Iker Vicente

Txapela janzteak koroatu du

Iker Vicentek lehen aldiz irabazi du aizkorako maila nagusiko txapelketa. Otsagabikoa aise nagusitu zen, eta mugarri bat ezarri zuen: inoiz izan den txapeldunik gazteena da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
<i>Gasteiz</i>
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Nire bizitzako ametsa hau da. Txiki-txikitatik hau bakarrik egin dut, nire idolo guztiak txapeldunak izan dira, eta, behin lortuta, poza ikaragarria da. Nire bizitzako egunik onena dela uste dut». Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997) Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala irabazi eta minutu gutxira esandako hitzak dira. Denbora kontua zen Vicente maila nagusiko txapeldun izatea; herenegun lortu zuen ametsa betetzea, Gasteizen.

Txapelak koroatu du Otsagabiko aizkolaria. Urteak zeramatzan onenekin lehian, eta zerbait handia egitera deitua zegoen. Noiz lortuko zuen argitu behar zen; igandean eskuratu zuen lehendabiziko aldiz haurra zenetik desiratu duen txapelketa, eta marka ezarrita lortu du, gainera: 22 urte eta 134 egunekin, lehiaketa hori inoiz irabazi duen aizkolaririk gazteena da.

Vicentek erakustaldia eman zuen Iradier Arenan. Garaipenerako hautagai nagusia izanagatik, Mikel Larrañagaren itzala gertu zuen azken asteetan, baina ahal izan zuen bezain pronto uxatu zituen zalantza guztiak. Lehendabiziko hiru enborrak segundo berean ebakita, laugarrenean bost segundoko abantaila atera zion nafarrak Larrañagari, eta enborrik handienei kolpeka hasterako hautsi zuen dema. Lehendabiziko oinbikoa ebakitzerako, minututik gorako aldea zuen Vicentek, eta unean-unean handitu zuen abantaila hori: «Hasieran, parean hasi zen Larrañaga, eta eutsian joatea lortu nuen. Oinbikoetan sartu orduko, aldea ateratzen hasi nintzen, eta lan erdietatik aurrera ikusten nuen hura eta beste aurkariak atzean geratzen ari zirela».

Pixkanaka urratutako bidea

Aldeak nabarmen hazi ziren saioaren bigarren zatian, eta hasieran bezain indartsu amaitu zuen Vicentek aizkolarien urteko hitzordu nagusia: lehen postuan. Otsagabikoak 37 minutu eta 36 segundoan geratu zuen kronoa, eta Larrañaga bigarren sailkatuarekiko izandako abantailak erakutsi zuen erraz nagusitu zela nafarra. Lau minutu eta 19 segundora geratu zen azpeitiarra, eta zazpi minutu eta 18ra Julen Alberdi Txikia IV.a, hirugarren sailkatua. Larrañagak aho bizarrik gabe aitortu zuen Otsagabikoak plazan erakutsitako nagusitasuna: «Mutil horri ezin zaio ezertxo ere kendu. Badakigu azken urteetan nola ibili den, eta zer egin duen urte guztian zehar, erakustaldietan-eta. Txapeldun handi bat da».

Adinez gaztea izanagatik, Iker Vicentek pixkanaka urratu du bidea; Otsagabikoa ez da atzo goizekoa herri kirolen munduan. Handik edan du etxean, eta haurra zela hasi zen aizkorarekin. Gazterik hasi zen garaikurrak pilatzen, eta 2015ean eskuratu zuen lehen garaipen esanguratsua. Urte hartan, Nafarroako Txapelketa irabazi zuen estreinakoz, 18 urte zituela, eta ez zuen nolanahi egin, gainera; Donato Larretxeari hartu zion aurre.

Orduz geroztik, beste hiru aldiz irabazi du herrialdeko garaikurra, eta Urrezko Aizkoran ere bina garaipen eskuratu ditu, iaz eta aurten, eta bakarka nahiz bikoteka. Horiez gain, Donostiako Urrezko Kopan eta Ramon Latasaren oroimenezko sariketa entzutetsuan ere garaipenak pilatutakoa da.

Palmares oparoa du Vicentek 22 urterekin, baina bere ibilbideko katebegirik distiratsuena falta zitzaion aizkoraren olinpoan sartzeko. Igandean jo zuen goia, eta badirudi ez dela handik berehalakoan jaitsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.