Udalen osaketa. Nafarroa

Eskuinera biratu du giltza

PSN erabakigarri zen tokietan UPNk lortu ditu alkatetzak, eta, horri esker, Nafarroako udal handienak eskuratu ditu. Sozialisten beharrik ez zenetan, Iruñerriko udalerri gehienetan aginduko du EH Bilduk

EH Bilduko Marta Diezek hartu zuen Antsoaingo aginte makila. AITOR KARASATORRE / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Iruñea ez da uharte bat izan. PSNk, aginte makilaren jabea erabakitzeko giltza izan duenetan, eskuinerantz biratu du: Eguesibarren, Barañainen eta Lizarran. Tutera gehituz gero, udalerri handienak eskuratu ditu. Aldiz, sozialisten giltzarik izan ez denetan, UPNren alternatiba diren udalak osatzea posible dela ikusi ahal izan da. Halaber, maiatzaren 28an utzitako mapa konplexuari interpretazio politikoa egitea egokitu zitzaien atzo udal taldeei. Argazki orokorrak beste behin argi utzi du Nafarroa lurralde konplexua dela eta bere gizartearen pluraltasunak, iparraldetik hegoaldera, ñabardura askoko agertokia marrazten duela.

Ikusi gehiago:Iruñean PSNk gidoia bete du, alkatetza UPNren esku utzita

EGUESIBAR
Zetorrenaren lehen abisua


1990eko hamarkada hasieran, hamar kontzejuz osatutako udalerri txikia baino ez zen Eguesibar, 1.100 biztanlekoa. 30 urte geroago. 20.400 biztanle ditu, eta Nafarroako udalik handienetan laugarrena da. Hirigintza hazkunde handi horrek irregulartasun eta ustelkeria zantzuak ekarri zituen berekin, eta azken 20 urteetan, UPNko bi alkatek kargua utzi behar izan zuten. Duela lau urte, PSNk Geroa Bairen alkatetza oztopatu zuen. Hori horrela, maiatzaren 28ako bozek zortzi udal taldeko udal batza utzi zuten, ezohikoa lurralde osoan.

Atzoko saioa lehenetarikoa izan zenez, ikusmina piztu zuen. Bertan izan ziren UPNko Javier Esparza, PSNko Ainhoa Unzu eta Geroa Baiko Maria Solana. Politikoki, gero etorriko zenaren iragarle izan zen, eta, zalantzarako tarterik geratzen bazen, guztiz uxatu zituen. PSNko hiru hautetsiek Mikel Bezunartea sozialistari eman zioten babesa, eta horri esker, lehen indarrak lortu zuen alkatetza: UPNko Xuriñe Peñasek alegia.

Ikusi gehiago:San Adrianen Voxekin bat egin du UPNk

Sozialistek argudiatu zuten euren inguruan eraiki nahi izan zutela eskuinaren alternatiba, baina «harrituta» agertu ziren egun batzuk lehenago Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak EH Bilduren aldeko botoa iragarri zutenean.

EH Bildu izan zen bigarren indarra, bost hautetsirekin. Ainara Gonzalez hautagaiak salatu zuen «porrota» dela gertaturikoa, eta argi utzi nahi izan zuen koalizioak ez duela arazorik inorekin hitz egiteko. «Ez dugu bazterketarik onartuko».

Aurreko alkatea, Navarra Sumako Amaia Larraia, zerrendatik at utzi zuen UPNk, nahiz eta alderdikoa izan 2020ko azken kongresuan Sergio Sayasi eman zion. Aginte makila eskuan, Peñasek eskerrak eman zizkion alderdiari.

LIZARRA
Ez da matxinadarik izan

Duela lau urtekoa errepikatu da. PSNk bide eman dio UPNren alkatetzari, eta Marta Ruiz de Aldak hartu du aginte makila. Ez da matxinadarik izan. Aurreko agintaldia hasi eta gutxira, 2020ko martxoan, PSNko hautetsi talde batek EH Bilduren zentsura mozioa babestu, eta bigarrenez Koldo Leoz egin zuten alkate. Haatik, PSNk alderditik kanporatu zituen, eta Sarasateren aginduak beteko dituen zerrenda osatu dute. Maiatzaren 28an, UPN geratu zen lehendabizi (zazpi), EH Bildu bigarren (bost); PSN hirugarren (bi).

