Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusi CSICek adituen topaketa bat antolatu zuen lehengo astean txertoei buruz: Txertoen nolakoa eta zergatia. Hainbat zientzialariren artean, filosofo bat: Txetxu Ausin (Bilbo, 1966). EHU Euskal Herriko Unibertsitatean doktorea da, eta CSICen dihardu orain; sona badu etikarekin lotutako hainbat eremutan. Topaketaren ostean, solaserako tarte bat hartu zuen, eta hizketarako bidea ireki zuen solasean aritu bitartean hizketaldiak entzuteko txatean izandako erauntsiak: txertoen inguruko mesfidantza eta aurkakotasuna erakusteko mezuz bete zen.
Zuek solasean, eta, bitartean, txertoen aurkakoek zabaldutako mezuak jori-jori...
Niri ez zait gustatzen txertoen aurkakoak direla esatea; nik nahiago dut esatea badela jendea uzkurra dena txertoekin. Bada jendea mesfidantzak dituena. Egongo dira horren atzean ikuskera ez-arrazoizkoak, mistikoak. Baina bada jendea zalantzak dituena, eta, horregatik, berebiziko garrantzia du informazio onak: gardentasunak. Gardentasunarekin lortuko dugu txertoen inguruko mesfidantzak saihestea. Hizketaldi honetan, adibidez, adituek esplikatu dute badirela agentziak txertoak ondo kontrolatzeko; baina hori esplikatu egin behar da, ondo esplikatu behar da. Izan ere, ikusle huts gisara, horra nik zer ikusten dudan: 80 txerto daude martxan, eta mundu guztia lasterka dabil txerto bat lortzeko. Atzean negozio handi bat dagoela dirudi, eta horrek seriotasun urriaren itxura ematen du, sortutako interesena; horrexek era irekitzen du mesfidantza sortzeko eta hauspotzeko.
Zer urrats klase egin behar da horrelakorik ez izateko?
Gardena izan behar da, eta ondo esplikatu behar da nola egiten den zientzia, zein diren horretarako prozedurak. Eta askotan ez da batere erraza, konponbide batnahi baitugu oraintxe bertan, eta behin betikoa, gainera. Oso zorrotza izan behar da sortzen diren auzi etikoekin ere; txertoa egitean, adibidez, protokolo eta jarduera onekin jardun behar da. Bestela, horrexek elikatzen du mesfidantza. OME Osasunaren Mundu Erakundeak berak adierazi izan du konfiantza dela pandemiari aurre egiteko osagai oso garrantzitsu bat, eta ez dugu sobran. Konfiantza urria da, oro har, ikerkuntzan eta hura sustatzen duten instituzioetan.
Zeuk aipatu duzu: txertoa lortzeko prozesuak lehia betean ari direla dirudi. Ez du laguntzen konfiantza lortze horretan...
Ez du laguntzen, ez. Txertoa bi hilabeteren bueltan hemen izango dela dioten adierazpen politikoek, esaterako, ez dute batere laguntzen. Arduragabekeria hutsa dira, zeren esperantza faltsuak sortzen baitituzte, eta, ondorioz, ezinegon handia gizartean. Ondoren, emandako datak betetzen ez direla ikusita, mesfidantza. Zientziaren epeak direnak dira: argi izan behar da hori. Oraingo honetan, txertoa azkar lortze aldera, arindu ere egin dira, eta, adibidez, hirugarren faseren batean onartu da txerto prototipoan boluntarioak birus arinduarekin infektatzea. Hala ere, hori eginda ere, prozesua oso motela da: lasterbideek ez daramate inora, praktika txarretara eta emaitza txarretara baino ez. Gogoan dut hitzaldiko solaskideetako batek emandako datua: klinikaren aurreko fasean dauden txertoen %6 bakarrik onesten dira azkenean. Oso gutxi dira.
Hilabeteotan bolo-bolo dabiltzan hainbat lerroburuk kea besterik ez dute saltzen?
Bai, bai. Eta hedabideek ere mesede eskasa egiten dute ikuskizunaren alde egiten dutenean. Gainera, zera izan behar da argi: txertoak, heltzen direnean, seguruak izango dira, eta tresna ona izango dira, baina ez dira panazea izango. Tratamenduetan ikertzen jarraitu beharko da, eta gizarteari dagozkion neurriak ezartzen jarraitu beharko da, gaitzarekin ahalik eta ondoena bizitzea lortzeko; txerto soziala esaten den hori.
«Txerto soziala», diozu. Zer biltzen du kontzeptu horrek?
Osasunak aldagai sozialak ditu, ez da gure biologiaren ondorioa bakarrik. Gure maila ekonomikoak, ingurumenak, bizi baldintzek... Horiek guztiek eragina dute. Eta, hain justu, txertoa ez delako egun batetik bestera helduko, eta heltzen denean erantzun behin betikoa ez delako izango, aldi berean txerto sozial batean pentsatu behar dugu; ingurumenean hobera nola egin, lan baldintzetan... Horiek ekarriko dute infekzio gutxiago egotea. Ideia nagusia da jarduera kolektibo bat bultzatzea, eta solidaritatearen printzipioak funtzionatzea hor. Gizarte kohesionatuenek, konfiantza publiko handiena dutenek, solidaritate handienekoek: horiek erantzun dute ondoena. Zeelanda Berria aipatzen da; aski deigarria da: konfiantzak funtzionatu du han, lehen mailako osasun arretak, eta solidaritateak eta elkarri laguntza ematen jarduteak.
