Non ikus daiteke munduan ikurrin, lauburu eta bestelako euskal ikurren kontzentraziorik handienetako bat? Erantzuna, agian, harrigarria da: Iparraldeko eta Frantziako edozein supermerkatu handitan. Izan ere, sarri, ekoizle asko irrikan egoten dira euren produktuetan Euskal Herriarekiko edozein lotura iradokitzeko; batez ere, elikagaietan. Baina, batzuetan, lotura hori oso lausoa da, edo erabat faltsua.
1. BAIONAKO XINGARRA
Frantsesez jambon de Bayonne esaten diote gatzarekin lehorturiko urdaiazpikoari; hau da, Baionako xingarrari. Aspaldi du ospea: François Rabelaisek aipatu zuen Gargantua liburuan, 1534an. XVII. menderako ongi antolatuta zeuden ekoizpena eta esportazioa, eta marka bihurtu zen Baionako xingarra. Sor-marka 1992an onartu zuen Europako Batasunak. Ez zen ika-mikarik gabe jaio, ordea. «Baionako Xingarra oso zorrotz mugaturiko ingurune geografiko baten bihotzean egiten da», aldarrikatzen du gaur sor-marka arautzen duen erakundeak bere webgunean. «Zorrotz mugaturiko» horrek, ordea, eskatu gabeko desenkusa ematen du. Izan ere, Baionako Xingarra ez da bakarrik Euskal Herrian ekoitzitakoa, baizik eta «Aturriren arroan». Ondorioz, Baionako xingarra egiteko zerriak ia Bretainiaraino haz daitezke: Niort hiriburu duen Deux-Sevres departamenduraino, iparralderantz, eta Perpinyaraino, ekialderantz (Herrialde Katalanak). Urdaiazpikoa gatzatzeko eremua murritzagoa da, baina ia Gers departamenduraino heltzen da, Gaskoinian.
Horregatik, Baiona hitza eta lauburu gorri bat eraman ditzake urdaiazpiko batek, nahiz eta etiketan jarri Salbaterra Bearnon (Okzitania) egina dagoela. Sor-markaren egoitza bera Biarnon dago, Saliese herrian.
2. AGUR, GAZTAK; GAZTAK, AGUR
Saint Agur izenarekin saltzen du gazta urdin bat Savencia Fromage & Dairy konpainiak. Baina ez dago Agur izeneko santurik, ez herririk. Asmaturiko izen komertzial bat da. Frantzia eta Okzitaniako eremuak hartzen dituen Auverniako eskualdean egiten dute, urte osoan, eta erabiltzen dituzten esneak ez daude lotuta ez Euskal Herriarekin ez eta beste inongo lurralde jakin batekin. Labur esateko: gazta industrial arrunt bat da. Heletan, Nafarroa Beherean, badago Agour gaztandegia, 1981. urtetik. Paradoxa dirudi: Euskal Herriko gaztagileek frantses grafiarekin idazten dute marka, eta kanpotarrek, euskaraz. Txakolinaren ika-mikarekin ere gertatu zen antzekoa. Xabier Kintana euskaltzainak arrazoia eman zien 2011n Burgosko txakolingileei, eta esan zuen eskubide osoa zutela txakoli gaztelerazko hitza erabiltzeko. «Gure produktuetan euskal hitza, txakolina, hasieratik bultzatu bagenu, ez zen holakorik gertatuko».
3. GAVARNIEKO OILASKOA
Toupnot enpresako Cuisine des Pyrénées produktu ildoan anabasa geografiko kultural eta sinbolikoa dagoela ematen du lehen bistadizoan: Euskal oilasko, arroz zuria gisa iragartzen duen produktuan, ikurrin bat Euskal Pirinioetako errezeta legendarekin agertzen du etiketan. Erdian, Gavarnieko Zirkuko mendien irudi bat dago. Badu, edonola ere, nolabaiteko logika. Lourdesen (Okzitania) egiten dute produktua, horregatik Gavarnie. Pirinio inguruko hainbat herrialdetako irudiak erabiltzen dituzte, eta gero plater bakoitza saldu; tartean, ustez Euskal Herrikoak liratekeen errezetak. Iparraldean euskal sukaldaritza proposatzen duten jatetxeetan ere ematen dute, askotan, oilaskoa arroz zuriarekin.
4. ESKERRI? EZ HORREGATI!
Intermarche supermerkatuetako esnekiak Pâturages marka zuriarekin saltzen dira, eta horrek Eskerri gazta eskaintzen du. Horretan ez dago ikurrinik, baizik eta Frantziako Esnea leloa. Baina, hainbat bertsiotan, lauburu gorri bat agertzen da. Etiketak agintzen du Pirinio Atlantikoetako departamenduan egina dagoela. Paketatzailearen kodea, edonola ere, Villefranche-de-Lauragaisekoa da (Garona Garaia).
Eztabaida sortzeko moduko adibide batzuk besterik ez dira. Baina horrek erakusten du zein garrantzitsua den herrialde marka sortzea eta ondo kudeatzea. Izan ere, hori norberak egiten ez badu, auzoak egingo dio, eta bankurako bidean esango dio: «Agur, eta eskerri».
Markagintza eta euskara
Agur, eta eskerri
Iparraldeko eta Frantziako supermerkatuak Euskal Herriko ikurrak erabiltzen dituzten produktuz beterik daude. Askotan, salgaiak ez dira hemen egindakoak. Izan ere, norbera bere herrialde markaz baliatzen ez denean, auzoak egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu