurukoei dagokienez ere: «Auzipetutako asko guraso dira; ia 40 ume ditugu zaintzapean, eta haien bizitzaren norabidea ere epaitua izango da. Euskal Herriko ondorengo belaunaldi bat kondenatzen ari gara iraganarekin zerikusia duen egoera bat bizitzera».
2013 eta 2015 bitarte atxilotutako zenbait behin-behineko espetxealdian egon dira epaiketaren aurretik —besteak beste, Arantza Zulueta eta Jon Enparantza bitartekariak, eta Fran Balda eta Javier Carballido Herrira-ko kideak—, baina gehienak baldintzapean aske egon dira. Itxaronaldia, ordea, «ezkutuko zigorra» dela salatu du Ostolazak. Izan ere, denbora honetan guztian «baldintzatuta» egoteaz gain, hainbat neurri judizial bete behar izan dituzte.
«Aske utzi gintuzten, baina ez ginen aske», ohartarazi du Villegasek; «Hamabostean behin sinatu behar izan dugu epaitegietan, ezin genuen euskal presoekin zerikusia zuen ezertan parte hartu: ez mobilizazioetan, ezta antolakundeetan ere. Ezin ginen Espainiako Estatutik irten, eta bitarte honetan batzuok poliziaren bisita jaso dugu jakinarazteko gu identifikatzera etor daitezkeela etxetik kanpo lo egiten dugunean».
Neurri horiek bukatu eta epaiketaren zain egoteak sortutako salbuespen egoera amaitzeko, Meñikak dio «halabeharrez» aurre egin beharko diotela epaiketari: «Urduri gaude, baina, aldi berean, konfiantza puntu bat dugu, guk egindako lanak gatazka politiko bati irtenbidea emateko ekarpena egin duelakoan». Lan gardena eta publikoa egin zutela nabarmendu du, eta «lasaitasun eta harrotasun» horrekin doazela.
Elkartasuna auzitan
Hiru auzipetuek azpimarratu dute muinean euskal presoen eskubideen alde egindako lana eta haiei emandako elkartasuna dagoela auzitan. «Modu horretan egin nahi diogu aurre epaiketari», dio Meñikak; «hori zen egiten genuen lana, urteetan egin duguna eta gaur egun ere egin behar dena, oraindik 248 euskal preso daudelako». Ostolazak gaineratu du epaiketaren edukiari erreparatu behar zaiola, fiskalaren zigor eskaerari baino gehiago: «Fokua jarri behar dugu epaituko denean. Baditugu argudioak egozten digutenari aurre egiteko, nahiz eta jakin arriskua dagoela espetxera joateko». Gainera, abokatuak ere nabarmendu du oraindik euskal presoen eta iheslarien afera konpondu gabe dagoela, eta hori dela, funtsean, askatu beharreko korapiloa: «Nire kezka da ETAk jarduera armatua utzi eta zortzi urtera oraindik ere 248 preso egotea eta salbuespeneko egoeretan segitzea preso».
Are gehiago, Villegasek zuzenean lotu ditu 2013ko Herrira-ren aurkako sarekada eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrina baliogabetzeko emandako epaia: «Parot Doktrina baliogabetu zen ekinbide judizialagatik eta herritarren mobilizazioagatik. Herrira abian zela hainbat lorpen izan ziren, eta beldur zioten horri». Besteak beste, Herrira-koek Herritarron Epaia deituriko dinamika abian jarri zuten, aldarrikatzeko Parot doktrina legez kanpokoa zela. Beraz, Villegasek buruan zuen espetxetik irtengo ziren preso horien ordaina izango zela haien atxiloketa: «Pentsatu genuen gure sarekada Estrasburgokoaren erantzuna zela. Esaten genuen ez zitzaigula gaizki atera hemezortzi lagun atxilotzea hirurogei lagun kartzelatik irtengo baziren». Irailaren 30ean izan zen Herrira-ren aurkako atxiloketa, eta Estrasburgok handik hiru astera jakinarazi zuen epaia, urriaren 21ean.
