A ze astea ixten dugun. Urteari errematea emateko ere, zer-nolako astindua Espainiako Estatuari Kataluniako independentismoaren aurkako estrategian. Eta egoeraren gordina are ageriago uzteko, Eskoziak erreferenduma eskatu egun berean Londresi.
Europatik iritsi zaion azken jipoi horrek shock egoeran utzi du Espainia. Kataluniara begira, baina baita gobernagarritasun arazo larria daukan Espainiarekiko berarekiko ere. Azken urteotan behin eta berriz ikusi dugun arren, harrigarria egiten zait oraindik ere agendan markatuta zegoen zerbaitek, gertatzeko aukera handia zeukan zerbaitek, nola jartzen duen hankaz gora Madrilen eraikitako iruditeria, eta egoera orokorraz jabetutakoan bururik gabeko oiloaren gisan sumatzen dituzun herrialde horretako botereak, erabat sinetsita zeukaten zerbait amildu zaiela jabetuta. Ostegunean Luxenburgon ebatzitakoa ez baitzen Carles Puigdemont presidenteak edo haren abokatuek edo tsunami demokratikoak ezustean prestatutako ekintza edo estrategia berezi bat: mundu guztiak markatuta zeukan data agendan. Eta horren baitan, argi zegoen gertatutakoa gertagarri zirenen artean zegoela. Errepidearen erdian zuhaitza jausita dagoela ohartarazi, eta bi kilometro barru denez ezer ez egitea legez, eta bi kilometro beranduago arbolaren kontra jotzeanautoa apurtu delako aztoratuta ibiltzea.
Paradoxa da Oriol Junquerasek Luxenburgori egindako eskaeraren lehen emaitza izatea Carles Puigdemont eta Toni Comin Bruselako Parlamentuan ikustea. Baina haien etsaiek eta ustezko lagun batek edo bestek iradokitako erbesteko estrategian zelan asmatu zuten erakusten du. Espetxetik nekez defendatuko duzu ezer: kartzelarien bahitu bihurtzen zara haiek nahieran xantaia egiteko, eta erritmoa eurek gura bezala markatzeko. Espainiak, bere baliabide mediatikoak orkestra batean bezala mugituz, burua galduta Europan bakarrik dagoen liderra erakusteko ahalegina egin du behin eta berriz. Ohiko estrategia du hizketakidea gutxietsi eta bere buruari oztopoak jartzea balizko negoziazio baterako, goiz ala berandu hori egin beharko duela jakin arren: ordurako, iritzi publiko guztiak erosi eta irentsi du bere mezua, eta ezinezko zaio atzera egitea, ezin justifika ustezko gixajo pitzatu horrekin jesarri eta negoziatu behar dutela.
Luxenburgok Europari orain arteko belarrondoko handienetakoa eman zion egunean, Eskoziak erreferenduma egiteko asmoen berri ematen zion Londresi. Bi urratsetan, zehazki: galdeketa egiteko eskumena eskatuz alde batetik, duela bost urte bezala, baina bestetik, erreferendumaren legea bera eztabaidatuz eta bozkatuz Edinburgoko Parlamentuan.
Katalunian berehala erreparatu diote detaileari: «Gaur izan da Eskoziako irailaren 6-7a». 2017an Kataluniako Parlamentuak galdeketa legea onartu zuenekoaz ari dira, noski. Presidenteekin bezala, gutxietsi eta burla egin diote ekintza horri ere, herrialde serio bateko erabaki subiranoa dela aintzat hartu gabe. Baina garrantzitsuena, ekintza horiengatik hamaika urte eta erdiko espetxe zigorra dauka Carme Forcadellek. Boris Johnsonek, britainiar fineziaz baina irmotasun bera erabili guran, ohartarazia zeukan ez zuela onartuko Nicola Sturgeonek igorritako gutunik, atzera bueltan bidaliko zuela Edinburgorantz. Kanpainan zehar esandakoa gauza bat da, ordea, eta beste bat, erakundeekiko begirunea. Halakoez ohartarazi eta hamar egunera iritsi da Downing Streetera Holyroodeko gutuna, eta erantzuna, ezin bestela izan, oso desberdina izan da. Lehen ministroaren ordezkariak baieztatu du gutuna jaso izana, eta erreferendumik egin beharra ere ukatzen duten arren, instituzionalki behar den begirunez erantzungo dutela jakinarazi du. Urte berritan, ziur aski. Ezetzaren aurrean Eskoziak egiten dituen urratsak ere oso interesgarriak izango dira Espainiaren menpeko herrialdeetatik aztertzeko.
Panorama horretan, pentsa liteke Espainiaren gobernagarritasuna nabarmen konplikatu zaiola Pedro Sanchezi. Aitzitik, egiaz negoziatu nahi balu, espainiar askok gustuko ez luketen urratsak emateko aukera paregabea ematen dio. Aspaldikoa da gustukoa ez den zerbait egiteko Europaren komodina erabiltzea. Luxenburgoko ebazpena sekulako mauka da katalan preso politikoen auzia bideratzen hasteko. Adi datozen egunetako urrats interesgarriei.
LEKU LEKUTAN
A ze astea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu