22. Korrika. Amurrio-Ugao

Indarrez jalgi da plazara

Abiatu da 22. Korrika, Amurriotik, milaka lagunen babespean. Hitzetatik ekintzetara igarotzeko eskatu diete antolatzaileek herritarrei nahiz erakundeei, eta euskararen aldeko «uholdea» sortzeko

Amurrioko AEK-ko irakasleek hartu zuten lekukoa lehen kilometroetan. Jende oldeak jarraitu zien. RAUL BOGAJO / FOKU.
Julen Aperribai.
Amurrio
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bazuen bustitzeko beharra, eta blaitu egin da, milaka herritarrez eta euskararen normalizazioaren aldeko urratsez. Hasi da Korrika Amurrion (Araba), eta lekukoa eskuz esku dabil jadanik. Hala ibiliko da hamar egunez, harik eta hilaren 10ean Donostiara iritsi arte. Euskararen aldeko egitasmo sozial handienak bazuen beharra plazara itzultzeko, eta hala erakutsi du lehen unetik.

Premia horixe nabarmendu du Aitziber Balantzategi AEK-ko kideak ere, lasterketa abiatu baino minutu gutxi lehenago: «Plazak hutsik geratu zitzaizkigun, baina hemen gaude, berriro ere kalean, plazan, errepidera salto egiteko prest». Izan ere, pandemiak hizkuntza eskubideetan atzerapausoak ekarri dituela gogoratu du, eta halako gehiagorik ez onartzeko, euskararen aldeko «uholdea» sortzera deitu; nor beretik, hitzetatik ekintzetara igarotzera. Norabidea ere zehaztu du; hizkuntza politika eraginkorrak eta euskararen ezagutza unibertsalizatzeko eskatu du: «Euskaraz biziko bagara, gure hizkuntzaren ezagutza unibertsala bermatu behar dugu, eta orain eraiki horra eramango gaituzten bideak».

Donostiarako bide bihurritua, behintzat, hartu du lekukoak. Amurrioko AEK-ko lau irakaslek jarri dute lasterka. Hala, herri hori eta Aiaraldea euskalduntzen egindako lana aitortu diete belaunaldi ezberdinetan horretan jardun dutenei eta dihardutenei. Omenalditzat eta egindako lanaren aitortzatzat jaso dute, halaber, eskualdea Korrikaren abiapuntu izatea bera ere. Herritarren inplikazioa nabarmendu du Aintzane Praderak, lekukoa behin igarota ere «arrastoa» utziko duen konbentzimenduz: «Auzolan erraldoi bat izan da hau antolatzea».

Esanahi handikoak izan dira lehen kilometroak eskualdeko herritarrentzat, eta baita bertako borroken eta lan gatazken erakusle ere. Tubacex eta Artiach enpresetako langileek nahiz Galder Barbado Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiaren zain den gaztea izan dira lekuko eramaileak, besteak beste. Ekialdera egin du, ondoren, eta Enkarterrin sartu-irtena egin eta gero, atzera ere Aiaraldera egin du. Jendetza zuen zain Laudion.

Eraldaketarako baldintza

Izan ere, euskarari hauspoa ematen dioten herritarrak asko dira eskualdean, erdarak kaleak oraindik ere bereak baditu ere. Sostengutik harago, euskara erdigunean kokatu eta balio eraldatzaileekin lotutako proiektu bat ere bada, azken urteetan indarra hartzen ari dena: Laudion kokatutako Aiaraldea Ekintzen Faktoria. Oinarrizko galdera bati erantzuten dio proiektuak, Gartzen Garaio kidearen arabera: «Euskaraz dakiten horiek zergatik erabiliko dute?». Nagusiki gazteleraz bizi diren eremu batean, horretarako arrazoiek garrantzia dutela iritzita, euskara eraldaketa sozialarekin lotzeaz gain, haren erdigunean kokatu zuten: «Euskarak balio behar du ondo bizitzeko, hobeto bizitzeko. Euskararen balio erantsiak izan behar du mundu berri baterako atea izatea; bestela, belaunaldi berriek ez dute inolako atxikimendurik izango».

Egiaztapen horretatik, arloz arlo eraldaketa soziala sustatuko duten proiektuak garatzea dute xede, betiere euskararen biziberritzea helburu gorena izanik. Norbere interes pertsonalak behar komunitario bihurtu, eta behar horiek euskaraz ase. Hala jarduten dutela nabarmendu du Garaiok; hots, euskararen bandera haizatu baino nahiago dutela euskara proiektu eta balio eraldatzaileen eroale gisa aurkeztu.

Aiaraldea hedabidea eratu zuten lehenik, «erdaraz bizi den eskualde bat euskaraz kontatzeko», Garaioren esanetan. Adar berriak atera zaizkio proiektuari gerora, ordea: elikadura burujabetza, hezkuntza, feminismoa, kultur sorkuntza... Baita horien guztientzako aterpea ere: 750 metro koadroko espazioa. 510 familia-unitate bazkide dituzte. Euren eta langileen artean sostengatzen dute proiektua, bestelako menpekotasun edo laguntzen beharrik izan gabe.

Modu horretan, proiektuaren bueltako komunitatea ere hazi egin dela azaldu du Garaiok: «Lehen bost-sei urtetan gure bazkideak ziren euskarazko komunikabideak sustatu nahi zituztenak eta konpromisoagatik dirua ematen zutenak, baina, egun, elikaduran interesa duten pertsonak ditugu, hezkuntzan, feminismoan... Ari da sortzen komunitate bat euskarak lotzen duena, interes partikularretatik abiatuta».

Salbuespen izatearen zama

Euskara erdigunean jartze horrek, dena den, badakar kontraesanik eta zailtasunik, Garaiok aitortu duenez. «Espazio seguru» izan nahi du faktoriak, azaldu duenez, bai bazterreko kolektibo ororentzat, baina baita euskararentzat ere. Ekosistema hori une oro zaintzen saiatzen dira, erdara gailendu dadin eragotziz, eta horrek erabaki «gogorrak» hartzera ere eramaten dituela onartu du: «Adibidez, kultura euskaraz soilik programatzen dugu. Emanaldiaren %85ak euskaraz izan behar du». Edo bazkideek jangela erabiliz gero, bermatu beharra dute ez dela gaztelania nagusituko.

Halakoen «protokoloak sortzen» saiatzen ari dira orain, zehaztu duenez, baina aitzindari eta salbuespen izateak erabaki ausartak hartu behar izatera eramaten ditu: «Indarkeria matxistarekin badaude protokoloak, baina hizkuntzarekin ez dago erreferentziarik».

Gasteiz, lehen hiriburua

Bigarren eguna Bizkaian hasiko du Korrikak. Besteak beste, Galdakao, Arrigorriaga, Basauri eta Durangaldeko herriak igaroko ditu lehen orduetan. Goizean, berriz, Deba ibarrean ibiliko da, eta handik Araba aldera egingo du. Hain justu, Gasteiz izango da lasterketak igaroko duen lehen hiriburua. Azken Korrika hantxe amaitu zen, eta arratsaldean iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.