Gaurko idatzi honetan gure zainketa intentsiboen unitatean egin dugun lanaren berri ematera nator, interesgarri suertatuko zaizuelakoan. Hamalau hilabete benetan gogorrak izan dira, gutako askori bizitza urte askoan laburtuko digutenak.
Gure zerbitzuan artatuak 600dik gora izan dira. Gipuzkoan 720.000 biztanle garela kontuan hartuz, ia milatik bat gure unitatean egon da pandemia garai honetan. 40 urtetik gorakoak soilik aztertuta, milatik 1,4 dira gurekin izandakoak.
Zainketa intentsiboen premia izan dutenen batez besteko adina 60 urte ingurukoa da. %7k 40 urtetik behera dituzte; %40k, 60 urte baino gutxiago; eta %25ek, 70 urte baino gehiago. Gizonezkoak dira nagusi, kasuen hirutik bi osatuz.
Arrisku faktore nagusiak obesitatea, tentsio altua, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak izatea eta hipotiroidismoa dira, pneumonia garatzeaz gain, noski.
Pazienteen %70ek sedazioa eta arnasketa mekanikoa behar izan dituzte, beren kasa arnasteko gauza ez zirelako. Pertsona hauen bilakaera askoz ere okerragoa da, sedaturik egoteak muskuluak ahultzen dituelako, infekzio berriak garatzen dituztelako koronabirusaz gain, eta ondorio psikologiko larriak eragiten dituelako. Behin arnasketa mekanikoa ezarrita, egonaldia asko luzatzen da, eta zenbaitek gure zerbitzuan hiru hilabetetik gora behar izan dituzte. Badira ospitalean bost hilabete baino gehiago pasatutakoak ere.
Hilkortasun orokorra %20 ingurukoa da, baina banaketa ezberdina da adinaren arabera. 50 urtetik beherakoena oso baxua izan da, 70 urtetik gorakoena, aldiz, %40koa. Eta 75 urtetik gorakoena, %55 gainditzen duena; erdiak baino gehiago hiltzen dira. Adinaz gain, bestelako gaixotasunak izateak ere asko handitzen du hilkortasuna, zirkulazio arazoak bereziki (iktusa edo bihotzekoa, esaterako). Heriotza beranduko gertaera da paziente hauetan, ZIUra sartu eta hilabete ingurura ematen da gutxi gorabehera.
Garai latzak tokatu zaizkigu benetan, bere arrastoa uzten ari dena gure baitan, dudarik gabe. Langile gehienok ahituta gaude, indarrik gabe, eta animoz jota. Neurri handi batean, abandonatuak sentitzen gara, inori axolako ez balio bezala. Egun asko dira sufrimendua, isolamendua eta heriotza ikusiz. Nire eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiet lankide guztiei egindako ahaleginagatik, askotan lanbideak berak eskatzen duena baino handiagoa delako, sakrifizio pertsonala eskainiz.
Eta gurekin senide edo lagunen bat galdu duten guztiei, besarkada bana. Bidelagun izan gaituzue, eta gure lana eskertzen duzuela badakigu. Jaso ezazue gure arnasa lerro hauen bidez.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN
Gure jarduera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu