SERIEA. Udal eta foru hauteskundeak (II). Iruñea eta udalak.

Haize berria sartuko da

Enrique Maiak agur esan dio Iruñeko alkatetzari, eta, hautagaiei dagokienez, Joseba Asiron salbu, gainerakoak ez dira udal politikan arituak. Eskuina zatituta aurkeztuko denez, UPNri aurrea hartzeko anbizioa azaldu du EH Bilduk, baina inkestek diote PSNren eskuetan egon litekeela udala erabakitzeko giltza.

Enrique Maia egungo Iruñeko alkatea, udaletxeko balkoiko leihoa irekitzen. JESUS DIGES /EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun

Agur, Maia, agur. Hiru agintaldiren ondotik, Enrique Maia Iruñeko egungo alkateak adio esango dio udalari. Hura irtetean, ate-leihoak ireki eta udala haizeberritu ahal izango da, bi zentzutan. Batetik, Maiak utziko duen aginte makila har dezaketen hautagaien artean: Joseba Asiron salbu, gainerako hautagaiak ez dira aritu udal politikan iragan agintaldian. Bestetik, politikoki. UPNren lau urte gorabeheratsuak atzean utzita, EH Bilduk berriro ere udal gobernua berreskuratzea du erronka. Horretarako giltzarria PSN izan daiteke, beste behin ere; baina koalizio abertzalea, morrontza horretatik ihesi, eskuineko alderdi nagusiari lehen postua kentzeko anbizioarekin aurkeztuko da.

 

Ikusi gehiago: Udalen osaera erabakigarria da partida orokorrean

Lau urte atzera joanda, hauteskunde gauak markatu zuen agintaldi hasiera. Iruñeko Sarasate pasealekuan, Maite Esporrin PSNko zinegotziak pozarren oihukatu zuen «Agur, Asiron, agur» sonatu hura. Bat bateko ateraldi hari jarraipena eman zion PSNk hiru aste geroago: Iruñean zein beste hainbat udaletan bidea zabaldu zion eskuinari alkatetzak eskuratu zitzan. Dena den, geroztik garraztu egin dira Navarra Sumaren eta PSNren arteko erlazioak. Navarra Sumak sozialisten beharra zuen, baina ez dira gai izan haiekin akordio iraunkorrak egiteko.

Hori batik bat aurrekontuetan islatu da. PSNk lehen aurrekontuen kontra bozkatu zuen, baina bigarren urtean pandemiak eragindako egoera bereziak parez pare ireki zion Maiari akordioaren aukera. Ezohiko egoera larria ikusirik, sozialistek 2021eko aurrekontuak babestu zituzten zuzenketen bidez. Horrek arnasa eman zion Maiari, agintaldia amaitu arte oposizioaren presioari izkin egin eta bederen aurrekontu luzatuekin funtzionatu ahal izateko bermea ziurtatu ziolako. Paradoxikoki, haren ezintasun politikoa islatu du. Hitzartutakoa bete ez zenez, PSNk ituna hautsi zuen.

Haustura udal politikako beste gai nagusietan ere islatu da. Adibidez, Erorien Monumentua —faxistek altxatua, 1936ko gerran euren bandoan hildakoen omenez— berritzeko proiektua aurkeztu zuen udalak, memoria historikoko aldarrikapenei muzin eginez. PSNrekin akordioa bazuen ere, sozialistek kontra bozkatu zuten, EH Bildurekin eta Geroa Bairekin elkar harturik. Haien presioari men egitea aurpegiratu zien Maiak sozialistei.

Beste mugarri garrantzitsu bat iazko otsailaren 2an gertatu zen. Lan erreforma aurrera atera ahal izateko, PSOEk akordioa erdietsi zuen UPNrekin: Kongresuan aldeko botoa jasotzearen truke, Iruñeko Udalean inbertsioei baiezkoa emango zien PSNk, eta Maiaren gaitzespenari ezezkoa. Akordio haren berri eman zuenean, Esporrinek ez zuen ezkutatu atsekabea, eta arratsalde hartako osoko bilkuran UPNren inbertsioak babestu zituen. Handik gutxira jakin zen Sayas eta Adanero diputatuek ez zutela bete UPNren agindua, eta, suminduta, Maiaren aurka egin zuen. Pasarte horrek ondo islatzen du PSNren eta Esporrinen hiru urteko bilakaera.

UPNren estrategiak ere baldintzatu du PSNren jarrera aldaketa: Tuterako eta Iruñeko udalak Nafarroako Gobernuari oposizioa egiteko erabili ditu eskuinak. Adibidez, udal erreforma eta batik bat finantzaketa berria suhar kritikatu ditu Maiak, eta berriki Nasuvinsarekin akordioa hautsi du, hitzartutako orubeak enkantera atera eta etxebizitzak sustatzeko asmoz.

Azken emaitza zera izan da, UPN bakarrik geratu dela. Udalaren gai gehienetan besteak beste, Sarasate pasealekua, Gurutze plazako aparkalekua, Sanduzelaiko biribilgunea eta Labriteko pasarela, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik elkarrekin jardun dute. Bakartuta eta etsita, oposizioari jaramonik egin gabe eta alde bakarreko erabakiz ahal duen proiektuak aurrera ateratzeko asmoa agertu zuen Maiak agintaldi amaieran, bere ezgaitasuna agerian utzirik.

