Gerra Ukrainan. Energiaren garestitzea

AEBek Venezuelako eta Irango ateak jo dituzte, petrolio eske

jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
AEBak prest azaldu dira azkenengo urteetan beren etsai handienetakoak izandako bi herrialderi jarritako zigorrak altxatzeko: Venezuelako eta Irango ateak jo ditu petrolio gehiago ekoitz dezatela eskatzeko. Orain arte, Errusiako gasa eta petrolioa AEBek eta Europak ezarritako zigorrez libratu dira, Europak duen mendekotasun handiagatik. Baina azken egunetan ugaritu egin dira boikotaren aldeko ahotsak. Bada, AEBek Errusiako gasa eta petrolioa erosteari utziko diote, eta hasi dirabeste merkatu batzuetan horren ordezkoa bilatzen. Erabakia sinbolikoa litzateke, inportatzen duen petrolio guztiaren %8 baino ez baita Errusiakoa; Europaren kasuan, %53.

Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak eta Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak baieztatu dute bi gobernuetako ordezkariak asteburuan bildu zirela Caracasen, «agenda bateratu» bat adosteko, «segurtasun energetiko globalaren alde». Ez da xehetasunen berririk, baina onartu dute zehazki petrolioaz hitz egin zutela. Eta Maduro laguntzeko prest agertu da: «Petrolioaren merkatua egonkortzeko ekinaldietan parte hartuko dugu». Horren harira, esan du herrialdeak ahalmena izango lukeela bere ekoizpena eguneko hiru milioi upelera igotzeko. AEBek 2019tik ezartzen dizkioten zigorrak direla medio, eguneko 800.000 upel inguru ekoizten ditu orain.

Venezuelako Gobernuak ez du gaitzetsi Errusiaren inbasioa, baina Madurok bere azken agerraldian nabarmendu du «diplomaziaren, hitzaren eta egiaren garaia» dela, eta ezin dela egon «bakeari eragiten dion gerra baten alde».

Irango aukerari buruz, berriz, aurreko astean jakin zen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren buruak herrialde horretako goi funtzionarioekin bildu direla, 2018an ezarritako debeku batzuk etetea aztertzeko. Akordioa lortuko balitz, Iranek 4,5 milioi petrolio upel ekoitziko lituzke eguneko; orain, 2,5-3 milioi ekoitz ditzake gehienez.

Shell, barkamen eske

Shell konpainiak, berriz, iragarri du «berehala» utziko diola Errusiako petrolioa erosteari, ez dituela eperako kontratuak berrituko, eta Errusiako konpainietan dituen aktibo guztiak salduko dituela. Joan den astean petrolio erosketa bat egin eta horren harira kritikak jaso ondoren hartu du erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.