Koronabirusa

Kirrinka batekin itxi dituzte

Patronalek hitz gogorrekin salatu dute Espainiako Gobernuak oinarrizkotzat jotzen ez dituen jarduera gehienak itxi izana. Tapiak zirrikituak bilatu nahi ditu geldialdian, eta Txibitek malgutasuna nahi du

Tailerrak itxita, Mutiloabeitiko industrialdean. atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Aranburu - Xabier Martin
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Itxi egin dira irekita zeuden lantokien ateak. Kirrinka ozen batekin itxi ere, enpresaburuen elkarteek«kaosa», «burugabekeria» eta antzeko hitz gogorrak erabili dituzte Espainiako Gobernuaren erabakia kritikatzeko. Hitz neurritsuekin bada ere, patronalen irizpideekin bat egin du Eusko Jaurlaritzak, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak jakinarazi du ahalik eta enpresa gehien irekita jarraitzeko zirrikituen bila ari dela. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak malgutasuna eskatu du sektorerik oinarrizkoenak zeintzuk diren erabakitzeko. Sindikatuak, berriz, pozik beren eskaera bete delako, eta haserre Jaurlaritzarekin, patronalen interesak soilik defendatzen dituela uste dutelako.

Espainiako Gobernuaren azken dekretua muturreko bat da azken asteetan Jaurlaritzak sutsuki defendatu duen jarrerarentzat: jarduera ekonomikoari ahalik eta gehien eutsi nahi zion, osasun larrialdia bukatutakoan ekonomiak bizkorrago erantzun eta geldialdiaren kalte ekonomikoa txikitzeko. Ikusita borroka galdua zuela, Jaurlaritzak leloa moldatu zuen atzo. «Gure helburua da gutxieneko jarduera bati eustea, ez %100 eustea eta langileak arriskuan jartzea, baizik eta osasun neurriak lehenetsita, ekoizpenari gutxieneko batean eustea, gero berpiztea errazagoa izan dadin», adierazi zion Tapiak BERRIAri.

Sanchezen gobernuaren dekretuaren lerro batzuk ate bat zabalduko lukete horretarako, eta haien bila ari da Jaurlaritza. «Siderurgia ez da aipatzen salbuetsita dauden sektoreen artean, baina energiaren alorrean, industria elektrointentsiboek badute mekanismo bat etenak ekiditeko, sistema hondatu ez dadin. Orain ez dago %100ean, baina argindar sistemari agian ekarpen bat egiten diola kontuan hartuta, jarraitu ahalko luke siderurgiak».

Egiazki zirrikitua ba ote den jakin gabe, eta gogo txarrez, Sidenor altzairutegiak bere lantegiak itxi zituen. Tubos Reunidosek gauza bera egin zuen: Amurrioko eta Trapagarango fabrikak itxi, eta ABEE aldi baterako lan erregulazio bat aurkeztuzuen langile guztientzat. Duela bi aste ere aurkeztu zuen halako bat, baina atzera bota zion Jaurlaritzak, ongi arrazoitua ez zuelako. Oraingoan «antolaketa eta produkzio arrazoiengatik» egingo du, langile batzordearen babesarekin. ITP Aerok ere Bizkaiko lau lantokiak itxi zituen, astebetez irekita izan ondoren.

Kafea denentzat

Jaurlaritzaren kexuetako bat da Madrilek, beste behin, kafea denenentz banatu duela, lurralde bakoitzaren egitura ekonomikoari erreparatu gabe. «Guztiontzako balio duen dekretua egin dute, eta badago sentipen hori: guztiok berdin-berdinak izan behar dugula; eta ez dute kontuan hartu legea guztiontzat berdina izanda ere, interpretazio desberdinak egin daitezkeela. Kanarietan dagoen industria jarduerak ez du zerikusirik Euskadin dagoenarekin, adibidez. Maria Txibite presidentea ere horixe bera eskatzen ari zaio Sanchezi: malgutasuna».

Hain zuzen ere, Txibitek berretsi egin zuen atzo jarduera bati eustearen aldekoa zela, eta ziurtatu zuen iritzi horretakoa zela Sanchez bera ere. Baina iradoki zuen adituen datuek behartu dutela Espainiako presidentea jarrera aldatzera. Hizkera aldatu eta jarduera geratzeaz mintzatu ordez, «hibernazio» moduko bati buruz mintzatu zen, «Eguberrietan edo sanferminetan bezala». Hori bai, funtsezko jarduerak zer diren zehazteko orduan, erkidegoetako gobernuek hori aukeratzeko ahalmena izatearen alde egin zuen.

Patronaletako kideak ahoan bilorik gabe mintzatu ziren. Gogorren, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea: «Enpresa bat ezin da itxi larunbat iluntze batean aldez aurretiko abisurik gabe, Oso larria da. Tentuz hartutako neurriak behar ditugu, gobernu arduratsuak, eta ez buruarinkeriaz neurriak hartzen dituztenak». Radio Euskadin egindako adierazpenetan, «kaosa eta mesfidantza» eragiteaz akusatu zuen Madrilgo gobernua. «Benetako arazo bat bilakatu da, eta zaindu beharko dugun mehatxu bat».

Hitz larriak SEAren partez ere: «Enpresen itxiera akats larri bat da, eta galga handia izango da ekonomiaren susperraldirako». Haren datuen arabera, ostiralerako itxita zeuden Arabako enpresen %54, %82k txikitu zuten produkzioa, eta hamarretik lauk eskatu dute enplegu erregulazioa.

CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartea ere suminduta azaldu da. Iragarri zuen «zailtasun handiak» izango dituela Nafarroak jarduerari eta enpleguari eusteko.

Osasunari lehentasuna eman arren, jarduerari eusteko modua bazegoela azaldu zuen Euskadiko Familia Enpresen Elkarteak.

Kritikak gobernuei

Beste muturrean azaldu dira sindikatuak. Asteak daramatzate funtsezkoak ez diren jarduerak ixteko eskatzen, eta langileen osasunak lehentasuna duela aldarrikatzen. Neurria «berandu» etorri bada ere, ongi hartu dute, nahiz eta ELAk esan duen «eztabaidagarria» iruditzen zaiola sektore batzuk oinarrizkotzat jotzea.

Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta patronalekin, ordea, oso haserre azaldu dira. Haiek defendatzen duten gradualismoa «hanka sartzea eta arduragabekeria izugarria» iruditu zaio ELAri, eta agintariei leporatu die «interes ekonomiko partikular batzuk» lehenestea. Eusko Jaurlaritza herritarren osasunaren aurka egiten ari dela uste du, «osasun irizpide publikoak patronalak ematea nahi duelako. Muturreko jarrera politikoak dira, Espainiako eskuinak hartutakoak baino muturrekoagoak».

LABek, berriz, iragarri du dekretuari azterketa juridiko sakona egingo diotela, Jaurlaritzak ireki nahi dituen zirrikituak ixteko. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak «mezu katastrofista» zabaltzea leporatu dio patronalari, baina are haserreago mintzatu da Jaurlaritzaren aurka. «Krisiaren hasieran, Madrilek alarma egoera dekretatu zuenean, Urkulluk esan zuen ez zuela hamar segundo baino gehiago galduko zentralizazioa kritikatzeko, leialtasunagatik edo. Bada, patronalaren alde aritzeko, etengabe ari da azken neurriak kritikatzen. EAJk autogobernuaren defentsa sutsua egiten duenean, patronalaren defentsa egiteko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.