Jaurlaritza osatzeko egindako ituna gainerako erakundeetara zabaltzea erabaki zutenetik, EAJ eta PSE-EE batera ari dira gobernatzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde gehienetan, euren proposamenak aurrera ateratzeko zailtasun handirik gabe. 2022ko udal aurrekontuei buruzko negoziazioa horren adibide izan da. Udal gehienetan, funtzionatu du EAJ-PSE itunak, eta aurrekontuak aurrera ateratzeko moduan daude arazo handirik gabe, oposizioaren jarrera gorabehera.
Zenbait lekutan, baina, logika hori gainditzen duten bestelako gehiengoak agertu dira aurrekontuen negoziazioen karietara. Goiz da esateko araua berresten duten salbuespenak ote diren, edo etorkizunean sor litekeen beste zerbaiten ernamuinak. Oraingoz, eragile guztiek nabarmentzen dute horrelakoak tokian tokiko logika politikoaren arabera ulertu behar direla, eta ez litzatekeela zuzena izango bestelako ondoriorik ateratzea.
Hiriburuetan ez da ezusteko handirik izan. Bilbon eta Donostian, hautetsontzietan lortutako gehiengo erosoa baliatu dute EAJk eta PSE-EEk, eta arazorik gabe onartu dituzte aurrekontuak. Bilbokoak atzo bertan onartu zituzten, oposizioko alderdi guztiek kontrako botoa eman zuten arren. Gasteizen, berriz, Elkarrekin Podemos taldearen abstentzioa ere izan zuten jeltzaleek eta sozialistek, koalizioak proposatutako ekarpenak jaso ostean. EPko zinegotzi Oscar Fernandez pozik agertu zen bere taldea «erabakigarria» suertatu delako.
Arauaren salbuespenak
Azken urteotan, Irun (Gipuzkoa) eta Barakaldo (Bizkaia) salbuespenak izan dira jeltzaleen eta sozialisten arteko akordio orokorrean. Bi kasuetan, EAJren eta PSE-EEren udal taldeen arteko xextra eta elkarrekin konpondu ezinak indartsuagoak ziren zuzendaritzen arteko giro ona baino.
Barakaldon, arazoa bideratzea lortu zuten, eta gaur egun jeltzaleak eta sozialistak elkarrekin daude udal gobernuan; Irunen, berriz, PSE-EEk Elkarrekin Podemosekin hitzartu zuen akordioa, EAJri muzin eginda, eta orain bi taldeak ari dira udal gobernuan, Jose Antonio Santano alkatearen gidaritzapean. Lehenago ere bi taldeek EH Bildurengana jo dute aurrekontuak onartu ahal izateko, eta aurten ere EH Bildu prest agertu da udal gobernuak proposatutako egitasmoari bere ekarpenak egiteko.
Eibar ere (Gipuzkoa) hartxintxarra izan da EAJren eta PSE-EEren akordio nagusiaren bidean. PSE-EE bakarrik ari da udala gobernatzen, beste leku batzuetan bazkide dituen jeltzaleak aintzat hartu gabe, eta behin baino gehiagotan jo du EH Bildurengana aurrekontuak edo egitasmo garrantzitsuak aurrera ateratzeko: herriko ekialdeko auzoak biziberritzeko eta trenbidea integratzeko plana izan da azkena. Orain, aurrekontuen negoziazioan, EH Bilduk 33 proposamen egin dizkie PSE-EEren aurrekontuei. Ikusteko dago zer gertatuko den, baina akordioa erdietsiko balute, ez litzateke lehenengo aldia izango.
Edonola ere, aurtengo berritasunik nabarmenena Durangokoa da (Bizkaia). EH Bildu eta Elkarrekin Podemos daude agintean, eta gehiengo osoa dute; hortaz, ez dute gainerako udal taldeen botoen beharrik kontuak aurrera ateratzeko. Hala ere, udal gobernuak PSE-EEren 11 zuzenketa onartu zituen, 500.000 euroko balioa zutenak, eta horrekin ziurtatu zuten sozialisten babesa aurrekontuen tramitazioan.
Kasu honetan ere, PSE-EEk adierazi zuen akordioa «udal mailakoa» zela, logika horretan ulertu behar zela, eta ez zuela arriskuan jartzen gaur egun EAJrekin duten akordio nagusia. Baina gero eta nabariagoa da akordioen jokoan ez daudela bi jokalari bakarrik.
2022ko aurrekontuak
Akordio nagusitik kanpoko akordioak
EAJk eta PSE-EEk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde guztietarako duten akordio orokorrak erraztu egin die udal gehienetan aurrekontuak aurrera ateratzea, baina salbuespenak ere egon dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu