Gernikako Estatutuak 40 urte. Negoziazioak

JOKO ZELAIAREN AZKENEKO MARRA

Autonomia estatutuak onartuta, trantsizioaren prozesua amaitu eta gaur arte iraun duen ziklo politiko luze bati eman zitzaion hasiera; joko politikorako esparrua zedarriturik gelditu zen. Orain berrogei urte bete dira Gernikako Estatutua onartu zenetik; bidea argi-ilunez beterik egon da.

gotzon hermosilla
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza onartuta, nolabaiteko bukaera eman zitzaion Franco diktadorea hil ostean abian jarritako trantsizio prozesuari. Erreforma Politikorako Legea onartu, Espainiako Gorteetarako bozak egin, eta konstituzioa indarrean sartu ondoren, Autonomien Estatutua deritzonarekin taxutu zen orain arte iraun duen egitura instituzionala, eta joko politikorako esparrua ongi zedarriturik gelditu zen.

Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako autonomia erkidegoa ezartzen zuen Gernikako Estatutuak. Indar politiko gehienak haren alde agertu ziren —Herri Batasuna eta Alianza Popular adostasun horretatik kanpo gelditu ziren—, eta hiru lurraldeetako herritar gehienek baiezkoa eman zioten egitasmoari, abstentzioa handia izan zen arren. Urriaren 25ean 40 urte bete dira erreferenduma egin zutenetik.

Geroago iritsiko ziren arauaren garapena, instituzio egitura osoa antolatzea, transferentziak, Ertzaintza, Osakidetza eta EITBren sorrera, eta, horrekin batera, LOAPA prozesu autonomikoa egokitzeko legea, eskumenen inguruko tirabirak eta autonomia mugatzeko bestelako saioak. Berrogei urte geroago, estatutuak osorik bete gabe dirau.

Franco hil ostean, eragile politikoek bazekiten Euskal Herriaren autogobernuaren aldeko aldarriari erantzun bat ematea zela askatu beharreko korapiloetako bat. Aurrekariak ere argiak ziren: Espainiako Errepublikaren garaian, etengabeak izan ziren euskal lurraldeek euren burua gobernatu ahal izateko eskaera eta saiakerak —1931ko Lizarrako estatutu egitasmoa izan zen garrantzitsuena— , eta, azkenik, gerra hasita zegoelarik, Espainiako Gorteek onartu zuten 1936ko urriaren 1ean autonomia estatutua, soilik Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari eragiten ziena eta frankisten garaipenak errotik moztu zuena.

Eusko Kontseilu Nagusia

Espainiako Gorteetarako 1977ko hauteskundeen ondoren, euskal hautetsiek Euskal Parlamentarien Batzarra sortu zuten, autogobernuaren eskaria bideratuko zuen lehen erakundea eratzeko xedez. Hortik jaio zen EKN Eusko Kontseilu Nagusia 1978ko urtarrilean. Behin-behineko gobernu modukoa zen Kontseilua, haren eginkizun nagusia erakunde autonomikoak sortzeko bidea prestatzea izan bazen ere; EKN indarrean egon zen bitartean, atzerriko Eusko Jaurlaritzak ere bere horretan jarraitu zuen, eta hango lehendakari Jesus Maria Leizaola ez zen Hego Euskal Herrira itzuli 1979ko abendura arte, estatutua onartu ostean.

Bi erakundeak —EKN eta atzerriko Jaurlaritza— aldi berean indarrean egotea tentsio iturri izan zen, jeltzaleen eta sozialisten artean bereziki. Eta berdin gertatu zen EKNren presidentearen aukeraketarekin: jeltzaleek uste zuten haiei zegokiela erakunde horren gidaritza hartzea Juan Ajuriagerrari, zehazki, baina, azkenean, Ramon Rubial sozialista historikoa hautatu zuten presidente.

