Zamudioko DHLn greban dira, Euskaltelek postuei euts diezaien

Langileak protestan, Euskaltelen zentro logistikoan. ELA SINDIKATUA.
Miren Mujika Telleria.
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
ELAk deituta, lau egun daramatzate greba mugagabean Zamudioko (Bizkaia) DHL Supply Chain enpresako langileek Euskaltelen zentro logistikoan. DHL enpresak Euskaltelentzat esklusiboki jarduten duten hogei langile ditu bertan. Baina, orain, DHLk langileei esan die bertan behera gelditu dela Euskaltelekin zuen zerbitzu logistikoaren kontratua. Logistika hori lekuz aldatzea eta zerbitzua Guadalajarara eramatea da Euskaltelen helburua. Horrek, ELAren arabera, «Zamudioko langile guztien enplegua suntsitzea ekarriko luke».

«Gure lanpostuetan jarraitzea da Euskalteli eskatzen dioguna», azaldu du Ainara Zorrilla ELAko ordezkariak. Sindikatuak irmo salatu du Euskaltelen jarrera: «Aspaldi pribatizatutako enpresa batez ari gara, espekulatzaileentzako produktua izan dena. Orain ikusten dugu nola aurreztu nahi dituen kostuak, prekarizatu lan baldintzak. Eta gure herrialdean nola enplegua suntsitu nahi duen bere zerbitzu logistikoa deslokalizatuz». Hori guztia MasMovil akziodun berriaren irabaziak maximizatzeko logikaren barnean egingo dutela dio Zorrillak.

Grebalariek argi dituzte beren helburuak: «Lan baldintza duinak izatea, lanpostuak defendatzea, deslokalizazioa deuseztatzea eta lan prekariorik ez izatea». Hargatik, langileak «bermeen zain» daudela dio Zorrillak. Azaldu du langile guztiak ari direla greban: «Denok batera gabiltza gure lanen defentsan». Beraz, grebarekin jarraituko dute langileek helburua lortu arte, baina, hala ere, Euskaltelen erantzunaren zain daudela azpimarratu du Zorrillak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.