Unibertsitate publikoak, tokia galtzen

Unibertsitate publikoak ikasleak galtzen ari dira etengabe, pribatuen mesedetan. Finantzaketan badago aldea: Deustuko Unibertsitatearena eta MUrena%181 eta %142 igo da, hurrenez hurren; EHUrena, %8.

Deustuko Unibertsitatearen eraikin berria, Donostian. DEUSTUKO UNIBERTSITATEA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Finantzaketa handiagoa, gero eta ikasle gehiago, eskaintza zabalagoa... Garai loriatsuan daudeunibertsitate pribatuak; publikoak, berriz, kontrakoan: finantzaketa ez diete hainbeste areagotu, eta ikasleak galtzen ari dira.

Egun, gero eta ikasle gehiagok aukeratzen dute ikasketak egitea Euskal Herrian hiru unibertsitate pribatuetako batean: Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea edo Mondragon Unibertsitatea. Hori erakusten dute Espainiako Gobernuko Unibertsitate Ministerioko datuek. 2019-2020ko ikasturteko zenbakiak begiratuta —behin-behinekoak dira— 43.215 ikasle hartzen dituzte Hegoaldeko unibertsitate publikoek eta 21.436 pribatuek; hots, ikasleen %66,8k EHU Euskal Herriko Unibertsitatean edo NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasten dute. Joera argia da: 2010-2011ko ikasturtean ikasle kopurua igotzea lortu zuten publikoek, baina jaisten ari dira ordutik. Ikasturte hartan, 49.230 ikasle zituzten unibertsitate publikoek eta 18.691 pribatuek; hots, ikasleen %72,5 hartzen zuten publikoek. Beraz, hamar urtean 6.000 ikasle pasatxo galdu dituzte publikoek; pribatuek, berriz, 2.745 irabazi.

%4,3 pribatuari

Ikasle kopuruan ez ezik, finantzaketan ere hazkundea izan dute unibertsitate pribatuek. Eusko Jaurlaritzak Unibertsitate Sistemaren Planaren bidez zehazten du lau urtean EHUk, MUk eta Deustuko Unibertsitateak zenbat diru publiko jasoko duten. Orotara, 60,7 milioi euro jasoko dituzte 2019tik 2022ra. Desberdina da Nafarroako egoera: Nafarroako Unibertsitate Zuzendaritza Orokorrak ez dio laguntza izendunik ematen Nafarroako Unibertsitateari—Opus Deiri lotuta dago—;NUPek, berriz, 75,6 milioi jasoko ditu aurten. 2013tik apurka-apurka hazten ari da kopurua; hain zuzen, %48 egin du gora ordutik. Baina NUPek finantzaketa apala jaso du historikoki, errektoreek eurek salatu izan dutenez.

Azken urteetako bilakaerari begiratuta, ikus daiteke pribatuak lekua irabaziz joan direla Unibertsitate Sistemaren Planean. 2007-2010 planean, unibertsitateetan inbertitutako diruaren %2,7 zen pribatuentzat; aldiz, 2019-2022 planean, %4,3. Hain zuzen, lehen plan hartatik azkenekora %181 igo da Deustuko Unibertsitatearen finantzaketa eta % 142 Mondragon Unibertsitatearena; EHUrena, berriz, %8.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.