Bertako fauna ezagutuz

Asier Gorostidik eta Igor Sarraldek Euskal Herriko basoetan eta uretan bizi diren 50 espezietik gora bildu dituzte elkarlanean egin duten liburu ilustratuan: 'Euskal Herriko animaliak'. Ohiko eredutik aldendu, eta ilustrazioak eta testuak uztartu dituzte.

ASIER GOROSTIDI- IGOR SARRALDE.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Baso batean sartzea bezala da Euskal Herriko animaliak liburua zabaltzea eta eskuz egindako ilustrazioz betetako orrialdeetan barrena murgiltzea. Euskal Herrian bizi diren 50 espezietik gora bildu dituzte Erein argitaletxearekin batera kaleratu duten liburuan, eta horren ezaguna baina aldi berean horren arrotza den ingurua eta fauna maitatzeko grina piztea lortu nahi dute Asier Gorostidi eta Igor Sarralde ilustratzaileek liburuaren bitartez.

Animalia horietako batzuk egunerokoan ikusten badira ere, beste batzuk aurkitzea zailagoa da. «Animalia asko daude Euskal Herrian, eta jendea harritu egiten da horren ezagunak ez diren animaliak bertan ditugula konturatzean», azaldu du Gorostidik. Hortaz, denen bilketa bat egiteaz arduratu dira bi ilustratzaileak: «Liburuak aukera ematen du betiko animaliak pixka bat gehiago ezagutzeko, baina baita ezagutzen ez ditugun animaliak daudela jakiteko ere».

Aurretik hainbat egitasmotan batera ibili diren arren, elkarlanean kaleratu duten lehenengo liburua da. Gainera, bi ilustratzaileen bi zaletasunak uztartzeko aukera izan dute: ilustrazioa eta animaliak. «Gure zaletasunak abiapuntutzat hartuta, guk geuk gaztetan nahiko genukeen liburua egin dugu». Hala ere, liburu bakarrean animalia guztien berri ematea ezinezkoa denez, ornodunak aztertzea erabaki dute. Zehazki, hiru multzo nagusitan dago banatuta liburua: ugaztunak, hegaztiak, eta, azkenik, anfibioak eta narrastiak.

Edonorentzat

«Ezagutza tresna gisa planteatu dugu liburua», esan du Gorostidik. Izan ere, testuak oso laburrak izan arren, zorroztasun zientifikoa dute. «Ume batek zein heldu batek irakurtzeko moduko liburua izatea nahi genuen, eta, horregatik, azalpenez gainera, bitxikeriak eta irudiak sartzea erabaki genuen». Haiek idatzi dituzte testuak ere. Ohiko gida liburuetatik aldendu egiten da liburua, eta hori izan da haien helburua: «Euskal Herriko faunaren inguruko gida zientifiko ugari badaude ere, guk publiko zabalari zuzendutako liburu bat egin nahi genuen; hau da, beste buelta bat eman nahi izan diogu». Eta lortu dute. Animalia bakoitzaren inguruko informazioa eta berezitasunak agertzen dira testuetan, baina, aldi berean, marrazkiek leku handia hartzen dute. Hortaz, gehiago edo gutxiago sakontzeko aukera dago, «nork bere interesen arabera».

'Euskal Herriko animaliak'liburuaren azala. Egileak: Asier Gorostidi eta Igor Sarralde. Argitaratzailea: Erein argitaletxea.EREIN

Hasiera-hasieratik argi izan dute liburua euskara hutsean egingo zutela, iruditzen zaielako hor «hutsune» bat dagoela: «Animalien izenak, oro har, gazteleraz ezagutzen ditugu, eta, liburu honen bitartez, jendeak euskarazko izenak ezagutzea eta erabiltzen hastea lortu nahi dugu. Izan ere, galduz doan ohitura bat da, eta sarritan, animalien izenak gazteleraz esateko joera dago», azaldu du Gorostidik.

Abentura «zoragarria»

Animaliez gainera, multzo bakoitzaren amaieran Nola topatu? izeneko atal bat dago, eta hor animalia horiek aurkitzeko «hainbat trikimailu» agertzen dira: animalia horien aztarnak, gustuko dituzten jakiak... «Niri behintzat ilusio handia egiten dit mendira joan eta animalien aztarnak aurkitzeak, jakiteko gauean azkonarra bertatik igaro dela edo urtxintxak inguruan dabiltzala».

Sortze prozesua «zoramena» izan dela aitortu du Gorostidik. «Distantziaren eta koronabirusaren ondorioz, animaliak banatu behar izan genituen, eta posta elektroniko bidez moldatu gara irudiak trukatzeko». Izan ere, Gorostidi Bilbon bizi da, eta Sarralde Bartzelonan ari da ikasten. Dena dela, neurriak malgutu zirenean, aukera izan zuten Pirinioetako landetxe batean elkartzeko, eta han aritu ziren «buru-belarri», proiektua bukatu arte: «Abentura zoragarria izan da».

Marrazkiei dagokienez, ilustrazio guztiak eskuz eginda daude. «Gaur egungo liburu gehienetako ilustrazioak digitalak dira, eta gure asmoa izan da marrazki guztiak akuarelaz eta koloretako arkatzez egitea». Hortaz, denbora «askoz gehiago» behar izan dute lana amaitzeko, baina emaitza «oso berezia» dela azpimarratu du Gorostidik. «Eskuz margotzea plazer bat da, baina, hanka sartuz gero, hasieratik hastea baino ez da geratzen». Irudi estatikoak izan beharrean, animaliak bete-betean harrapatu izan balituzte bezala marraztu dituzte. Horrela, irakurleek telefonoetatik begirada altxatu, eta irakurketan «bete-betean» sartzea lortu nahi dute, arreta mantentzeko eta irakurketaz gozatzeko.

Suge gorbataduna

Gorbatadun sugea ura dagoen lekuetan egon ohi da: ibaietan, lakuetan… Izan ere, hor aurkitzen ditu bere jaki gogokoenak: igelak eta apoak. Ihes egin ezin duenean, pozoirik ez duenez, hildakoarena egiten du: geldi-geldi geratzen da, ahoa zabalik, eta kiratsa botatzen du, bere antzezlana sinesgarriagoa izateko.




Murgil handia

Hegazti lepo-luzea uretan egoten da. Izan ere, hankek lurrean ibiltzen uzten ez diotenez, uretan egoten da, bai gainazalean eta baita murgilduta ere. Kumeak jaiotzen direnean, bizkarrean eramaten dituzte, eta, arriskuren bat egonez gero, txitak uretan sartzen dira arriskutik ihes egiteko.




Kirikinoa

Intsektujalea da. Bere ezaugarririk nabarmena arantzak dira, eta horiek erasotzaileetatik babesteko erabiltzen ditu. Hala ere, baliabide horrek ez du beti funtzionatzen, eta azeriak, adibidez, gai izaten dira trikuaren babes osagai horiek ezeztatzeko.



 


Erbinudea

Ugaztun haragijalerik txikiena bada ere, bera baino handiagoak eta pisutsuagoak diren animaliei erasotzen die. Oso ehiztari eraginkorra da: saguen zuloetan sartzen da; zuhaitzetara igotzen da txoriak harrapatzera; uretara ere sar daiteke...




Izurde arrunta

Itsasontzien inguruan saltoka ibiltzen dira, olatuekin jolasean. Normalean, taldean ibiltzeko joera dute, eta bere dieta arrainez osatuta dago. Etsai naturalik ez badute ere, taldearen indarraz baliatzen dira etsaietatik babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.