Meñikak gogora ekarri ditu garai hartan Espainiako Barne ministro zen Jorge Fernandez Diazek esandakoak: «Gure sarekadaren ostean aitortu zuen Herrira-k mobilizazio gaitasun handiena zuela, Euskal Herrian mobilizaziorako gaitasun handiena zuen antolakundea zela esan zuen». Meñikaren ustez, Herrira-k jendea euskal presoen eskubideen alde mugiarazteko zuen ahalmena eta Estrasburgoko epaia izan ziren haiek atxilotzeko arrazoiak. Euskal Herrian garai berrietara egokitzen ari zirela, eta Herrira horretarako elementu interesgarria zelako eten zuten antolakundearen jarduna, Villegasen eta Meñikaren arabera.
Ostolazak nabarmendu du presoen eskubideen alde jardunean aritutako abokatuak ere zigortu nahi izan dituztela, eta, oroitarazi du oraindik badagoela abokatuen eta bitartekarien aurkako beste epaiketa bat —2010eko apirilaren 14an atxilotu zituzten hamar lagun H-Alboka izeneko operazioan. Tartean ziren Jon Enparantza eta Arantza Zulueta 11/13 sumarioan auzipetutakoak ere—. «Hori da zigortzen dutena. Auzitegi Nazionalak helburua du beldurtzea, kikiltzea eta zigor ahalik eta handienak jartzea». Xede horiek betetzeko, makroepaiketen formula erabiltzen dutela dio: auzipetu askorekin, luze espetxeratzeko eskaerekin, eta prozesu luzearekin: «Guretzako ez da bidezkoa epaiketa bera egitea ere».
Epaiketaren atarian
Sei urteko itxaronaldiaren ostean, ordea, 47 auzipetuak epaiketaren atarian daude. Atzo Bilbon egindako manifestazioarekin indarrak bilduta, eta udan zehar jasotako babesarekin eskertuta ailegatuko dira Madrilera, baina aitortzen dute urduri daudela, epaitegian zer gertatuko zain. «Beti diot ez dudala nahi epaiketa hastea, baina bukatzea nahi dut. Bukatzeko, hasi egin behar du», aitortu du Ostolazak. «Baikor eta esperantzaz» dago, uste duelako nahikoa argumentu dituztela beren burua defendatzeko, baina «kezka» ere badu, auzitegiaren berezitasunak kontuan hartuta.
Meñika eta Villegas ere «urduri» daude epaiketaren atarian. «Auzitegi Nazionala edozein norabidetan tiro egin lezakeen arma baten modukoa da. Tiro egin dezake ala ez, eta hori ez dago gure esku», ohartarazi du Villegasek. Meñikak, berriz, nahi luke espetxe zigorrak bertan behera gelditzea: «Lanean jardun ginen euskal presoak kaleratzeko, espero dugu orain guk geuk zenbaki hori ez puztea, eta lanean segitzea falta direnak etxera ekartzeko».
Hain justu, hirurek nahi lukete 11/13 sumarioko epaiketan fokua jartzea oraindik espetxean dauden 248 euskal presoen eta hainbat iheslariren egoera konpontzeko aterabideak bilatzean. Meñikak, esaterako, azpimarratu du hori dela egin dezaketen «ekarpenik handiena». Ostolazak ere eskatu du euskal presoen afera ahalik eta azkarren bideratu dadin: «Ezin dugu onartu preso bat gehiago ere. Ezin dugu onartu espetxe zigorrik».
Auzipetuak «indartsu baina nekatuta» daude, ordea. Villegasek nahi luke 47entzako «ahalik eta kalterik txikiena» izatea epaiketak, baina ez berak, ez Ostolazak ezta Meñikak ere, ez dute konfiantzarik Auzitegi Nazionalean: «Ez dugu justiziarik espero, eta, nolabait, indarra gure herriarengan jarri dugu. Horrek ematen digu konfiantza». Iraganekoak utzi, eta, ahalik eta azkarren, aurrera begira jartzea espero dute, beraz.
47 auzipetuei buruzko informazioa 11/13 makroepaiketari buruzko webgune berezian.
Maletak bete elkartasun
Nor dagoen auziaren beste aldean