Sudan. Estatu kolpea

Botere borrokan kateatuta

Sektore militarraren eta zibilaren arteko tirabira Sudango Kontseilu Subiranoa osatu zenetik egon da. Nola edo hala aurrera jarraitu dute, tentsioak eztanda egin duen arte.

Sudango Kontseilu Subiranoa osatu duten bi sektoreen ordezkariak, 2019ko udan, gobernabide ituna sinatzen. EFE.
ander perez zala
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun

Sudanen amaitu egin da estatu arabiarretan bakana bilakatu den esperientzia: militarrek eta zibilek boterea partekatzea gobernu berean. Hilabeteotako egoera ikusirik, ziurrenik herrialdean inor gutxi harrapatu du ezustean atzoko estatu kolpeak, urteak baitira, baina batez ere asteak baitira Kontseilu Subiranoko bi sektoreen arteko tentsioa eta krisia larri zegoela.

Bide luzea egin du krisiak, 2019ko apirilaren 11tik. Egun hartan, egoera ekonomikoagatik herritarrek egindako protestek akuilatuta, Omar al-Baxir 1989az geroztik herrialdeko presidente zena boteretik kendu zuen armadak. Trantsiziorako Kontseilu Militarrak hartu zuen agintea, eta urte horretako ekainean adierazi zuen bederatzi hilabete geroago deituko zuela hauteskundeetara.

Baina oposizioa —alderdi politikoak eta gizarte zibileko elkarteak bildu ziren plataforma batean— ez zen fidatzen: protestan jarraitu zuen, botere exekutiboa zibilen esku gera zedila eskatuz. Tentsioa handia zen kalean, eta bi aldeak negoziatzen hasi ziren, akordio bat lortu arte; uztailean, Kontseilu Subiranoa osatu zutela azaldu zuten, eta militarrez eta zibilez osatutako organo horrek izango zuela herrialdearen kontrola 2022 erdialdera arte, bozak egin arte —gerora, 2023an egingo zirela esan zuten—. Lehen 21 hilabeteetan, militar bat izango zen kontseiluaren burua, eta hurrengo 18etan, zibil bat.

Buruzagi zibilen eta militarren arteko tentsioa kontseilua osatu zenetik egon zen, baina bi aldeek lortu zuten nola edo hala aurrera jarraitzea, «trantsizio demokratikoa» amaieraraino eramateko. 2019ko udan adostu bezala, Kontseilu Subiranoa 11 lagunek osatu dute; zehazki, bost zibilek, bost militarrek eta bi aldeek aukeratutako beste zibil batek, txandakatuta. Honako helburu hauek finkatu zituzten: bakea bermatzea, krisi ekonomikoa konpontzeko neurriak hartzea, justizia sistema erreformatzea, eta, besteak beste, konstituzio berri bat idazteko bideak irekitzea.

Horietako gehienak, ordea, ez dira bete, bataren edo bestearen kexengatik, eta horrek giroa gaiztotzea besterik ez du eragin, atzo arte. Buruzagi zibilak haserre zeuden militarrek ez zutelako segurtasun erakundeen sakoneko erreforma adostu nahi —tartean, ondasun ekonomikoena—, eta haien kontrolpean utzi.

Gainera, armadako kideek oztopoak jarri dizkiete 2019tik hona segurtasun indarrek ustez egindako krimenen ikerketei, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin lan egiteari Darfurko genozidioaz. Eta, tartean, 2019an adosturiko botere aldaketa ez zen gauzatu: Abdel Fatah al-Burhan Kontseilu Subiranoko presidenteak iragan maiatzean utzi behar zuen kargua, sektore zibilaren hautagaiari emateko.

Hala, iragan irailaren 21ean gertaturikoa izan zen atzokoaren ataria: armadak adierazi zuen «soldadu matxinoek» abiaturiko estatu kolpe bat geldiarazi zuela, eta Abdalla Hamdok Sudango lehen ministroak Al-Baxirren jarraitzaileei egotzi zien saiakera. Gertakari horien ondoren, gobernuburuak adierazi zuen «beharrezkoa» zela «segurtasun organoak eta militarrenak erreformatzea», eta horrek trantsizio gobernuko sektore militarraren haserrea eragin zuen.

Harrezkeroztik, sektore zibila ohartarazpen berbera egiten aritu da: armada herrialdearen egonkortasunik eza elikatzen ari zela, horren bidez boterea hartzeko baldintzak sortzeko. Sudango lehen ministroak ere adierazi zuen «prestakuntza» horiek egiazkoak zirela, argudio hartuta probintzia batzuetan ez zegoela segurtasunik, eta oinarrizko produktuen eskasia handitzen ari zela. Hori guztia, krisi betean dagoen eta azken bi asteetan gobernua blokeatua duen herrialde batean.

Militarrek, berriz, boterea «monopolizatzea» eta kudeaketa txarra egitea egotzi diete buruzagi zibilei.

Egoera ekonomikoa

Egoera ekonomiko txarra izan zen 2019an Al-Baxirren kargugabetzea eragin zuten faktoreetako bat, tartean libera sudandarraren balioa erori egin zelako, eta ogi eta erregai eskasiagatik.

Trantsizio gobernua agintera iritsi zenetik, erreforma azkarrak sustatu zituen Nazioarteko Diru Funtsaren gainbegiratzearekin, zorra amaitzeko eta atzerriko finantzaketa erakartzeko. Neurri horien ostean, inflazio tasak gora egin zuen, eta egoera ekonomikoaren kontrako protesta batzuk ere izan dira hilabeteotan.

Atzerri politikari dagokionez, Etiopiako Tigray eskualdeko gatazkaren ondorioz, milaka errefuxiatu Sudan ekialdera joan dira, eta mugaren inguruan eremuei buruzko gatazkak izan dituzte bi estatuek.

Aldi berean, Etiopiaren Pizkundearen Urtegi Handiari buruzko desadostasunek «arriskuan» jarri dituzte herritarrak, Khartumek salatu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.