Elizabeth Hughes-i, 11 urte zituela, I motako diabetes mellitus-a diagnostikatu zioten, 1918. urtean. Gaur egun diagnostiko horrek bizitzan zeharreko intsulina tratamendua suposatuko luke, baina XX. mendearen hasieran heriotza zekarren. Biziraupena urte gutxi batzuk luzatu ahal izateko, pazienteari dieta zorrotz bat ezartzen zioten: nahikoa kalorikoa gorputzak gantzetara jo behar ez izateko, baina nahikoa arina odolean azukre mailak gehiegi ez igotzeko. Azukre mailaren igoeraren arrazoia intsulina falta da. Intsulina pankreako Langerhansen irletako (intsulina izena latineko insula-tik dator) beta zeluletan ekoizten den hormona da, eta bere funtzioa odoleko azukrea (glukosa) zeluletara sartzea da. I motako diabetes gaixoen sistema immuneak beta zelulak suntsitzen ditu, intsulinaren ekoizpena eragotziz, eta odolean glukosaren metaketa eraginez. Gorputzak gehiegizko glukosaren parte bat gernuaren bidez kanporatzen du, gaixotasunaren bi sintoma nagusiekin eta diabetes mellitus izenarekin guztiz lotuta dagoena: diabetes hitza sifoi gisa itzul daiteke, diabetikoek egiten duten pixa-kopuruari erreferentzia eginez, eta mellitus izenak eztiarekin gozotua esan nahi du, hala deskribatu baitzuten medikuek diabetikoen gernuaren zaporea...
XX. mendearen hasieran jakina zen diabetesak glukosaren metaketa zekarrela, baita hura metabolizatzeko intsulina pankrean ekoizten zela. Tratamenduaren gakoa Kanadako mediku eta ikertzaile batzuen eskutik etorri zen. Frederick Banting-ek, bere ikaslea zen Charles Best-ekin batera, txakurren pankreatik intsulina isolatzea lortu zuten 1921. urtean. Animalia jatorriko intsulina lehen giza pazienteak tratatzeko erabili zuten, Elizabeth Hughes eta beste hainbat gazte tartean. Lehen intsulina komertziala, Illetin, Eli Lilly konpainia estatubatuarrak merkaturatu zuen, 1923. urtean. Europan, Hoechst koloratzaile fabrika alemaniarra izan zen ekoizten lehena, urtebete beranduago. Fabrika honek egunean 100.000 txerritatik ateratako 11 tona pankrea prozesatzen zituen. Izan ere, diabetiko baten urte bateko beharrizanak estaltzeko, 50 txerriren pankrea behar zen, eta horrek intsulina tratamendua gutxi batzuen eskura egotea zekarren.
Txerrietatik eratorritako intsulinaren bigarren arazoa errefusa zen. Txerriaren intsulina eta gizakiarena oso antzekoak izan arren, aminoazido batean desberdintzen dira. Alde txiki hori nahikoa da paziente batzuek errefusa garatzeko eta tratamendua eten behar izateko. Zorionez, 1970eko hamarkadan ingeniaritza genetikoa garatzen hasi zen, edozein jatorriko DNA molekula moztu eta itsasteko aukera ematen duena. Aurrerapen honi esker, gizakion intsulina propioa ekoizteko genea moztu, eta Escherichia coli bakterioetan sartu zuten. Bakterioak oso azkar ugaltzen direnez, intsulina oso azkar sortzen dute, eta, gainera, barruan metatu beharrean, kanpora botatzen dute, bere isolamendua erraztuz. Ingeniaritza genetiko bidez sortutako lehen giza intsulina Humulin izenarekin komertzializatu zuten Elli Lillyk, Genetech konpainiak eta Boyer izeneko zientzialariak 1982. urtean. Elizabeth Hughes urtebete lehenago hil zen, bihotzeko batek jota, 73 urte zituela. Hil zenean, bere bizitza salbatu zuten 42.000 intsulina injekzio inguru jaso zituen, urte eta ikertzaile askoren ekarpenei esker. Egungo zientzialarien hurrengo erronka diabetes gaixo bakoitzarentzako intsulina pertsonalizatua diseinatzea izango da.
ARGI ALDIAN
42.000 injekzio bizitza baten truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu