Normaltasunerako urrats handi bat egingo dute datorren astean Laudiok, Amurriok eta Aiaralde osoak (Araba). Eskualdeko enpresa nagusian, Tubacexen, lanera itzultzekoak dira langileak, ia zortzi hilabete iraun duen greba luze baten ondotik. Horretarako, baina, azken urrats bat falta da: sindikatuetako afiliatuen batzarrek ontzat hartzea haien ordezkariek eta zuzendaritzak atzo lortutako akordio baterako oinarria. Ustekabe handia izango litzateke batzarretan ezezkoa ateratzea, protestak eragindako nekeari batu behar baitzaio aldagai garrantzitsu bat: langileek lortu egin dute beren eskaera nagusitzat jo daitekeena, haietako inork ez uztea enpresa gogoz kontra. Trukean, soldatak izoztu beharko dituzte hurrengo hiru urteetan, eta beren urteko lanaldia 40 ordu handitu beharko dute.
Lakuan zuten atzo bilera zuzendaritzak eta enpresa batzordeak, Lan Sailaren bulegoetan. Funtsezkoa izan da sailaren eta Elena Perez Barredo sailburuordearen ekarpena, haien gidaritzapean egindako bost bileretan askatu baitute askaezina zirudien gatazkaren korapiloa. Enpresako zuzendaritzak eskatu zuen Jaurlaritzaren artekaritza, eta langileek ontzat hartu zuten. Perez Barredok nabarmendu zuenez, bere lana izan da zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko «topagunea» lortzea, eta pozik agertu da gatazka konponbidean jarri delako elkarrizketaren bidez. «Irtenbiderik onena da bi aldeek adostutakoa».
Lan sailburuordeak ez du iritzirik eman nahi izan hitzartutakoren edukian —«Eusko Jaurlaritza ezin da negoziazio kolektiboan sartu»—, baina bai, noski, sindikatuek. Ñabardurak ñabardura, denek azpimarratu dute gaur 234 egun beteko dituen grebak lortu egin duela xede nagusia: kaleratze traumatikorik ez izatea. Marra gorria hori zela gogorarazi du ELAk —lau kide ditu enpresa batzordean, STATek adina; hiru ditu CCOOk, eta bana LABek eta ATALek—, eta horregatik egin zuela porrot joan den asteko saioak.
Zehatzago izateko, lan erregulazioaren negoziazioaren ondorioz enpresa uzteko eskaintza onartu zuten 22 langileen kasuak atzeratu du konponbidea. Sindikatuek argudiatu dute langile horiek egoerak behartuta onartu zutela kaleratzea, enpresak esan zielako beren lanpostuak kenduegingo zirela. Baina EAEko Auzitegi Nagusiak erregulazio espedienteko 129 kaleratzeak indargabetu zituenean, 22 kaleratze horiek borondatezko izateari utzi ziotela diote sindikatuek, kaleratze behartuak zirela.
Haietako batzuk berriro Tubacexera itzultzeko borondatea agertu dute, eta haientzat lekua egitea bilakatu da azken egunotako erronka nagusia. Langile horiek itzuli egingo dira Tubacexera, beste batzuk prest daudelako orain enpresa uzteko; kontratu etete horiek kaleratze bidegabe moduan kudeatuko dira, eta, kalte ordainaz gain, 3.000 euroko ordainsari bat jasoko dute. Era berean, hamasei langilek erretiro aurreratua hartuko dute.
Hiru urterako ituna
Halako kasu gehiago egon daitezke hurrengo urteetan, baina enpresak konpromisoa hartu du 2022-2024ko epean behintzat ez duela inor modu traumatikoan kaleratuko. Hiru urterako lan ituna berritu dute negoziazioetan, eta, horretan, lan kostuak txikitzeko —edo ez handitzeko— beste neurri batzuk hartu dituzte: 2021eko tauletan soldatak %3 igoko dira, baina 2022an, 2023an eta 2024an izoztuta izango dira, eta enpresak langileen BGAEedo pentsio osagarrietarako egiten duen ekarpena %4tik %1era jaitsiko da. Neurri horiei guztiei esker, Arabako bere plantetan «derrigorrezko kostu txikitzea» egin ahal izatea txalotu du Tubacexek.
Gainera, lortu du langileek urtean beste 40 ordu lan egitea; 1.696 guztira. Azken baldintza horrek sindikatuen kritika piztudu. ELAri «kontraesana» iruditu zaio lanaldiaren luzapena eskatzea eta, aldi berean, aldi baterako enplegu erregulazioak egin nahi izatea. LABek ere salatu du «sobran omen zeuden langileak» bota nahi izatea eta lanaldia luzatzea, eta bereziki haserre azaldu da Lan Sailarekin, aukera hori proposatu duelako. Oro har, «lotsagarria» iruditu zaio LABi Jaurlaritzaren jarrera negoziazioetan, uste baitu enpresaren «bidelagun» izan dela. Horregatik, sindikatu horrek ez zuen atzo akordio baterako oinarria sinatu, eta gaur hartuko du azken erabakia, bere afiliatuen iritzia entzun ondoren.
Desadostasunak izan arren, sindikatuek onartu dute hitzartutakoa grebaren ondorio izan dela: «Proposamenak sindikatuon eskaerak jaso ditu Tubacexeko langileek otsailaren 11tik greba mugagabea egin dutelako. Horrek eman digun oihartzun eta indarra giltzarriak izan dira», esan du ELAk. LABek «borrokaren bidea» goraipatu du, eta hala egin du CCOOk ere, baina sindikatu abertzaleei kritika bat egiteko aukera galdu gabe: «Negoziazioa eta mobilizazioa dira CCOOren nortasun ikurrak, langile klasearentzat eskubideak lortu eta horiek babesteko formula zalantzaezina, beste estrategia batzuen aldean».
Lan gatazkak. Tubacex
Tubacexen lanera itzuliko dira
Akordiorako oinarria lortu dute zuzendaritzak eta sindikatuek. Langileen batzarrek berretsiz gero, otsailean hasitako greba bukatuko da. Enpresak agindu du ez duela inor botako 2022-2024ko epean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu