Donostiako turismo politika

Turismoak goia jo du, donostiar gehienen iritziz

Herritarren %65ek uste dute «turismo saturazio handia» dagoela hirian, udalak Ikertalderi eskatutako azterketa baten arabera

Turista talde bat, atzo, Donostiako Alderdi Eder lorategian, bisita gidatu batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak 2023-2027 aldirako onartutako Turismo Plana ontzeko, turismoak Donostian duen eraginaren diagnostiko bat egin du Ikertalde ikerketa taldeak, udalak berak eskatuta. Ikerketa horren arabera, donostiarren %65ek uste dute hirian «turismo saturazio handia» dagoela; bestela esanda, bisitari kopuruak goia jo duela Donostian.

Ikusi gehiago:Paradoxa bat kasino zaharrean

Izan ere, abuztuan 97.836 bisitari izan dira Donostian —txangozaleak kontuan izan gabe—, Eustaten arabera. 2011tik, Donostian ia bikoiztu egin da hoteletako bezeroen kopurua; %86 handitu da, hain zuzen. Turismo planaren arabera, 2017tik gutxienez 30 hotel gehiago daude Donostian, eta 2.356 laguni eman diezaiekete ostatu. Donostiako Udaleko Hirigintza Sailaren arabera, iazko uztailean 1.288 etxe turistiko zeuden Donostian, 5.678 lagunentzako lekuarekin.

Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen, Antiguan eta Amara Berrin daude, udalaren arabera, Donostiako hotelen, etxe turistikoen, tabernen eta jatetxeen %68.

Turismoaren hazkunde nabarmena adierazten duten datu horiek emateaz gain, Ikertaldek egindako inkestaren emaitzak ere badakartza Turismo Planeko diagnostikoak. Esaterako, donostiarren %35 inguru bisitari kopurua mugatzearen aldekoak dira —%46 Parte Zaharrean—, eta %68k uste dute ez litzatekeela turista gehiago erakarri beharko; goi denboraldian galdetuta, %78k adierazi dute hori. Alde horretatik, herritarren %54k pentsatzen dute udalak ez duela oso ondo kudeatu turismoa; Parte Zaharrean, proportzio hori %63ra handitzen da.

Ikertalde taldeak egindako azterlanaren beste ondorioetako bat da donostiarren %38k sentitzen dutela jarduera turistikoak kalte egiten diela. Are, herritarren erdiek baino gehiagok adierazi dute —%52k— beren ohiko aisialdi eremuetatik kanporatuta sentitzen direla. «Donostiar askok aitortzen dute jada ez direla Parte Zaharrera gerturatzen, turistifikazioagatik», dio ikerketak. Turismoaren hazkundearen ondorioetako bat «euskararen atzerakada» ere badela nabarmendu du Ikertaldek.

Elitizazioa mehatxu

Donostiako Turismo Planak mehatxutzat jotzen du turismo ereduak «hiria elitizatzeko daukan joera». Aldiz, aukera gisa, hau identifikatu du udalak: «Egungo turismoaren joerek aukerak sortzen dituzte Donostia bezalako balio erantsi handiko helmugentzat».

Donostian tasa turistiko bat ezartzeari buruz dagoen eztabaidari ere heldu dio turismo planak. Herritarrei galdetu diete ea beharrezkoa ikusten duten tasa turistiko bat ezartzea, eta %56k baietz erantzun dute.

Ikerketaren lagina 690 lagunek osatu dute, eta elkarrizketa gehienak telefono bidez egin dituzte. Halere, 141 kideri aurrez aurre egin dizkiete galderak, hiru lekuotan: Parte Zaharrean, Artzain Onaren katedralaren aurrean eta Ibaetako campusean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.