1978ko azaroaren 20an —Franco hil zenetik hiru urte betetzen ziren egunean— Parlamentarien Batzarra bildu zuen EKNk, eta han erabaki zuten batzorde bat sortzea, autonomia estatutuaren zirriborroa prestatuko zuena. Honako hauek izan ziren batzordea osatu zutenak: EAJko Xabier Arzalluz, Jose Angel Cuerda, Kepa Sodupe eta Carlos Garaikoetxea; PSEko Txiki Benegas, Jose Antonio Maturana, Enrique Iparragirre, Luis Alberto Agiriano eta Carlos Soltxaga; UCDko Juan Etxebarria Gangoiti, Jesus Viana eta Jaime Mayor Oreja; EEko Juan Maria Bandres eta Mario Onaindia, eta ESEIko Gregorio Monreal.

Batzordeak hainbat proposamen jaso zituen estatutuaren egitasmoa lantzeko, hamazortzi orotara; alderdi politikoek egindakoak zeuden, baina baita Euskaltzaindiak, Ikasleen Gurasoen Elkarteak eta bestelako elkarte eta erakundeek ondutakoak ere.

Gregorio Monreal (Etaiu, Nafarroa, 1942) ESEIren ordezkaria izan zen batzorde horretan. Dioenez, estatutua «EAJren eta PSOEren arteko itunaren ondorioa» izan zen. «Adostasun hori atzerriko Jaurlaritzatik zetorren, eta 1977ko maiatzean gauzatu zen, Iruñean, Maisonnave hotelean sinatutako konpromiso autonomikoan. Funtsezkoa izan zen prozesua aurrera ateratzeko».

Monrealek gogorarazi duenez, EAJk abstentzioaren aldeko jarrera hartu zuen Espainiako Konstituzioaren erreferendumean: «Horren ondorioa izan zen Euskadi erreforma politikotik kanpo gelditu zela —ez naiz legezkotasunaz ari, zilegitasunaz baizik—, eta konstituzioaren erreferendumaren emaitzak ikustea baino ez dago horretaz jabetzeko. Konstatazio horretatik ekiten zaio estatutua idazteari. Estatutua izan zen azken aukera Euskadik erreforma politikoa asumitzeko, eta orduan EAJren eta PSOEren arteko adostasuna guztiz berreskuratu zen».

Eztabaidak EAJk aurkezturiko testuaren gainean egin ziren. Bilera gehienak Gasteizen egin zituzten, eta azkena, Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan; Monrealek ondo gogoratzen du datu hori, bilera amaitutakoan, etxerako bidean, istripu txiki bat izan zuelako autoarekin. Azken testuari 1978ko abenduaren 29an eman zion oniritzia Euskal Parlamentarien Batzarrak, Gernikan —hortik hartu zuen Gernikako Estatutua izendapena—.

Egun horretan zabaldu zen autonomia estatutuen proposamenak aurkezteko epea, eta horrek nolabaiteko lehia piztu zuen proiektuak aurkeztu behar zituzten herrialdeen artean, Espainiako Kongresuak iritsi ahala aztertu eta tramitatuko zituelako estatutu zirriborroak. Auzia ez zen soilki denbora kontua, edo lehenak izateko guraria: alderdiak beldur ziren lehenbizi eduki apaleko estatutu bat onartuz gero horrek ez ote zuen ezarriko nolabaiteko langa atzetik etorriko zirenentzat. Gernikakoa izan zen aurkezturiko lehen estatutu proiektua: UCDko parlamentari Juan Etxebarriak eraman zuen, hegazkin pribatua hartuta.

Negoziazioa

Baina, horrekin, Gernikako Estatutuaren bidea hasi baino ez zen egin. Ekainaren 25erako epea zabaldu zen aldaketak proposatzeko, eta egitasmoaren artikulu guzti-guztiek izan zuten zuzenketa edo aldaketa proposamenen bat. Hortaz, batzorde bat eratu zen horren inguruan eztabaidatzeko. Espainiako Batzorde Konstituzionaleko kideak eta euskal parlamentariak zeuden talde horretan, baina, praktikan, EAJren eta UCDren ordezkarien arteko negoziazioa izan zen.