Helduko da txertoa, eta hura nola jartzen hasi pentsatzen hasi beharko da: nor lehenetsi. Nola ebatzi behar da hori?
Gogoeta publikoko ariketa bat dairizpide horiek jartzea. Onartezina da bihar txertoa heltzea eta horren gaineko gogoetarik egin gabe egotea gizartea. Irizpide askori jarrai dakieke. Eredu bat izan daiteke, adibidez, lehenestea klinikoki kalteberenak diren kolektibo eta norbanakoak, aurrena horiei jartzea txertoa; horretan duda gutxi dago. Bigarrenik, lehentasuna emango litzaieke oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua bermatzeko beharrezkoak diren pertsonei. Zein dira? Beti pentsatzen da osasun langileetan, segurtasun indarretan, egoitzetan lan egiten duten zaintzaileetan... Baina une eta toki bakoitzeko egoera aztertu beharko da hori ebazteko. Gogoeta saio publiko bat egin behar da horien inguruan.
Eta gogoeta hori martxan da?
Ezetz uste dut. Bioetika batzordeei-eta dei egiten diet elkarrizketaren oinarriak jartzeko, gogoeta hori egina izateko, eta erabakia hartu beharra heltzen denean estresik ez izateko. Izan dezagun argi zer egin. Baina ez da egin oraindik; hasi egin behar da.
Pandemia bat da hau: mundu osoan hedatu da birusa. Mundu osoa immunizatzeko baliabideak eskura jartzea izango da beste erronka garrantzitsu bat...
Ikerketa zientifikoak, oro har, inozentzia galdu du; ja ez da soilik guztion ongizatea bilatzen duen zerbait: negozio dosi garrantzitsuak daude. Baina enpresa handiek eta nazioarteko erakundeek konpromisoa hartu dute txertoaren banaketa zuzena bideratzeko, eta herrialde behartsuei ez zaie kobratuko; baliabide handiagoak dituztenek ordainduko dute, proportzionalki. Hori nahiko argi dago, Osasunaren Mundu Erakundeak bideratua du botika konpainien talde handiekin hori: banaketa bidezkoa izango da. Ez motibo etikoengatik bakarrik; interesa ere argia da. Izan ere, munduko bazter batean pandemia kontrolik gabe geratzeak ondorioak izango ditu beste toki batzuetan ere.
Hainbat inkestaren arabera, herritar askok ez lukete jarriko COVID-19aren aurkako txertoa, eskura izanda ere. Derrigortzea hautu bat izan daiteke?
Galiziako presidenteak, Alberto Nuñez Feijook, esaterako, horixebera proposatu zuen lehengo batean: txertoa derrigorrezkoa izatea. Nik uste dut hobe dela borondatezkoa izatea. Indarpeko neurriek urritu egiten dute politika publikoekiko konfiantza; zerbaitetara behartzen bazaituzte, zerbait iluna den susmoa har dezakezu. Hobe da atzean praktika onak egon direla nabarmentzea, dena behar den bezala egin dela, eta gizarte solidaritatearen aldeko mezua helaraztea, alegia, oroitaraztea kalteberenekin solidarioak izan behar dugula.
Izurriaren oldarraldia argia da orain berriz. Bigarren olatua amaitu gabe, hirugarrena hemen da. Zertan egin da kale?
Lehen olatua apaldu zenetik, ez da egin izurriari aurrea hartzeko ahaleginik; denbora joaten utzi da prebentzio mekanismoak zehaztu gabe, jakinik ere udazkenean beste olatu bat bazetorrela. Ez da arakatze sistema egokirik garatu; lehen mailako osasun arreta ez daindartu, eta horixe da pandemia kontrolatzeko lehen hesia; lan taldeak ez dira sendotu; kontingentzia planak ez dira garatu etor daitezkeen egoeren inguruan... Aurreikuspen falta handia izan da, oso handia. Egia da, birus gaiztoa da, eta pandemia konplexua da hau, baina zetorrenari aurrea hartzeko egitekoan kale egin da, oso nabarmen.
Konfinamenduak eta askatasuna mugatzeko neurriak hemen dira berriz. Hainbat eragilek salatu dute horiek usu gizarteko talde kalteberenentzat mingarriagoak direla. Ikasi da deus lehenengo olatuko konfinamenduan oker egin zirenetatik?
Gutxi ikasi dela uste dut; orain ere, askatasuna mugatzeko hartzen ari diren neurriotan, ñabardurarik ez dira ari egiten gizarteko talde kalteberenen premiak aintzakotzat hartzeko. Neurriak modulatu egin behar dira; ondo dago, esate baterako, adineko perstonak babestea, baina horrek ez du esan nahi beren gelan bakarrik utzi behar direnik.
Nola orekatu ekonomiaren eta osasunaren arteko balantza? Giltzarri da komunikazioa, ezta?
Txertoei buruz esaten nuen gauza bera esan behar dut berriro ere: ezinbestekoa da gardentasuna, gauzak ondo esplikatzea. Egindako hutsak onartzea ere bai. Komunikazio ona, gardentasuna, zera da: erabakiak zergatik hartzen diren esplikatzea.
Koronabirusa. Txetxu Ausin. Filosofoa
«Onartezina da bihar txertoa heltzea eta horretaz gogoetarik egin gabe egotea»
Txertoa lortzeko ikerketek, hura jartzeko garaia heltzen denerako ezarri behar diren irizpideek, itaun etiko ugari ekarri dituzte. Horietaz gogoetan ari da Ausin, eta, oro har, izurriaren inguruko auzi etikoez. Hitz hau darabil usuenik: «Gardentasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu