COP26

Hezeguneak desertu bilakatu ez daitezen

Argentinako lur eremuaren %22 inguru hezeguneak dira, baina iaz 350.000 hektarea hezegune baino gehiago suntsitu ziren suteen ondorioz. Orain, hainbat alderdi lanean hasiak dira horiek babesteko lege proiektu bat onar dezan Kongresuak.

Buenos Aires
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Denbora luzean urpean egon ohi diren ekosistemak dira hezeguneak. Ura da haien ezaugarriak definitzen dituen elementua, eta horregatik dira horren oinarrizkoak planetarentzat. Ingurunea garbitzen dute, eta ur geza pilatzen. Uholdeak eragozteko ere baliagarriak dira, ura xurgatzeko gaitasun handia dutelako eta, beraz, euriteek eragin ditzaketen kalteak gutxitzen dituztelako. Eta, lehorteei dagokienez, ur iturri garrantzitsua dira. Hau da, gutxitu egiten dituzte klima larrialdiaren ondoriorik kaltegarrienak. Arrazoi horiengatik guztiengatik dira horren garrantzitsuak ekosistemarentzat.

Garapenerako Nazio Batuen Programak aurten argitaratutako txosten baten arabera, hezeguneek oraindik Kanada osoa baino eremu handiagoa hartzen dute mundu osoan, baina azkar ari dira desagertzen, eta 1970etik hezeguneen %35 galdu dira mundu osoan. Argentinako Gobernuaren datuak ilunagoak dira: 1700. urtetik lurrean zeuden hezeguneen %87 desagertu dira. Horrek zuzeneko eragina du biodibertsitatean, batez ere Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeetan. Adibide bat ematearren: 1970eko hamarkadatik ur gezetako arrainen %81 galdu dira; halako ekosistema batean inoiz izandako galerarik handiena.

Argentinan ahaleginak egin izan dituzte lehendik ere hezeguneak babesteko, baina 2013an eta 2016an aurkeztutako lege proiektuak bertan behera geratu ziren, garaiz onartu ez zirelako. 2020an, 350.000 hektarea hezegune suntsitu ziren suteen ondorioz, batez ere Cordoba eta Entre Rios eskualdeetan. Gizarte mugimenduen eta, batez ere, 400 erakunde baino gehiagoren babesa jasotzen duen Hezeguneen Aldeko Sektoreartekoaren presioen ondorioz, hainbat bloke politikok aurkeztu zituzten gai horrekin lotutako lege proiektuak. Diputatuen Ganberan hamar egitasmo aurkeztu zituzten, eta bost Senatuan, eta guztiak proiektu bakarrean elkartzea lortu dute aurten. Egitasmoa indarrean dago oraindik, baina oraindik ez dute berretsi bi ganberetako bakar batean ere.

Galeren beldur

«Badaude sektore ekonomiko batzuk eskualdeko hautetsiak estu hartzen dituztenak egitasmo horiek bultzatu ez ditzaten, argudiatuz lege horrek kalte handia egingo diola arlo ekonomikoari», azaldu dio BERRIAri Leonardo Grossok, Guztion Frontea alderdiko diputatu eta behe ganberako Natur Baliabide eta Ingurumenerako Batzordeko presidenteak. Mossok eztabaida eremu bat bultzatu zuen Kongresuan, non adituek, zientzialariek eta ingurumenean erreferente diren hainbat pertsonak lege proposamenari buruz eztabaidatu ahal izan zuten.

Proiektuaren aurka agertu diren sektoreen artean dago Corrientes eskualdeko Arrozaren Ganbera. Probintzia hartan hezegune asko aurki daitezke, baina, Hezeguneen Aldeko Sektoreartekoak salatu duenez, arrozaren monolaborantzak eta nekazaritzarako gai kimikoen erabilerak kalte handiak eragiten dizkio ingurumenari. Zuhaitzak hazten dituzten nekazariak ere legearen aurka agertu dira, arautu egingo lukeelako haien ustiaketa. Meatze handiak ustiatzen dituztenak ere gehitu zaizkie proiektuaren kontra agertu direnei, litioa lortzeko baliatzen dituzten goi mendietako gatz meak ere hezeguneak direlako. Gauza bera gertatzen da Buenos Aires edo Santa Feren gisako hiri handietako higiezinen alorrarekin ere, auzo pribatu edo country deitzen diren horiek hezeguneen gainean eraikitzen direlako.

