Gonzalo Boye. Abokatua

«Ikerketa eraginkor bat nahi dugu delituak egin diren toki guztietan»

Politikari independentisten espioitza argitzeko, epaitegien bidea lehenetsi du Gonzalo Boye abokatuak. Delituak hainbat herrialdetan egin direnez, haietan guztietan egin beharko dira ikerketak, haren esanetan.

ANDREU DALMAU / EFE.
inaki petxarroman
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren abokatua da Gonzalo Boye (Vina del Mar, Txile, 1965). Pegasus programaren bidez zelatatuetako bat ere bada. Ikerketa eraginkor bat du helburu, delituak egiten ari direnak zigor gabe gera ez daitezen.

Margarita Roblesek justifikatu du politikari independentisten espioitza. Zer esango zenuke?

Ikuskizun penagarri bat da. Emakume bizkortzat jo izan dut Robles, eta ez zait iruditzen esan duena bat datorrenik bera bezalako pertsona batengandik espero daitekeenarekin.

Herenegun ere ohartarazi zuen akusazio faltsuek ondorio penalak izan ditzaketela. Defentsarik onena eraso on bat da?

Ministroak arrazoia du, eta gauza bera esan behar diogu guk: berriz ere akusazio faltsuak egozten badizkigu, kereilak jarriko ditugu guk ere.

Zein izango da zuen estrategia juridikoa?

Oraindik ez dugu estrategia juridikoaz hitz egin nahi, baina agerian utzi nahi dugu dugun xedea: ikerketa eraginkor bat nahi dugu delituak egin diren toki guztietan.

Hau da, Espainiako Estatuan ez ezik, Europako beste hainbat herrialdetan ere.

Hain zuzen ere, zeren delitu hauek eragin digute Europako herritar batzuei Europako Batasuneko hainbat herrialdetan.

Auzi honek nazioarteko oihartzuna izatea da zuen helburua?

Norbaiten enkarguz jazotako gertaerak dira, NSOrekin lotura duten hainbat enpresak eta pertsonak egindakoak. Eta Espainiako Estatuan dauden pertsona batzuek agindutakoak dira, gainera, jurisdikzio ezberdinetan. Gertaera guztiak AEBetako hedabide batek kaleratu ditu, Kanadako Institutu baten peritu txostenean oinarrituta. Ez dakit zer nazioartekotze gehiago eskatu daitekeen.

Europako Batasunak ikerketak ditu irekita Hungarian eta Polonian. Nola eragin dezakete horiek kasu honetan?

Erne. Hungarian, Polonian eta Espainian. Gaur [atzo] Defentsa ministroak egindako diskurtsoak eremu horretan ezarri du auzi hau.

Esan nahi duzu asumituta daukatela ikerketa hori zabalduko dela auzi honetara ere?

Zalantzarik gabe. Eta baita Israelen eta Mexikon egiten ari direnak ere. Jurisdikzio askotan egin den delitu bati buruz ari gara. Eta delitugileak oso boteretsuak eta arriskutsuak dira.

Gobernuak dio espioitza legez egin dela. Adierazpen horietatik interpretatu behar dugu CNI izan dela egilea?

Ez. Niri ez dit ministroak esango non ikertu behar dugun. Guk ikerketa eraginkor bat nahi dugu, eta ez ministroak nahi duenaren neurrikoa. Demokrazian estatuek ez dute zelatatzen, eta ministroek ez dute mehatxurik egiten.

Sekretu ofizialen batzordea da bide bat ikerketa eraginkor hori aurrera eramateko?

Gure ustez, delituak egiten direnean, bideak beti epaitegira eraman behar du. Horrek ez du kentzen kongresuan batzorde batek argitzea erantzukizun politikoak.

Sekretu ofizialen legea da arazoa, batzuek esan duten bezala?

Ez dago inpunitatea aterpe dezakeen legerik. Batzuk ohitu dira lege batzuk erabiltzen horretarako, izan amnistiaren legea izan sekretu ofizialena.

Hedabide batek kaleratu du Puigdemonten kolaboratzaile baten telefonoa kontrolatu zutela ihesean zebilela.

Gai hori gertutik ezagutzen dut. Badakigu nola atxilotu zuten, zer elkarlan egon zen polizien artean. Badakigu zenbat zekiten eta ez zekiten.

Eta zer ondoriozta dezakegu?

Operazio hori zuzendu zutenek ez zutela formazio juridiko onik.

Nola bizi duzu jazarpenaren biktimetako bat izatea?

Kezka sortzen dit abokatu gisa zenbait bezeroren sekretu profesionala urratzeak. Herritar gisa kezkatzen nau gure intitmitate guztia urratu izanak, eta kezkatzen nau babestu nahi izateak horren jende boteretsua eta arriskutsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.