12/2016 legeak aukera ematen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei Espainiako Estatuko Poliziaren edo talde parapolizialen indarkeria jasan izana aitortzeko eskatzeko. Foro Sozial Iraunkorraren ustez, «garrantzitsua» da legea, gaur egun egiarako eta erreparaziorako dagoen «tresna nagusia» baita. Ordea, biktimen aldetik ez du orain arte arrakasta handirik izan, eta, hori dela eta, aitortza eskeak egiteko epea berriro irekitzeko eskatu zuen Foro Sozialak atzo Donostian egindako agerraldi batean. Eskariak egiteko epea berriro zabaltzearekin batera, «komunikazio kanpaina egoki bat» egitea ere galdegin zion foroak Eusko Jaurlaritzari, baita biktimei laguntzeko «hurbileko» zerbitzu bat martxan jar dezala ere, «bitarteko eta prestakuntza egokiekin».
Joan den abenduan bururatu zen EAEko 12/2016 legearen barnean eskariak erregistratzeko epea, eta Foro Sozial Iraunkorreko Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek gogoratu dute Eusko Jaurlaritzak estatuaren biktimen 710 eskaera baino ez dituela jaso—bertze 460 galde ere jaso zituen, polizia eta guardia zibilek egindakoak, baina gibelera bota zituzten, legea ez baitago haientzat egina—. Foroaren ustez, «gutxi» dira horiek: «Estatuaren indarkeriek 366 hildako, 1.172 zauritu eta ofizialki aitorturiko 4.113 tortura kasu eragin dituzte —eta horietatik 88 hildako eta 66 zauritu onartuak zeuden aurreko dekretuen bidez—. %13k bakarrik eman dute orain aitortza eskaerak aurkezteko pausoa». Altzelairen ustez, kopuru horrek erakusten du «bide luzea» dagoela egiteko: «Balorazioa gazi-gozoa da».
Foro Sozialak hainbat arrazoi ikusten ditu eskaera bakan horien gibelean. Nagusiki, hiru: estatuaren biktimek justiziarekiko duten «mesfidantza», instituzioetako politikekiko duten «konfiantzaren haustura sakona» eta «abandonatuta» egotearen sentsazioa. Foroak gaineratu du estatuaren biktimen %39 «argitu gabeko kasuak» direla, eta, beraz, horiek «agendatik kanpo» daudela. Estatuaren biktimek, halaber, «bigarren mailakoak» izatearen sentipena dute, foroaren hitzetan, eta «etengabe birbiktimizatuak» daude. Horren aurka dago foroa, eta horregatik jarria du arreta berezia aurten biktima horiengan: «Eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egitea baztertu behar da».
Baliabide gehiago
Eskaerak egiteko epea irekitzea ez ezik, foroak eskatu du baliabide gehiago eman diezazkiotela eskaera horiek aztertzen dituen Balorazio Batzordeari, «orain arte jasotako 710 espedienteak arrazoizko epe batean ebatzi ahal izan ditzan, epeak luzatu gabe». Izan ere, foroak uste du epeak luzatzeak «segurtasun falta» emanen liekeela biktimei. Eusko Jaurlaritzari erreparazio ekitaldiak antolatzeko deia egin diote Altzelaik eta Hernanek, halaber. Iazko ekainaren 26an torturaren aurka egindakoa eta aurten Orbaizetan (Nafarroa) antolaturikoa hartu dituzte adibide.
Biktimei eurei ere luzatu die mezua foroak: «Oraindik tramitea egin ez duten biktimak animatu nahi ditugu lege honi aitortza eskaerak aurkezten jarrai dezaten, epea itxita egon arren araudiak onartzen baitu espedienteak aurkeztea, eta keinu garrantzitsua izango litzateke». Orain arte eskaerak egin dituzten biktimen «ahalegina» aitortu du Foro Sozial Iraunkorrak, dokumentazioa betetzeko lanak «sufrimendua berpiztu» ahal izan dielako.
Balorazio Batzordea osatzen duten bederatzi lagunei ere eman dizkiete eskerrak, egiten ari diren lanagatik: «Baliabide gutxirekin eta Sekretu Ofizialen Legeak artxiboetan arakatzeko ezartzen duen ezintasuna kontuan hartuta, ikerketa lan goraipagarria egiten ari dira egia bilatzeko».
Foro Sozialak eskatu du zabal dadila biktimek aitortza eskatzeko epea
Estatuaren biktimak eurak ere eskariak egitera bultzatu ditu. %13k soilik egina dute galdea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu