EB-MERCOSUR, LANAK ORAINDIK

Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen arteko merkataritza liberalizatzeko akordioak 800 milioi kontsumitzaileko merkatu bat osatuko du. Aldeek hogei urte behar izan dituzte ados jartzeko, baina oraindik ere ez dago dena erabat lotuta Atlantikoaren bi aldeetan.

Uztaren lehen lanak Brasilgo soja soroetan, artxiboko irudi batean. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
Irune Lasa.
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hogei urte pasatu eta gero, joan den astean presaka eta korrika lortu dute akordioa Europako Batasuneko eta Mercosurreko negoziatzaileek; aldeek lehenbailehen nahi zuten bien arteko merkataritza liberalizatzeko konpromisoa, eta hiru egunez jardun ziren buru-belarri tratuan Bruselan.

Presa zuten, batetik, Europan Jean-Claude Junckerren batzordea erretiran delako. Eta, bestetik, balitekeelako laster ixtea Mercosurreko herrialde nagusietan —Mauricio Macrirekin Argentinan eta Jair Bolsonarorekin Brasilen— zabaldutako aukera leihoa: izan ere, urrian Cristina Fernandez eta Alberto Fernandez peronistek irabazten badituzte presidentetzarako hauteskundeak, baliteke Argentinak atzera egitea eta ez jarraitzea akordioan.

Azken hori izan liteke arrisku nagusia EB-Mercosur akordioarentzat. Horrez gain, ituna izenpetu arteko prozesua oraindik luzatu egin liteke, alde bietako herrialde guztien parlamentuen—eta Europako Parlamentuaren— oniritzia derrigorrezkoa baita. Bitarte horretan, negoziazioak hogei urtez luzatzea eragin duten beste zailtasunak ere ez dira desagertuko.

Adibidez: bai Europan, bai Hego Amerikan, agintariek lanak izango dituzte galtzaile aterako diren sektoreen jarrera kritikoari aurre egiten. Hala ari da gertatzen, esaterako, Frantzian eta Irlandan, nekazaritza sektore sendo eta antolatuak baitituzte. Nekazariak beldur dira Argentinatik eta Brasildik muga zergarik gabe iritsiko diren haragi eta zerealekin. Bi gobernuek jada esan dute akordioak ez dituztela erabat gogobetetzen. Azaldu dute oso adi egongo direla oraindik erabat ixteko gelditzen diren xehetasunei, eta gehien erasandako alorrek laguntzak jasoko dituztela.

Hego Amerikan, berriz, nekazaritza alorrak pozez jaso du akordioa, baina industria elkarteak kezkatuta daude. Ekoizleek lehia oso gutxi izan dute, eta zail ikusten dute Europatik etorriko zaizkien auto, etxetresna eta abar merkeago eta lehiakorragoei aurre egitea. Macriren gobernuak, adibidez, automobil ekoizleei azpimarratu die akordioak oraindik hamar-hamabost urteko epea ematen diela lehiakortasuna hobetzeko.

Joan den astean adostutako akordioak 800 milioi kontsumitzaileko merkatu bat osatuko du, eta, horren ondorioz, nabarmen handituko da Atlantikoa zeharkatuko duten ondasunen kopurua. 2011. urteko ikerketa baten arabera, baliteke EBetik Mercosurrerako esportazioak %10etik gora handitzea, eta Mercosurretik EBrakoak, %4 inguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.