Koronabirusa

LAB: «Enpresen segurtasun plan gehienak onartezinak dira»

Aztertu dituen 160 egitasmoetatik %11k soilik jaso dute bere oniritzia. Enpresen benetako egoera ez aztertzea egotzi dio Jaurlaritzari

Eulate Zillonizaurrekoetxea, LABeko Industria arloko idazkaria, atzo. LAB.
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Jarduera ekonomikoa berriro abiada hartzen ari da, baina langileen osasunaren kalteetan izaten ari den susmoa du LABek. Sindikatu abertzaleak uste du Espainiako Gobernuak berandu erabaki zuela oinarrizko jarduerak ez direnak geratzea, eta goiz erabaki zuela berriro martxan jartzea. Lanera itzuli diren langileek COVID-19az kutsatzeko arriskua ikusten du LABek, uste baitu enpresa gehienetan ez direla ari beharrezko segurtasun neurriak hartzen.

Sindikatuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriako enpresetan aurkeztutako 160 segurtasun plan aztertu ditu —5.200 enpresa daude—, eta hirutik birekin ez dago gustura, Eulate Zillonizaurrekoetxea Industria federazioko idazkariak atzo azaldu zuenez. Aztertutako planen %11k soilik jaso dute LABeko osasun teknikarien oniritzia, eta beste %20tan zuzenketak aurkeztu dizkie sindikatuak enpresei.

«Gainerakoak onartezinak dira». Planen %34 ez dira nahikoa langileen osasuna bermatzeko; %35, berriz, Jaurlaritzak aurkeztutako gidaren «ebaki eta kopiatu hutsak» dira. Plan gehienetan neurri generiko asko eta enpresari berari dagozkion ataletan zehaztapen gutxi izan direla gaineratu zuen.

LABek dozena bat salaketa jarri ditu COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak betetzen ez zituzten enpresen aurka, baina salaketa gehienek ez dute erantzunik izan. Beste batzuetan, berriz, «eskuduntzarik» ez zutela erantzun diete. Sindikatuak uste du langile eskasia handia dagoela Lan Ikuskaritzan eta Osalanen, eta ez dituztela bisitak egiten salatutako enpresetara.

Horiek horrela, Zillonizaurrekoetxeak uste du salaketen bideak ez duela «ezertarako balio». Enpresaz enpresako borrokaren bitartez lortu nahi du segurtasun neurriak betearaztea.

Jaurlaritzari eskatu zion «arduraz» jokatzeko eta enpresen egoera erreala jakiteko lan egin dezala: «Zer gertatzen ari den jakiteko eskubidea dugu». Arauak hautsi dituzten enpresetan zer gertatzen den ere jakin nahi du sindikatuak, ez baitu zigor prozeduren berririk.

Gobernuari leporatu zion lehentasuna ematea enpresa handien interesei: «Jaurlaritzak aukera galdu du ezohiko neurriak hartzeko langileen osasuna bermatzeko, baina patronalaren eskutik jarraitzea erabaki du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.