«Txus Viana izan zen UCDren ordezkari nagusia estatutua idazteko batzordean», gogoratu du Monrealek, «eta hark esaten zuen: 'Zuek hitzarmena egin; gero, San Jeronimo karreran itxarongo zaituztegu' [Espainiako Gorteetako helbidea da hori]». Hala izan zen. Luzea eta gogorra izan zen eztabaida, EAJko negoziatzaileek —Xabier Arzalluzek, Emilio Gebarak, Mitxel Unzuetak, Marcos Bizkaiak eta Juan Mari Ollorak— inoiz aitortu dutenez. Azkenean, uztailaren 18an lortu zuten akordioa, ezarritako epea baino egun bat lehenago.

Monrealek dioenez, proposamenetik behin betiko testura aldaketa gutxi egon ziren, baina «esanguratsuak»: «Garrantzitsuena izan zen eskumenen inguruko zenbait artikulutan estatuaren lege organikoei kalterik egin gabe esapidea gehitu zela. Hori sartu zen beste biderik ez zelako egon, baina estatutua garatzeko fasea iritsi zenean, izugarrizko garrantzia hartu zuen: eskumen batek egon behar badu Madrilen ebazten den lege organikoaren pentzudan, hori autogobernuarentzat hilgarria da».

Patxi Zabaleta (Leitza, Nafarroa, 1947) HBko Mahai Nazionaleko kide zen erreferendumaren inguruko kanpaina iritsi zenean. Koalizio abertzaleak abstentzioaren aldeko hautua egin zuen: «Garai hartan oraindik bazegoen erreformaren eta hausturaren arteko lehia. Herri Batasunak ezetza eman zion konstituzioari, eta Gernikako Estatutuaren galdeketan abstentzioa eskatu zuen konstituziotik sortzen zen testua zelako. Ez zuen errespetatzen Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea. Gainera, prozesua izugarrizko presarekin egin zen, lehenbailehen nahi zutelako agintaritzaren zati bana horren alde zeudenek, eta ez zioten ezeri itxaron nahi».

Zabaletak uste du Gernikako Estatutua «zaharkiturik» gelditu dela, «eta horren froga nagusia da ez dela bete. Horretan estatuari eta zentralismoari botatzen zaio errua, eta badu, baina ahulezia hori dator estatutuak ez dituelako beharko lituzkeen heldulekuak bere edukia betearazteko».

Estatutuak zituen «gabeziak» ikusita, «Herri Batasunak ikusi zuen estatutu hori ezin zela onartu, gauzak beste era batera egin behar zirela. Eta uste dut denborak arrazoia eman digula, 40 urte geroago oraindik ari direlako transferentzia batzuen inguruan negoziatzen, eta, gainera, beste aldeak eskuak erabat libre dituelarik. Euskal agenda, azken finean, gabezien zerrenda errekonozitzea da. Euskal agendaz hitz egiteak lotsa eman beharko luke».

Jose Angel Cuerda ere (Gasteiz, 1934) egon zen estatutua idazteko batzorde horretan, baina, dioenez, bere ekarpena «hutsaren hurrengoa» izan zen beste eginkizun batzuk zituelako. Uste du estatutuarekin irekitako aroa «positiboa» izan dela, «baina estatutuaren aurreikuspenak ez dira ehuneko ehunean bete eta oraindik badaude eskualdatu gabeko eskumenak; eta, beste aldetik, berrogei urtean gauzak asko aldatu dira, gizarteak bilakaera izan du, eta horrek eramaten gaitu orduan lortu zena hobetu nahi izatera. Nik beharrezko ikusten dut estatutua gaurkotzea».

Carlos Garaikoetxea: «Gehiago lortu nahi genuen, baina premiak pragmatiko izatera behartu gintuen»

Garai hartako gizartearen isla

Higadura baten kronika

Gizonek gizonentzat egina

191

60

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.