PSN bakarrik geratu da, baina. Aldez aurretik iragarri bezala, Geroa Baik EH Bilduko Mikel Colomori eman zion botoa eta Zurekin Nafarroak gauza bera egin zuen. Bere hautagaiaren, Francisco Mauleonen, alde egitea antzua izan da, eta eskuinaren eskuetan utzi du alkatetza. Aginte makila eskuetan, Ruiz de Aldak «ongietorria» ezin zien hautetsi guztiei. «Badakit zer zaila den pauso bat aurrera egitea. Ea guztiok lan egiten dugun Lizarraren alde».

BARAÑAIN
Botoa sakabanatuta, Maria Lekunberri alkate

Aurreko beste udaletan ez bezala, Barañainen ez da egon alderdien arteko elkar ulertzerik. Zazpi hautetsirekin lehen indarra izan zen UPN, eta, PPren zinegotziaren botoa gehituta, Maria Lekunberrik hartu zuen aginte makila aise. Maiatzaren 28an, EH Bildu bigarren geratu zen, baina, PSNk bezala, lau hautetsi eskuratu zituen. Atzokoan, bakoitzak bere hautagaitzari eman zion babesa. Zurekin Nafarroak bere buruari eman zion, eta Geroa Baik zuri bozkatu zuen.

Sakabanaketa horrek errazago utzi zion dena Lekunberriri. EH Bilduko Oihaneder Indakoetxeak zoriondu egin zuen. Iruñean bezala, bestelako aukerez hitz egin da. Horregatik, zinegotzi abertzaleak adierazi zuen ezin dutela onartu «EH Bilduren aurkako bazterketan oinarritutako alternatibarik».

IRUÑERRIA
Alkate abertzaleak gainerako udaletan

Bestelako gehiengoek bide emanda eta PSNren beharrik gabe, hautagai abertzaleek hartu dute aginte makila udal gehienetan.

Horietako bat da Antsoain. Arrotxapea eta Txantrea auzoen artean den udalerri horretan, EH Bildu izan zen lehen indarra (7), eta, aurreko egunetan Geroa Bairekin (1) eta Zurekin Nafarroarekin (2) hitzartutako akordioari esker, gehiengo osoa eskuratuta, Marta Diezek hartu zuen aginte makila. PSNk historikoki indar handia izan du, eta, sei hautetsirekin, bigarren geratu zen. UPNk hautetsi bakarra zuen. Haatik, EH Bilduri alkatetza kentzen ahalegindu dira. Geroa Baik aitortu zuenez, haiei botoa ematea eskaini diete, baina «lehen indarra» babestea erabaki dute.

Akordio bera berretsi da Burlatan, eta, horri esker, EH Bilduk (6) alkatetza izango du berriz. Zurekin (4) eta Geroa Bairen (1) botoak lagundurik, Berta Arizkun izendatu zuten alkate, eta 2019an galdutako aginte makila izango du.

Uharten, antzera, lehen indarra nagusitu da (5), eta EH Bilduko Alfredo Arruizek izango du aginte makila beste lau urtez. Geroa Bai (3) abstenitu izanak bidea itxi die bestelako aukerei. UPNk (3) Julen Sesma hautagaiaren alde egin zuen.

Ikusi gehiago:Boto bakar batek erabaki du Faltzesen

Iruñerri mendebaldean eta ekialdean, Berriozarren eta Atarrabian, garaipen argiak izan zituen EH Bilduk. Hamazazpi zinegotzitatik bederatzi eskuratu zituen bietan, eta, boto horiei esker, atzo Iker Mariezkurrena hautatu zuten alkate Berriozarren, eta Mikel Otegi Atarrabian. Otegik agintaldia errepikatuko du.

