Urriko azken astelehena Gernika-Lumon

Gernika-Lumoko azokarik bereziena

Urriko azken asteleheneko azoka egingo dute bihar Gernika-Lumon, eta guztira 310 salmenta postu egongo dira. Iluntzean ere giroa egongo da kalean, herriko eragileen eskutik

2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Urteko azokarik garrantzitsuena egingo dute bihar Gernika-Lumon (Bizkaia). Bertan jarriko dituzten 310 salmenta postuak Euskal Herriko hainbat eskualdetatik etorritako ekoizleenak izango dira. Herrian astelehenero azoka egoten den arren, urriko lehenengo eta azkeneko astelehenak dira berezienak. Urriko azken astelehenekoak hartu du ospe gehien eskualdetik kanpo.

Joan den urtean 55.000 pertsona joan ziren azokara.Eguraldi txarraren ondorioz, 2017an baino 25.000 bisitari gutxiago izan ziren. Gaztagileak eta artisauak izango dira nagusi, eta 50 postu izango ditu bakoitzak. Barazkiak, txakolina, euskal ogia, euskal pastelak, eztia eta frutak ere egongo dira besteetan.

Baserritarrak prest egon orduko joan ahalko dira erosleak, 09:00etan. Azokako sariak banatu ahal izateko, epaileak ere ibiliko dira bisitarien artean. Bost ataletan lortu dezakete saria postu jartzaileek. Epaileek kontuan izaten dituzte produktuaren kalitatea, itxura eta salmenta tokiaren txukuntasuna. Sari denen artean, ordea, gaztarenak izaten du sonarik handiena. Iazko irabazlea Galarretako Azkarra Gaztandegikoa izan zen (Araba), eta sari banaketaren ostean egiten den enkantean 5.607 euro ordaindu zuten gazta erdiaren truke.

Sariak 13:30ean emango dira, bertsolarien ostean. Urtero legez, Andoni Egan?a eta Sebastian Lizaso izango dira Merkurio iturriaren ondoan bertsoak abesten. Aurten, gainera, Onintza Enbeita ere haiekin ariko da.

Bazkalosterako xistera partidak egongo dira Gernika Jai Alai frontoian. World Tour Series txapelketaren jarraitzaileek deialdi garrantzitsu bat daukate astelehenean, aurtengo denboraldiko azkeneko jardunaldia izango baita Gernika-Lumokoa. Beaskoetxeak eta Lopezek osatutako bikotea Goikoetxea eta Inzaren aurka arituko da, 18:00etan. Ordu bat arinago, lehiaketarekin hasteko Hormaetxearen eta Aimarren aurka jokatuko dute Beaskoetxeak eta Lopezek.

Giroa txosnen eskutik

Ordu berean, Gernika-Lumoko kaleetan giroa mantenduko dute herriko elkarteek. Udaletik zehazten diete ordutegia eta lekua, eta gehienetan kirol taldeak izaten dira txosna jartzaileak. Gernika errugbi taldeko kide Iker Larrondok eguraldi ona espero du biharko: «Eguraldiaren arabera, diru gehiago edo gutxiago irabazten dugu, baina, zorionez, inoiz ez dugu galerarik izan». Egun osoan egongo dira zabalik, 09:00etatik 21:00ak arte. «Taldekide askok kanpoan egiten dugu lan, eta ez daukagu jai astelehenean; lan handia egiten dugu urtero txosna jarri ahal izateko». Taldearentzat diru sarrera bat da; taloak, sagardoa eta txakolina dira bisitariek gehien erosten dituztenak.

Txosnak zarratu baino lehen zabalduko dute Astra eraikinaren beheko solairua. Asier Zugadi gunearen koordinatzaileak azaldu du Astrak eragile gisa antolatzen duen festa bakarrenetarikoa dela Porru Festa. «Eragileek sortzen dute egitaraua urtean zehar, baina urtean bost edo sei gau erabiltzen ditugu autofinantzaketarako». Dioenez, ez dute lehia izan nahi herriko tabernentzat; horregatik, 01:00etan amaituko dute festa. Azken urteetan jende kopurua asko jaitsi dela ohartu du Zugadik: «Egunean zehar mantendu egiten da, baina azokaren ondoren jendea ez da herrian geratzen». 18:00etan zabalduko dute Astra, eta musika eta edariak eskainiko dituzte bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.