Gainezka egin du emozioak

Egun handia bizi izan dute Usansoloko herritarrek. Goiz-goizetik autobusez abiatu dira Gernikara, eta bozketaren emaitza jakin dutenean hunkitu egin da bat baino gehiago.

gotzon hermosilla
Gernika-Lumo
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Gogorarazten dizuet gonbidatu gisa etorri zaretela, eta, beraz, aldeko edo kontrako adierazpenik ez egiteko eskatzen dizuet». Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduiren hitzak izan dira, Gernikako juntetxean lehen txaloak entzun direnean. Aretoa betetzen zuten usansoloztarrek zorrotz bete dute eskatutakoa, baina batzuetan zail egin zaie emozioari eustea. Izan ere, bide luze eta malkartsua izan da Batzar Nagusietako bozketara iritsi ahal izateko egin behar izan dutena.

Ikusi gehiago:«Erronkari heltzeko gogotsu gaude, eta ikasteko gogoz ere bai»

Goiz-goizetik, hainbat autobus abiatu dira Usansolotik Gernikara, herritar ugarik bertatik bertara ikusi nahi zutelako Batzar Nagusietako bozketa. Haietako asko juntetxera sartu dira, eta gonbidatuentzat gordetako lekuak bete egin dituzte; beste zenbait kanpoan gelditu dira, barruan gertatzen ari zenari adi.

Aretoko pantailan bozketaren emaitzak agertu direnean ez da txalorik edo antzekorik izan, baina askoren bisaietan nabarmena zen hunkidura. Eztabaida bukatu eta batzarkideek gai zerrendako hurrengo puntuari ekin diotenean, Usansoloko herritarrak aretotik atera dira, eta, orduan bai, pozak eta emozioak gainezka egin dute. Kanpoko aldean, adarren soinuekin eta trikitiarekin hartu dituzte ateratzen ari zirenak, eta malko eta besarkaden txanda izan da.

«Egun handia da, itzela», esan du Marisa Gonzalezek, oso hunkituta. «Emozio asko daude barruan: jende asko egon behar zen hemen, eta ez daude joan egin zaizkigulako. Oztopo asko eduki ditugu bidean, baina txalo bat jasotzen genuen bakoitzean, indar handiagoz altxatu gara. Beti pentsatu dugu hau helduko zela, eta azkenean heldu da, Bazen ordua!».

Ikusi gehiago:Bizkaiko Batzar Nagusiek oniritzia eman diote Usansolo udalerri bilakatzeari

Hozkailu batzuetatik xanpain botilak atera, eta topa egin dute usansoloztarrek. Pastelak ere banatu dituzte. Kantu, barre, negar eta besarkada erauntsiaren erdian, Galdakaoko alkate Iñigo Hernando izan da lasaitasunari eutsi dion bakanetako bat: «Gobernuan sartu ginenean konpromisoa hartu genuen, usansoloztarren hitza errespetatu egin behar zela. Prozesua abiatu genuen, bide eman genion eta honaino iritsi gara, bi urteren ostean». Esan duenez, Galdakaoko Udalak bete egin du foru araua, eta, orain, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek esango dutenaren zain gelditzen dira: «Beraiek esango digute zer pauso egin behar den, apurka-apurka eta lasaitasun osoz segregazioa aurrera eramateko».

Piti Castranado Basaurin (Bizkaia) jaiotakoa da, baina duela 13 urte jarri zen Usansolon bizitzen: «Hasiera-hasieratik oso ondo hartu gaituzte. Herria familia baten modukoa da, eta nik beti izan dut argi Usansolo herri bat dela, herri baten ezaugarri guztiak dituela, eta leku guztietan esan dut beti Usansolon bizi naizela, paperetan Galdakao agertu arren. Gaur oso pozik nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.