XXI. mendeko itsasontziek ere belak erabiltzen dituzte. Belak, baina, ez dira oihal eta sokaz eginak, altzairu sendokoak baizik. Haizea Windek egiten die oskola, eta Bound 4 Blue Kataluniako enpresarena da diseinua. Bilboko portuaren azpiegitura baliatu dute azken prototipoa Herbehereetako kargaontzi bati jartzeko. Diseinatzaileen ustez, %15 eta %40 artean murriztu dezakete erregai kontsumoa, baina oraindik haien errendimendu erreala neurtu behar dute.
«Hegazkin baten hegal bat bezalakoa da, baina, albora jarri beharrean, zutik jartzen dugu». Azalpena Sabino Jose Chapero Bound 4 Blueko ingeniariarena da. «Aire kantitate txiki bat xurgatzen du belak, fluxua belaren azalerara itsatsi eta bertan eusteko adina. Horrek propultsio gehigarria ematen dio ontziari». Oinarrizko aeronautika kontzeptuak dira, eta, haren esanetan, urte luzeko ikerketa dago atzean.
Bilboko portuan hirugarren prototipoa jarri du enpresak. EEMS Traveller Herbeheretako kargaontzian instalatu dituzte. 90 metroko itsasontzi bat da, eta Amasus itsaso garraio konpainia da jabea. Atzo bertan Aveirorako (Portugal) bidea hasi zuen; han karga hartuko du, eta Anberesera joango da. «Eskifaian gure bi langile joango dira», aurreratu du. «Urtebetez itsasontziaren errendimendua neurtuko dugu prototipoaren eraginkortasun maila zenbatekoa den neurtzeko».
Kargaontzikoa hirugarren prototipoa da, eta bi bela konbinatzen dituen aurrenekoa. Aurretik arrantzontzi batean jarri zuten, eta hurrengo asmoa autoak garraiatzeko ontzi batean jartzea da. Horrek 22 metroko hiru bela izango ditu, eta oraindik ez dute erabaki non egingo duten muntaketa lana. Oraingoan, Bilboko portuak utzi die kaia, eta Toro y Betolaza zamaketa enpresaren garabiak erabili dituzte. «Bilbo puntu estrategikoa da guretzat. Haizea Winden planta hementxe bertan dugu, eta azpiegitura oso aproposa da».
Teknologia Bound 4 Bluerena da, baina belaren metalezko edukiontzia Haizea Windek neurrira eginikoa da. «Edozein motatako itsasontzietan jar daitezke bela hauek: arrantzontzi handi eta txikiak, petroliontziak... hala eraiki aurretik nola ondoren. Asmoa mota bakoitzeko ontzi banatan instalatzea da, kalkuluak egiten jarraitzeko». Bela finkoa dela diote, tolesgarria ez delako, baina horrek ez du esan nahi mugitzen ez denik. Belak, eragina izan dezan, haizearen arabera mugitu behar du, eta ezker eta eskuin biratzeko mekanismo bat du.
Chaperok nabarmendu duenez, euskal ontzioletan egin ohi diren itsasontzietara —atunontziak, plataforma eolikoetara joatekoak...— arazorik gabe egokituko lirateke. Are gehiago, eraiki aurretik edo ondoren jar daitezke belak. EEMS Travellerrari zortzi jarri zizkioten orduan; hori bai, ordurako oinarria ezarria zioten popa inguran. Eta prezioa? Zenbat balio du? Ez du esan, baina argi utzi du Espainiako portu elkarteko diru laguntzarik gabe ezingo luketela prototipoa garatu.
XXI. mendeko belek ez dute oihalik behar
Munduko xurgatze bela handienak instalatu dizkiote Bilboko portuan lotuta zegoen Herbehereetako itsasontzi bati. Prototipoa hamazazpi metro garai da, eta %40raino murriztu dezake erregai kontsumoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu