Errioxa sor-markaren krisia

Mahats bilketan jo eta su

Mahats bilketa bete-betean daude Arabako Errioxako herriak. Guardian jaso dituzten lehen mahats aleak «oso onak eta osasuntsuak» dira, baina aurtengo uzta irregularra izango da.

inaut matauko rada
Guardia
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Goizeko lehen orduak mugimendu askokoak dira Guardiako (Araba) errepideetan garai hauetan, mahats bilketa bete-betean baitabiltza upategietan. Mahatsez beteriko gurdiak lotuak dituzten traktore ia gehiago ikusten dira autoak baino, denak errepidearen bazter-bazterretik doaz, gainerako ibilgailuek aitzinatu ditzaten.

Mugimendu horretatik atera eta metro gutxira du upategia Saul Gilek. Upategi txikia da, hemezortzi mahasti hektarea baititu, eta lanean harrapatu du BERRIAk Gil. Hitz egin aurretik ordu laurdenez alde egin behar izan du, sasoikako langile batek ebakia egin baitu mahats mordo bat mozten; «urteroko kontua» esanez baretu du egoera Gilek, langilea erietxera eraman ostean.

Ikusi gehiago:Ebrotik behera ere, urak nahasi

Upategiaren kanpoaldean mila kilo mahats dituzten hiru ontzi handi daude, «probak egiteko», Gilen hitzetan. Urtero 70.000 eta 80.000 botila inguru egiten dituzte Gil Berzal Guardiako upategian, eta aurten «kalitatezko mahatsa» biltzen ari direla adierazi du Gilek.

Urte arraroa izan da. Iazko denboraldia «oso lehorra eta oso beroa» izan zen, horregatik uste du aurtengo uda «nahiko freskoa» izan dela. Hala ere, uztaila eta abuztua «oso lehorrak» izan dira aurten, ia tantarik bota ez duelako, baina iraileko ekaitzek eta euriteek mahatsa ondo heltzen lagundu dute.

Egoera hori, baina, ezin da estrapolatu Arabako Errioxa osora, Gilek dioenez, eguraldia eta plubiometria oso ezberdina izan baita herriz herri. «Leku batzuetan, euri izugarri egin du, 100 litro baino gehiago, eta, beste batzuetan, ez horrenbeste. Hemen [Guardian] ez dakit zehazki zenbat euri egin duen irailean, 60-70 litro artean, baina beste leku batzuetan halako bi bota du, eta horrek mahatsa biguntzen du. Ez da berdin Mañuetan, Samaniegon edo Guardian».

Kanpo merkatuak

70.000 botila betetzeko, aise mahats jasoko dute sasoikako langileek Gil Berzalen lurretan. Ekoizpen txikia izanda, bezeroak nahiko finkatuak ditu urtero bodegak, eta egindako botilen salmenta ia ziurtatua du. Hego Euskal Herrian eta Espainian saltzen duena kontuan hartu gabe, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Asia ditu merkatu nagusiak.

Hala ere, uste du kanpo merkatuetan aldaketak izan direla eta izango direla. Horregatik, egoera horietara moldatu behar direla adierazi du Gilek, baina garrantzia kendu dio, «negozio guztietan» gertatzen den zerbait dela iritzi baitio.

«Herrialde batzuk pandemiagatik erori dira, eta beste batzuk gerragatik; Errusia, esaterako. Edo Erresuma Batua, brexit-agatik. Munduan gertatzen diren gauzak dira, eta ezin ditugu kontrolatu. Edonoiz gertatu daitezke: Errusiarekin gertatu den moduan, gerragatik erori delako, edo AEBak eror daitezke, Donald Trump boterera itzuli delako eta muga zergak jarri dituelako», azaldu du.

Kalitatezko ardoa saltzen dute Gil Berzal upategian, «premium» ardoa. Eta bodegaren buruak uste du hori dela orain eskaririk handiena duena: «Gaur egun, jendeak premium ardoa bilatzen du gehien; ondo landua dena, lursailtxoetan landatua, ondo zaindua. Guk guztiz ekologikoak eta biodinamikoak diren produktuak egiten ditugu».

Kontsumoaren bilakaera

Garaiak aldatuz doaz, baita kontsumo ohiturak ere, eta ardoaren mundua ez da salbuespena. Lehen ardo gehiago edaten zela uste du Gilek, baina egun jendeak kalitatea hobesten du: «Uste dut kontsumitzaileak kalitatea bilatzen duela, eta badaki gehiago ordaindu behar duela ardo botila baten truke. Beraz, nahiago du asteburuan botila on bat edan, egunero zaborra edan baino».

Kontsumoaren beherakada hori ekoizpenaren inoizko mailarik handienarekin elkartu da. Duela hamarkadak landatu ziren mahasti horiek inoiz baino mahats gehiago ematen ari dira, eta, azken urteetan, mahats soberakin handia izaten ari da upategi batzuetan. Aurten, esaterako, hainbat diru laguntza onartu ditu Eusko Jaurlaritzak, arazo horri aurre egiteko; mahats soberakinari irtenbidea emateko, zortzi milioi euro jarri ditu Lakuak.

Gainera, aurten eta datorren urtean gehienez mahatsen %90 jaso ahalko dituzte upategiek, azken urteetako soberakin horiek gerta ez daitezen. Ekoizpenaren %10 galtzearen kalteak gutxitzeko beste 7,3 milioi euro emango ditu Gasteizko gobernuak.

Egoera horretan, Gilek uste du kontsumitzeko beste modu bat duten herrialdeek salbatu dutela salmenta pandemia garaian: «Kanpo merkatuetan, nahiz eta tabernak edo jatetxeak itxi, kontsumitzen jarraitzen dute, etxean edaten baitute. Ardoaren kontsumoa ez dago tabernarekin hain lotuta herrialde horietan». Gainera, Gil Berzal upategian «dezente» esportatzen dute, eta horrek on egin die azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.