urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Disney katalanez

2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Microsoftek iragarri berri duenez, iPhone-etako Outlooken dauden 62 bertsioetatik 27 erretiratu egingo ditu hilabete barru. «Biktimen» erdiak Europako hizkuntzak dira, gainontzeko gehienak Asian mintzatzen dira, Indian euretako asko: tamilera edo telugua kanpora, eta hindiera baino ez da geratuko (Narendra Modiren nazionalismoaren itzal luzea?). Microsoft-ek ezabatuko dituen bertsioen artean dira galizierazkoak, irlanderazkoak eta euskarazkoak ere. 32 hizkuntzatan egongo da oraindik; euretako 31k estatu indartsuak dituzte atzetik. 32.a katalana da.

Egunotan jakin dugu beste multinazionalaren albistea: pandemiarekin batera Espainiara iritsitako azken telebista plataforma digitalak, Disneyk, milaka katalanek sinatutako eskaerari men egin eta katalanezko edukiak eskainiko ditu aurrerantzean. Inbidiaz eta tonto aurpegi pixka batekin galdetu du batek baino gehiagok: eta euskaraz zergatik ez? Ez dugulako ezer egin horretarako.

Egon dauden filmen bertsio katalanak erantsiko ditu Disneyk bere eskaintzan. Baina euskaraz ez dago halakorik. Ez duelako behar beste egin Eusko Jaurlaritzak, edo ETBk, edo euskaltzaleok. Eguberrietan inor kexatu ote zen «Euskaraz bizi gara» dioten herrietan, Frozen2 espainolez proiektatzen zutelako? Ia erdararik ez dakiten bospasei urteko ume horiek hispanitatean murgiltzera eraman zuten gurasoren batek ezer esan zuen? Frozen-Bi zen. Behin ziria sartzen badidazu, zure errua, bigarrenez sartzen badidazu, neurea. Eta aurretik Coco, Moana/Vaiana eta beste hainbat ikusi dituzte Bartzelonan katalanez eta espainieraz Bermeon.

Disneyk ez zuen katalanezko bertsiorik nahi, bertsiook eginda egon arren. Duela hilabete «Disney algoritmoa» sortu zuten, euren produktuek bete beharreko zuzentasun politikoaren estandarrekin: neskei rol ausartak, azal zuri ilehoriez gain bestelako pertsonaia positiboak, elbarritasunei burlarik ez... Edukia zaindu, baina gero multinazionalen pizza edo altzari bat bezala saldu: ahalik merkeena ahalik leku gehienetara iritsi. «Ez ditugu beste inon bi bertsio egiten estatu bererako» egin omen zuen talka konpainiak Generalitatearekin. Disneyren beste aitzakia ere irudikatu dezaket: «Zuei ematen badizuegu, gero euskaldunak etorriko dira denentzako kafea eskatzera...».

«Ez arduratu euskaldunez, zarata egiten dute eta badakite Madrilen dirua negoziatzen, baina hau guztia bost axola zaie» edo horrelakoren bat esan ote zien katalanak? Monica Oltra Valentziako presidenteordeak euskara politizatu zuen herenegun, Hego Euskal Herriko erakundeei onartutakoa beretzat ere nahi zuela eskatzeko, «ea euskaraz eginda jaramon egiten diguten» iradokitzean, euskarak katalanak ez daukan indarrik balu bezala, gauza garrantzitsuak euskaraz egitea edukazio txarrekoa dela ez bageneki bezala; protokoloak dio gauza horiek espainieraz negoziatu eta sinatu ostean euskaratzen direla. Pentsa ezertarako balio ez duten itzulpen horien itzultzaile guztiak Frozen eta nobela eskandinaviarrak eta Balkanetako pentsalariak eta telesail amerikarrak itzultzen baleude. Esandakoa, Kataluniako Gobernua eta herritarrak eta katalanaren aldeko elkarteak mobilizatu ziren, eta lortu zuten Disney behartzea, irmo eta legeak aldatuta: Kataluniako zine-aretoetan katalanez izan behar dira filmen proiekzioen zati bat (sistema katalanak ere baditu akatsak, beste noizbait helduko diogu horri).

Atzo bertako txio bat: Catalunya Film Festivals eta Generalitateko Hizkuntza Politikako kideen bilera telematikoa, «hamar urte baino gehiago daramatzagu zinemaldietako filmen azpidatziak bideratzen, elkarlanean». Gurean oraindik euskaldunon diru gehiago bideratzen da espainieraz azpidaztera (espainierak sos publikorik behar balu legez) euskaraz egitera baino.

Hala irakurri genuen albistea ostegunean: ETB1eko saioak ETB4n azpidatzita emango dituzte. Neurri positiboa, baina duela 15 urteko mentalitate analogikoz, katea gune estanko bat bezala hartuta; gaur egun telebista kate gehienek emititzen dute botoi batekin azpidatziak kendu edo jartzeko aukerarekin. Euskal Herrian emititzen den atzerriko fikzioak sistematikoki beharko luke euskarazko azpidatzien aukera, ETBn zein Netflixen. Madrilen negoziatzen duzuen diputatu jaun-andereok: euskaldunek ere ordaintzen duten TVEren Clan haurren kateak euskarazko audio-aukera behar du. Seme-alabak eskolan euskalduntzeko urratsa egin zuten guraso erdaldunak aitita-amamak dira dagoeneko, baina milaka etxe eleaniztun horiek ez dira oraindik aintzat hartzen. Lander Garrori Urtzi Urkizuk galdetu zion nolatan amaitu zen Euskalonski saioa eta Vascos por el Mundo-k segitzen zuen (euskaldun ugari agertzen dira erdaraz, eta erdaraz dira Euskal Herritik senideek bidalitako mezuak ere). Nire galdera, zertarako behar ditugun horrelako bi saio. Ez ote da garaia gisa horretako saio bakarra egiteko atzerriko edozein euskal herritarrekin? Euskaldunekin nagusiki, baina (Hego zein Iparraldeko) erdaldunak ere sartuz, eta azpidatziekin jokatu? Katalunian konplexurik gabe egiten duten legez, hegemoniatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.