Basoen ustiaketak, nekazaritzaren negozioak, meatzaritzak, petrolioaren ustiaketak eta gehiegizko eraikuntzak kalte egiten diete lurrei, eta, ondorioz, lur horiek baztertu egiten dira, basoetako espezieak gutxitzen, lur emankorrak galtzen, uztak kaltetzen, eta ur geza gutxitzen. Hau da, kalte handia eragiten dio biodibertsitateari, tenperaturak igotzea eragiten du, eta gizataldeak bizitzeko toki berriak bilatzera bultzatzen ditu. Bestalde, nabarmentzekoa da Argentinako lurren %22 direla hezeguneak, NBE Nazio Batuen Erakundeak azken txostenean jasotako datuen arabera.

Honela azaldu du Grossok: «Lege proiektuak ez du debeku zehatzik edo zalantzagabekorik ezartzen, baina jasotzen ditu hezeguneak hainbat jarduera ekonomikotarako baliatzeko parametroak, ekosistema horien ezaugarri bereziei kalterik egin gabe». Lurrei egindako kalteak ez du bakarrik espezieen desagertzea azkartzen: klima larrialdia ere bultzatzen du basogabetzearen eta lurrean karbonoa pilatzeko gaitasuna murriztearen ondorioz. Hezeguneek beste edozein ekosistemak baino karbono gehiago pilatzen dute. Horregatik, aliatu garrantzitsuak dira klima larrialdiaren aurkako borrokan.

Ramsarko Hitzarmena

Ramsarko Hitzarmenaren helburua da hezeguneak zaintzea eta haien arrazoizko ustiaketa bultzatzea, tokian tokiko ekintzak eta nazio mailakoak bultzatuz, eta nazioarteko elkarlanarekin, modu horretan mundu mailako garapen iraunkorra sustatuz. Ramsarko Hitzarmena indarrean da 1975etik, eta Argentinak 1991n berretsi zuen, 23.919 legearen bitartez.

Herrialde hartan 600.000 kilometro koadro baino gehiago dira hezeguneak. Lurralde nazionalaren hedaduraren eta aniztasunaren ondorioz, mota askotako hezeguneak daude bai hiri inguruetan, bai nekazaritza eremuetan. Hezegunetzat jotzen dira Andeetako mendietako lakuak, lautadetako putzuak, zotal ikaztegiak, maiz urpean geratu ohi diren larreak, itsasadarrak, itsas aintzirak eta padurak, besteak beste.

Argentinako 23 hezegune dira nazioarteko gune garrantzitsu edo Ramsar gune. Entre Rios, Santa Fe, Corrientes, Chubut, Cordoba, Jujuy eta Mendoza probintzietan daude horiek guztiak. Estatuak ez daukanez nazio mailako araudirik hezeguneak babesteko, eremu horiek hondatuz joan dira apurka-apurka. Horren adibideetako bat da Argentina ipar-ekialdeko Catamarca probintzia, non gaur egun Tres Quebradas gatzagatik litioa ateratzeko meatzaritza proiektu bat garatzen ari diren, Andeetako mendilerroan, 4.000 metro baino gehiagoko altueran, eta 2009an Ramsar gune izendatutako eremuan.

Argentinan dauden hezegune guztiak aurkitu ahal izateko lege proiektuak proposatzen du nazio mailako sailkapen bat egitea zientzialarien, unibertsitateen, gizarte zibileko erakundeen, nekazarien eta indigenen komunitate eta agintarien laguntzaz. Proposamenak jasotzen duenez, sailkapen hori amaitu artean ezingo da inolako aldaketarik egin lurralde horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.