EZAUGARRIAK

2023ko azaroaren 11
00:00
Entzun
EAEko Eskola Kontseiluak egindako Euskadiko Hezkuntza Sistemari Buruzko Txostena 2017-2019 azterketan eredu bakoitzaren ezaugarri nagusiak xehatu zituzten, 2017ko ebaluazio diagnostikoko datuak oinarritzat hartuta. Hona hemen laburpena:

A EREDUA
Publikoa
Ikasleen ezaugarriak. DBH2ko ikasleen artean, batez besteko ISEK Indize Sozioekonomiko eta Kulturala baxua da; ikasleen % 65,2 etorkinak dira; eta %0,1ek dituzte guraso euskaldunak.
Emaitzak. 2017-2018ko ikasturtean, DBH2n hamar ikasletik hiruk gainditu zituzten ikasgai guztiak, eta hamarretik zazpik lortu zuten hurrengo mailara igarotzea.

Itunpekoa
Ikasleen ezaugarriak. Eredu guztien artean, honek jasotzen du batez beste ISEK handiena dutenak; maila altukoak dira ikaslerik gehienak. Halaber, DBH2n %11,8 dira etorkinak, eta %0,7k dituzte guraso euskaldunak.
Emaitzak. DBH2ko hamar ikasletik zazpik gainditzen dituzte ikasgai guztiak, eta hamarretik bederatzi igarotzen dira hurrengo mailara.

B EREDUA
Publikoa
Ikasleen ezaugarriak. B eredu publikoan ikasleen batez besteko ISEK maila baxua da. Gainera, gero eta ikasle etorkin gehiago eskolatzen ditu, eta, egun, hamar ikasletik hiru dira. Euskaldunek, berriz, oro har ez dute eredu hori aukeratzen seme-alabentzat: DB2koen familien %0,4 dira euskaldunak.
Emaitzak. DBH2ko hamar ikasletik lauk gainditzen dituzte ikasgai guztiak, eta hamarretik zazpi dira hurrengo mailara pasatzeko gai.

Itunpekoa
Ikasleen ezaugarriak. Ikasleen batez besteko ISEK maila ertain altua da. Ikasleen familia jatorriari dagokionean, %9,4 dira jatorri atzerritarrekoak, eta ikasleen %2,9k dute familia euskalduna.
Emaitzak. Hamar ikasletik zazpik gainditzen dituzte ikasgaiak, eta ia-ia guztiak igarotzen dira mailaz: hamarretik bederatzi.

D EREDUA
Publikoa
Ikasleen ezaugarriak. Mota askotako ikasleak jasotzen ditu. ISEK maila ertain baxua da LHn, eta ertain-altua DBHn. Eskolatutako ikasleen familien ezaugarriei erreparatuta, etorkinak dira ikasleen %6,2 DBH2n. Familia euskaldunen presentzia, berriz, «nahiko egonkorra» da: %23,2 dira DBHn.
Emaitzak. Oro har, emaitza onak lortzen dituzte: ikasleen %65ek ikasgai guztiak gainditzen dituzte, eta %88k lortzen dute hurrengo mailara igarotzea.

Itunpekoa
Ikasleen ezaugarriak. ISEK mailari dagokionez, itunpeko A ereduaren ostean maila altueneko ikasleak jasotzen ditu. Bestelako ezaugarriei begira jarrita, berriz, DBHn ikasleen %3,4 dira etorkinak, eta ehunekoetan familia euskaldun gehien jasotzen duena da: %32,5 dira DBHn.
Emaitzak. Emaitza akademikoak «oso positiboak» dira: %83k ikasgai guztiak gainditzen dituzte, eta ikasle ia guztiak igarotzen dira hurrengo mailara: %95,7.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.