Berriobeitin, panorama konplexuagoa zegoen, eta, alderdien arteko oreka horretan, lehen indar geratu denak lortu du alkatetza: EH Bilduk kudeatuko du udala, Felix Ramirezek gidatuta. Oso kutsu espainolista duen UPNko Raul Julio Batorri kendu diote aginte makila.

Zizur Nagusian, Geroa Baik bere gotorlekuari eutsi ahal izan dio, eta Jon Gondan izango da alkate, hirugarren aldiz. EH Bildurekin akordioa lortu ostean, hamar botorekin aise eskuratu du gehiengo osoa. Gondanek nabarmendu zuen agintaldi zaila izan dela eta asko dagoela egiteko. «Dena den, inoiz ez bezala dago Zizur».

Iraganean, PSNk indarra zuen Iruñerriko eraztuneko auzo eta herrietan, baina, denborarekin, atzerantz egin du. Atzo, alkatetza bakarra lortu zuen: Orkoiengoa.

BAZTAN
Zurekin-ek eman dio alkatetza EH Bilduri

Maiatzaren 28an EH Bilduk irabazi zuen, nahiz eta ia 500 boto galdu. Zinegotzi kopuru bera lortu zuenez (sei), zaila zuen alkatetza galtzea. Alta, UPN prest zegoen koalizio abertzaleari zail jartzeko, eta maiatzaren hondarrean bere botoak eskaini zizkion Zurekin udal taldeari. Jokaldi hori ongi ateratzeko, Geroa Baik eta Baztango Independenteak taldeak bat egitea beharrezko zen, eta errealitatea hortik urrun ibili da.

Arriskua saihestu nahirik, asteon EH Bilduk akordioa lortu du Zurekin-ekin, eta hark uko egin zion hautagaiak aurkezteari. Hala, atzokoan, Fernando Anbustegiren hautagaitza baino ez zen aurkeztu, eta, Zurekin-en hiru botoak gehituta, gehiengo osoz, alkate izendatu zuten.

Nafarroa iparraldean oinarritu du EH Bilduk batik bat udaletako garaipena. Alkatetzak eskuratu ditu, besteak beste, Leitzan, Donezteben, Irurtzunen, Ultzaman, Sunbillan, Lesakan, Beran, Etxarri Aranatzen, Iturenen, Bakaikun, Agoitzen, Zaraitzun, Abaurregainan... Tafallan Xabier Alkuazek hartu zuen aginte makila. Garesen, 11 zinegotzitatik hamarren babesa jaso zuen Itziar Imazek —tartean, UPNko hirurena—. UPNk espedientea ireki zien berehala, eta kanporatu egingo ditu.

ALTSASU
Javi Ollo, apustu ziurra

Geroa Bairen beste gotorlekua Altsasu da. Maiatzaren 28an aise irabazi zuen, bederatzi zinegotzi lortuta. EH Bilduk lau hautetsi eskuratu zituen, eta gainerako indarrek ez zuten ordezkaritzarik lortu. Ematen du Altsasuko auziak lorratz sakona utzi duela. Aurreko egunetan lankidetza eskaini zion Ollok EH Bilduri. Dena den, bidea libre zuen inbestidurarako gehiengo osoa izanda. Koalizioarentzat ziurtasun bat da bigarrenez alkate izango dena.

TUTERA
Alejandro Toquero, populismoaren garaipena

Iruñearen ondoren, Tutera da UPNrentzat beste plaza garrantzitsua, eta gehiengo osoz irabazi zuen maiatzaren 28an Alejandro Toquerok. Iruñeko zentralismoaren aurkako diskurtso populistak emaitzak eman dizkio, eta, trabarik gabe, atzo tramitea bete zuen. Erriberan, deigarria da Castejonen jazotakoa. PSNk UPNko hautagaiaren alde egin du, eta gehien bozkaturikoari kendu dio alkatetza: Zurekin Nafarroari, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.