Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

'Le mot juste'

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Noizean behin eskertzen dira pandemiari ihes egiten dioten gaiak; irratia piztu eta koronabirus hitza agertzen ez den saioren bat harrapatzea, alegia. Bost minutuz bada ere, ordubetez askoz jota. Pilak kargatzeko edo burua ez galtzeko.

Aurreko asteazkenean, Euskadi Irratiko Arratsean saioan, Arantxa Iturbek berera gonbidatu zuen Uxue Alberdi idazlea. Berriki argitaratu duen Dendaostekoak liburua dela eta solasean ibili ziren biak.

Elkarrizketan, besteak beste, ez-fikziozko kontakizun hori ontzeko egituraz, erritmoaz eta tonuez aritu zen Alberdi. Oro har, liburu bat idazten hasten zarenean kontuan hartu beharreko elementuez, hain zuzen. Hori entzundakoan, pentsatu nuen Iturbek ere, Alberdiren antzera, horiek bilatzen dituela bere irratsaiorako, hots, eskura duen materialekin literatura egiten duela.

Literatura hitza erabiliko nuke Arratsean definitzeko. Irratsaioaren planteamendua erakargarria da, esatariaren mintzoa bikaina —Gustave Flauberten le mot juste eredu—. Galdera aproposak, tempoa markatuta. Arnasa hartzeak, eta isiluneak —gutxi orotara baina intentzioz beteak— paragrafoen arteko jauziak dira. Galdera-erantzuna formula entzun orduko, badator orrialdea pasatzeko grina hori; zer ekarriko duen berri hurrengo kapituluak, ez dadila isildu ahots hori. Iturberen ahotsa. Goxoa, baina ez ahula. Hark markatutako kadentzian sartu eta infinitura joango nintzateke. «Xehetasunetan dago literatura», bota zuen Alberdik.

Ez da oso ohikoa halako elkarrizketak entzutea. Maiz gertatu ohi da kazetariak ez duela gonbidatuak esanikoa entzuten edo batzuetan hitza kentzen dio begirunerik gabe. Bada, ez da esatari horren kasua. Dena den, Alberdiren jarduna ere goraipatu beharrean nago. Askotan ahantzi egiten dugu gutxienez bi pertsona behar direla elkarrizketak ongi egiteko, baitezpadakoa izaten da bien arteko konplizitatea eta, egia esate aldera, ez nuen horren falta sumatu.

«Liburu bat hausten bazaizu, askatzen bazaizu bizkarretik, ikusten duzu nola dagoen egina. Desmuntatu daiteke liburu bat, jendeak irratiak edo ordulariak desmuntatzen zituen bezala, tripak ikusteko», esaten du Alberdik Dendaostekoak obran. Eta nik, beste behin, Arratsean izan nuen gogoan: tripak ikusi nizkion eta gustatu zitzaidan ikuskizuna. Gauzak ongi egiteak dakarren morboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.