Maiaren agurra

Eta horrek guztiak, zeharka, ondorioak izan ditu hauteskundeei begira UPNk hartutako erabakietan. Diario de Navarra-k azaroaren 22an aurreratu zuen Maia ez zela aurkeztuko, eta zerrendaburu izateko udaleko hiru zinegotziren izenak aipatu zituen. Biharamunean, egunkari horrek, alderdiko iturriak aipatuz, beste hautagai baten berri eman zuen: Cristina Ibarrola parlamentaria. Informazio hori ikusirik, haserre, Maiak errespetua eskatu eta iragarri zuen erabakia urte amaieran emango zuela. Ematen zuen UPNko presidenteordeak politikoki zalantzak zituela, baina, azkenean erabakia hilabete eta erdiz atzeratu ostean, bere agurra berretsi zuen. Jarraian baieztatu zuen UPNko hautagaia Ibarrola izango zela.

Barne krisi baten erdian dagoen alderdi batentzat kaltegarria izan da Maiaren antzezpen hori guztia. Alabaina, Ibarrolaren aldeko hautuak Maiaren kudeaketaren gaineko zeharkako kritika ere adieraz dezake. Izan ere, parlamentuko oposizioan nabarmendu den konfiantzako pertsona saritu du Esparzak, eta ez du hautatu Maiaren taldeko inor; euren esku zegoen instituzio nagusiko kudeaketan aritutako inor, alegia. Are gehiago: zerrendako bigarren posturako Carlos Salvador izendatu du.

Parlamentukoarekin gertatu bezala, UPNk oraindik ez ditu aurkeztu udaleko zerrendak, eta aulki jokoak tentsioa eta ezinegona eragin du hautetsien artean. PPrantz alderdiko kide gehiago joango ote diren: ziurrenik horren beldurrak eragin du atzerapena. Kontuan hartu behar da egungo udal taldeko bik —Fermin Alonso eta Maria Barberena— Sayasi eman ziotela babesa alderdiaren azken kongresuan, 2020an.

Tentsio giro horrek adierazten du Navarra Sumaren hausturak min egin diola UPNri. Iruñeko alkatetza eskuratzeko lehen postua berreskuratu beharko luke, eta PPk eragin diezaiokeen higaduraren arabera arriskuan egon daiteke hori. PPk, lehia horretan, Nafarroako politika goitik behera ezagutzen duen bat hautatu du, Carlos Garcia Adanero, eta hark aldi berean sari bikoitza izan dezake: hautetsi izanda, bateragarri zaio Kongresurako zerrendetan aurkeztea udazkenean.

EH Bilduk bere alde baliatu nahi du mugimendu hori. Asiron bigarren aldiz alkate izateko eta PSNren menpe egon behar ez izateko, UPNri gailendu beharko litzaioke koalizio abertzalea. Hauteskundeak irabazteko anbizioa azaldu du jendaurrean. 2019ko emaitzei begiratuz gero, aldea handia da: EH Bilduk 26.700 boto lortu zituen orduan, eta Navarra Sumak 43.700. Dena den, eskuinaren zatiketak noraino eragingo ote dio UPNri? Voxek, Ciudadanosek eta batik bat PPk UPNri emango dioten hozkadaren arabera, aldea apika ez da hain handia izango —2015ean, adibidez, UPNk 31.700 lortu zituen—.

EH Bilduren mezua

Horregatik, politikoki, EH Bilduk mezu argia emango du kanpainan: EH Bildu da eskuinari aurre egin eta ezkerreko udal aurrerakoi bat nahi duen ororentzat aukera bakarra; PSNren alde bozkatuz gero, berriz, oso litekeena da 2019koa errepikatzea. Mezu politiko horrekin batera, UPNren hiri ereduaren aldean erabat diferentea den proiektu bat aurkeztuko du, eta, ondorioz, koalizioan konbentzituta daude irabazteko aukera errealak izango dituztela.

UPNren eta EH Bilduren aldean, PSN «independentistak edo kontserbadoreak ez direnen alternatiba gisa» aurkeztuko da. Gobernuko eredua udalera eraman nahi du, emaitza onak lortu eta EH Bilduren aurretik geratzeko itxaropenarekin. Inkestek diote atzetik geratuko dela, baina udal gobernua erabakitzeko giltza izango duela, 2019an bezala. Sozialistek iradoki dute, eta kanpainan maiz entzungo da, euren hautagairen alde bozkatuko dutela. UPNren eta EH Bilduren presioari izkin egin nahi diote, baina benetan prest egongo al dira udala eskuinari emateko baldin eta UPN lehen indarra bada?

Geroa Baik eta Zurekin Nafarroa koalizioak ere izan dezakete zeresanik, baldin eta euren baturak eskuinarena gainditzen badu. Geroa Baik Koldo Martinez aurkeztu du zerrendaburu. 2019an EH Bildurantz joandako boto ihesa eragotzi nahi dutela dirudi.

Nafarroa Zurekin-eko indarrak banatuta aurkeztu ziren 2019an, eta udalean sartzeko behar den gutxienekoa, botoen %5, ez zuten eskuratu. Hutsegite hori konpontzeko asmoz elkartu dira, eta teorian aise lortu beharko lukete helburu hori. Ikusi beharko da baliagarri izatea lortzen duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.