Hamabosgarrena izan nahi dute. 2015ean Euskararen Legea aldatu eta Nafarroako eremu misto eta ez-euskalduneko eskola publikoetan D eredua eskaintzeko aukera zabaldu zutenetik, hamalau izan dira euskarazko lerroa jarri duten herriak. Mendigorria izan zen azkena, iaz. Orain, Larragako guraso talde batek eskaera zuzena egin dio Hezkuntza Departamentuari: ireki dezatela D ereduko lerro bat herriko San Miguel eskola publikoan, 2023-2024ko ikasturterako.
Atzo egin zuten agerraldia ikastetxearen atarian. D eredua nahi duten familiez gain, Sortzen elkarteko eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariek hartu zuten hitza.
Ikusi gehiago:Hamabost kolpe ate berean
Larragako gurasoek agerraldian salatu zutenez, aspaldiko auzia da euskarazko hezkuntzarena. «Hamarkadaz hamarkada, herriko haurrek kanpora joan behar izan dute euskaraz ikasteko. Herrian bertan eskola publikoa izan arren, familiek aukeratu behar izan zuten: Tafallara joan, haurrek euskaraz ikas zezaten, ala herriko eskolara eraman, euskarazko irakaskuntzari muzin eginez». Hortaz, legeak euskaraz ikasteko eskubidea aitortzen dien arren, eskubide hori «baldintzatuta» dagoela salatu zuten.
Aurten, herriko hamabi familia elkartu dira D eredua eskatzeko. «Uztailean erregistratu genituen instantziak Hezkuntza Departamentuan, baina oraindik ez dugu erantzun ofizialik jaso», azaldu zuten atzoko agerraldian. Hain zuzen, bihar batzartzekoak dira Hezkuntza zuzendari nagusi Gil Sevillanorekin, auziaz galdetzeko. «Otsailean hasiko da aurrematrikulazio epea, eta ez dugu nahi beste herri batzuetan gertatu zena errepikatzerik».
Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren esanetan, Nafarroako Gobernua «euskarazko hezkuntza baldintzatzen» ari da, Larragako guraso talde horren eskaerei entzungor eginda: «Ez dira herriko hamabi haur horiek soilik. Eskaintza zabalduz gero, askoz gehiago etor litezke».