Aberri Eguna. Elkarrizketa. Josu Kamara. EH Batera-ren talde sustatzaileko kidea

«Komunitate honetako kide guztiok merezi dugu gure eguna ospatzea»

Gutxienez 115 herri eta auzotako plazetan antolatu dituzte ekitaldiak Aberri Egunerako, EH Batera-k eginiko deiari erantzunez. Aurrera begira «bateratasun hori nola landu» pentsatzea da zeregina, Kamararen ustez.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jon olano
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
EH Batera plataformak Aberri Eguna ospatzera deitu du aurten ere, Keinu bat batera izenarekin, abesteko proposamena eginda. Antolatzen ari den erantzunarekin pozik da Josu Kamara (Lezama, Bizkaia, 1956). Hitz bat du ahotan; plataformarena «gonbidapen» bat dela.

Aberri Eguna batera ospatzeko deia egin duzue aurten ere. Zergatik?

Plataforma iaz sortu zen, baldintza oso berezietan ospatu behar baitzen Aberri Eguna. Ikusi genuen, hain egoera berezian, posible zela bateratasuna. Arrakasta ikusita, pentsatu genuen aurten jarraitu behar zela. Lanean hasi ginenean, ez genekien zehazki egoerak zer aukera emango zituen, baina jada argi daukagu, eta talde eragile honetako guztiok sentitzen dugu beharrezkoa dela, gure herriak merezi duela eta komunitate honetako partaide guztiok merezi dugula gure eguna ospatzea eta aldarrikatzea. Gogoa dugu herri bat garela aldarrikatzeko, adierazteko komunitate gisa bateratasunean eraiki nahi dugula zerbait.

Ez da iazko egoera, baina ezta normal-normala ere.

Horregatik, aurten Keinu bat batera izena jarri diogu gure aldarrikapenari; izango da bakoitzak dagoen lekutik egin dezakeen gauza bat egitea, keinu bat. Gure herri anitz honetan kantua hain sustraituta dagoenez, pentsatu dugu aurtengo keinua hortik bideratzea. Aurten ez gaude konfinatuta, leku desberdinetan egon gaitezke, eta, beraz, apirilaren 4an 12:30ean modua jarri dugu denok keinu bera egiteko, Euskal Herrian nahiz euskal herritar bakoitza dagoen lekuan. Modu telematikoan egingo dugu; bideo bat grabatu dugu hiru kanta esanguratsurekin, eta gure gonbidapena da mundu guztiak kanta ditzala momentu berean, dagoen lekuan dagoela.

Txoria txori, Ikusi mendizaleak eta Gernikako arbola. Zergatik hautua?

Txoria txori, askatasuna irudikatzeko; Ikusi mendizaleak, maite dugun herriari eta maite ditugun herritar guztiei maitasuna adierazteko; eta Gernikako Arbola, batasunari abesteko herriaren ikur moduan. Hori, hainbat bitarteko erabiliz modu sinkronizatuan emango da, eta aukera izango dugu dauzkagun baliabide teknikoekin hori bizi izateko.

Plazara ere deitu duzue. Nolakoa da orain arteko erantzuna?

Gonbidapena zabaldu dugu plazetan ere momentu hori elkarrekin bizitzeko. Nahikoa erantzun ona izan du: 83 herriko plazetan egingo da zerbait, eta konpromisoa hartzen dugu guztietan hartuko direla osasun neurri guztiak. 83 dira jakinarazitakoak, beste batzuek agian euren kabuz egingo dute. Guk gonbita egiten diogu herriari, baina ez dugu ezer inposatzen: gerta daiteke lagun talde edo herri batek Euskal Herria beste kanta batekin irudikatzea. Proposatzen duguna da keinu bat batera egitea.

Aurrera begira?

Ikusita nolako erantzuna egon den eta nolakoa egongo den igandean, planteamendua da pentsatzea bateratasun hori nola landu; nola hurbildu daitezkeen antzeko norabidea daramaten bide ezberdinak. Helburua hori da: noizean behin batu gaituzten espazioak sortzen hastea.

Nola ikusten duzue Aberri Egunarekiko atxikimendua, oro har?

Igandekoa harrotasunez bizi izateko, herritar kontzientzia behar dugu. Mundu global honek gero eta indar handiagoa dauka herritar bakoitzaren nortasuna ahultzeko. Uste dugu komunitate bat sortu behar dela bakoitzaren nortasunetik identitate kolektibo batera. Gizarte aniztuna gara, gero eta aniztunagoa, eta denok ikasi beharko dugu komunitate horretan integratzen; errealitate berri bat sortzen ari da, eta denoi dagokigu geure burua kokatzea errealitate horretan. Sinesten dugu komunitate horretan, eta uste dugu posible dela komunitate zabal bat sortzea aniztasunean oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.