Torturan oinarrituriko epaiketarik ez egiteko eskatu dute Irunen

Manifestazioa, atzo, Irunen. GORKA RUBIO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Bihar eta etzi epaituko dute Iratxe Sorzabal euskal presoa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta, Bidasoaldeko bere lagunek deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Irunen (Gipuzkoa), euskal presoaren herrian. «Salbuespenezko» epaiketarik ez egiteko eskatu zuten, eta torturaren aurka mintzatu ziren protestaren deitzaileak. Izan ere, 2001ean torturapean eginiko deklarazioak oinarri hartuta epaituko dute Sorzabal Madrilen.

Ikusi gehiago: Sorzabal: «Salto egiten nuen gerturatzen zen bakoitzean. Ez nuen sinisten auzitegi medikua zenik»

1996an Gijonen(Asturias, Espainia) ETAk egindako atentatu bat egotzi nahi diote Sorzabali, eta, berez Reauko espetxean baldin bazeukaten ere (Frantzia, 925 kilometro), asteotan Espainiaratua dute, epaiketarako.

2001ean Guardia Zibilak atxilotu zuenean torturak salatu zituen Sorzabalek. Istanbulgo Protokoloa aktibatu zioten 2015ean, bigarren aldiz atxilotu zutenean, eta mediku aditu baten azterketa izan zuen Fresnesko kartzelan (Frantzia): «Medikuaren arabera, tortura salaketak sinesgarritasun osoa du; trauma osteko estresa antzeman zion», azaldu zuen orduan haren abokatu Xantiana Cachenautek.

Euskaldunon Egunkaria-k 2001ean egin zion elkarrizketan honela kontatu zituen bizi izandako torturak Sorzabalek: «Ez nuen hiltzeko beldurrik; gogoa neukan». Bertzeak bertze azaldu zuen ez zuela sinesten auzitegi medikua benetan hala zenik.

2020ko abenduan, Parisko Dei Auzitegiak gibelera bota zuen Sorzabalen aurkako euroagindu bat, prokuradoreak sinesgarritasuna eman baitzien haren tortura testigantzei. Tortura kasu batengatik Parisek euroagindu bat gibelera botatzen zuen lehen aldia izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.