LGTBI komunitatearen Nazioarteko Eguna. Mer Gomez. Aktibista intersexuala

«Pertsona asko ez dira intersexual gisa identifikatzen»

Gomezek azaldu du intersexualitatearen inguruko ezjakintasunak eta arau binariora egokitu beharrak patologizatu egiten dutela kolektibo hori: «Protokolo normalizatzaileak aplikatzen zaizkie».

BERRIA.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Aktibista intersexuala izateaz gain, gai horretan espezializatutako ikertzailea eta idazlea ere bada Mer Gomez (Salamanca, Espainia, 1991). Doktorego tesia ere horren inguruan egiten dabil; emakume intersexualen esperientzia pertsonalak ikertzen, zehazki. Duela aste batzuk Donostian egin zen Antropologia Feministaren Kongresuan aurkeztu zuen bere lana.

Zer da intersexualitatea?

Nik pluralean hitz egiten dut: intersexualitateak, alegia. Emakumezko edo gizonezko gorputzen bi eredu estetiko zurrun daude gaur egun, eta horietan sartzen ez direnezaugarri sexualak dauzkaten pertsonak dira intersexualak. Ezaugarriez ari naizenean,gonadei, kromosomei, genitalei eta hormonei buruz ari naiz.

Tesian nabarmendu duzu ez dela soilik gai biologiko bat; sexuarekin, generoarekin eta desirarekin ere zerikusia daukala.

Intersexualitateak, anatomia sexualarekin zerikusia duten arren, genero identitatearekin eta orientazio sexual afektiboarekin ere lotuta daude. Intersex gorputz bati buruzko diagnostikoa egiten denean, zalantzan jartzen dena da behar bezain femeninoa edo maskulinoa den eta derrigorrezko heterosexualitatearen arauari jarraituz behar bezain desiragarria ote den. Desira heterosexual hori erreproduzitzen dute; prozesu hormonalen edo kirurgiaren bitartez, gorputzak moldatzen dituzte eredu horretan sartzeko: harreman koitozentrikoetan, heteronormatiboetan, penetraziodunetan. Onartu beharrean gorputz guztiek ez daukatela zentimetro jakin batzuk dituen bagina bat, edo zentimetro jakin batzuk dituzten genitalak. Eta horregatik ez dira gaixoak. Ze gorputz dira desiragarriak, eta zeintzuk ez?

Intersexualak emakume, gizon edo ez-binario gisa identifika daitezke?

Intersexualitatea ez da hirugarren sexu bat, ezta hirugarren genero bat ere. Pertsona intersexualak emakume bezala identifikatu daitezke, gizon bezala, edo ez-binario bezala; beste edozeinek egin dezakeen eran. Ez da hirugarren sexu bat, ez baitago intersexualitate mota bat bakarrik.

Zer dakar gaur egun intersexual gisa identifikatzeak gizartean?

Gorputzen arau binarioaren barruan ez sartzea dakar, eta, beraz, horrekin bat etortzeko diskriminazioa jasatea. Gustatuko litzaidake mundu guztiak jakitea zer diren intersexualitateak; LGTBI kolektiboko I hori ondo ezagutzea. Baina ez da horrela.

Zer ondorio dauzka horrek?

Pertsona intersexual askok ezagutzen duten bakarra patologia baten diagnostikoa da: sindromeak, anomaliak, desordenak... eta patologia bat bezala bizi dute. Ez dira identitate politiko gisa identifikatzen intersexualitatearekin.

Patologizazio horretan, zer prozesu kliniko ezartzen zaie pertsona horiei?

Binarismo horretan sartzeko helburuarekin, protokolo normalizatzaileak aplikatzen zaizkie. Interbentzio kirurgikoak egin edo prozesu hormonaletan sartzen dituzte, eta pertsona bakoitzak bere gorputzaren gainean erabakitzeko daukan eskubidea urratzen dute. Hor dago arazoa: lehenetsia dutela horrela egitea, ez dagoenean ere inongo osasun arazorik. Gorputzak estetika hutsagatik eta pertsona horren gogoaren aurka ez herabetzea nahi dugu. Pertsona horiek medikuarena ez den beste ikuspuntu batzuetatik informatu behar dute, gero berek hartu dezaten erabakia.

Intersexual gisa identifikatzen direnak elkarrizketatu dituzu. Nola bizi dute prozesua?

LGTBI kolektiboko beste guztiek bezala, armairutik atera behar izan dute. Nire tesian frogatzen da lehenik eta behin beren gorputzen despatologizazio prozesu bat egin behar izan dela,gero desarmarizazio prozesu bat egin ahal izateko. Gero, horrek ahalbidetzen du kolektiboaren eskubideen alde borrokatu ahal izatea.

Zergatik da garrantzitsua intersexualen esperientzia pertsonalak azaleratzea?

Hitz egiten hasten zarenean, beste batzuen esperientziak entzuteko aukera daukazunean edo ikusten duzunean nazioartean intersexualitatearen aldeko talde ugari daudela, horren guztiaren indarra ematen dizu; ahaldundu egiten zaitu. Horrek gero politikoki parte hartzen laguntzen dizu.

Beharrezkoa da binarismoa bukatzea intersexualitatea sufrimendurik gabe bizitzeko?

Aktibismoan, askotan esaten dugu gorputz intersexualak mehatxu bat direla sistema binarioarentzat. Intersexualitatea ulertzen badugu gorputz guztiek izan ditzaketen bariazio gisa, eta ez gaixotasun bezala, ez litzateke horren binarismo zurrunik egongo. Uste dut binarismoa bukatzea utopia bat dela, baina indarra jarri behar dugula kategoria soziokultural horiek malgutzean.

Zer aldaketa egin beharko lirateke juridikoki horretarako?

Kanaria uharteetan sortu duten trans eta intersexualen legea hartu beharko genuke eredutzat. Agente intersexualek parte hartu dute legean, eta horri esker eraiki dute. Espainiako Estatuan ere LGTBI lege baten aurreproiektua egiten ari dira, eta Berdintasun Ministerioa LGTBI kolektiboekin biltzen ari da horretarako.

Zein dira zuen aldarrikapenak?

Presazkoena da eredu estetikoei erantzuten dieten genitalen mutilazioak gelditzea. Pertsona intersexualen autonomia eta osotasuna bermatzea eta ospitaleetan talde interdiziplinarrak egotea, intersexualitatean ez ezik genero gaietan formakuntza dutenak. Legeak sortzeko prozesuetan pertsona intersexualek parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.