arantxa elizegi egilegor
AEBetako hauteskundeak. Biden garaile. ANALISIA

Oinordetza garratza utzi dio

2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Bai, egia da Donald Trumpek ez duela bigarren agintaldirako behar duen sostengua lortu, eta ez dela Etxe Zurira joango. Baina haren oinordetza luzarorako izango da, eta hura kudeatzea egokitu zaio AEBetako 46. presidenteari, Joe Bideni.

Emaitzak ikusita, ezin esan Trumpek gaizki egin duenik. Osasun krisiak inoizko datu ekonomikorik txarrenak utzi baditu ere, gai izan da Bideni sufriarazteko. Eta hori afro-amerikar eta hispanoen artean parte hartzeak gora egin duelarik, eta duela lau urte independenteen alde egindako hainbatek demokraten alde bozkatu dutelarik. Baina, zalantzarik gabe, kanpaina hobea izan da errepublikanoena, ez garbiena, baina bai eraginkorrena. Haiek jakin dutelako inkestak interpretatzen eta lana aurreratzen. Jakin dute hautesle bakoitzak entzun nahi zuena esaten, eta beldurra baliatzen. Kanpaina zikina egin dute, erasokorra eta itsusia, presidentegai demokrata «amerikar txarra» dela esateraino. Eta, hala ere, balio izan die. Presidentegai errepublikano batek orain arte lortutako boto kopuruak gainditu ditu.

Bozak egin eta emaitzak jasotzeko ia astebete itxaron behar izatea bera ere, errepublikanoek hartutako erabakien ondorioa izan da. Izan ere, haiek, Trumpen diskurtsoari jarraituz, oztopatu egin zuten posta bidezko botoa aldez aurretik zenbatu ahal izatea, ziurrenik, hauteskunde gaua igarota eta emaitzarik gabe, Trumpek iruzurraren mamua zabaldu ahal izateko.

Bidenek aginduko du Etxe Zurian, baina, irabazi, eskuinak irabazi du. Gorriak. Izan ere, Trumpen duela lau urteko garaipenak luzerako ondorioak eragingo ditu, eta horietatik lehena izan da demokratek zentro-eskuinera (are gehiago) gerturatzea erabaki dutela, ezkerrera egiteko aukera izan zutenean (Bernie Sandersekin). Errepublikanoen artean ere mugimenduak egon dira. Trumpismoak lorratza utzi du. Estatuburuak bigarren agintaldi bat osatzeko adina boto eskuratu ez arren, haren kanpainak mesede egin die errepublikanoei; izan ere, Ordezkarien Ganberan eserleku gehiago lortzen ez badituzte ere, litekeena da Senatuko gehiengoari eutsi ahal izatea. GOP Grand Old Partyko kideak ohartu dira trumpismoa baliagarri zaiela, gai izan delako urteetan baztertuta sentitu den unibertsitate ikasketarik gabeko hautesle zuriaren botoa bereganatzeko, eta boto hori, 2016ko bozetan eta azken hauetan ikusi den moduan, oso leiala delako. Baina leialtasun hori estatuburuari zor dio, eta haren politikak bultzatzen dituztenei. Alegia, errepublikanoak egungo estatuburuak marraztutako bidetik urruntzen badira, hautesle horiek gal ditzakete, eta hori porrot handia litzateke. Izan ere, White Trash: The 400-Year Untold History of Class in America liburuaren egile Nancy Isenbergen esanetan: «Trump babesten duten horiek, ez dute presidentea besterik gabe gurtzen, gustuko dute urte askoan lehen aldiz langile zuriak erdigunean jarri dituelako. Bat-batean norbaitek defendatu egiten ditu. Komunikabideetan tarte bat egiten diete, lehen ez zuten tarte bat. Horiek ez dute sinesten meritokrazian, eta maiz ez dute unibertsitatera joateko aukerarik ere. Horiek lanpostu egonkorrak nahi dituzte, baina horiek desagertu egin dira AEBetako lan merkatutik, lan horietako gehienak atzerrian egiten direlako gaur egun». Hautesle horiek iragana dute amets, eta Trumpengan jarri zuten itxaropena, eta hark sustatu egin zuen esperantza hori, eta trumpismoaren oinarri bilakatu. Ostegun gauean bertan herritar horiei egin zien erreferentzia boto zenbaketaren aurka jo zuenean: «Gu langileen alderdia gara». Bere hautesleei, baina, batez ere, alderdiari helarazitako mezu argia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.