Telefono hariak eman du modua solasaldi hau izateko konfinamendu garaian. Erdaretatik hamaika letra, istorio eta jakintza ekarri ditu euskarara Fernando Reyk (Iruñea, 1961), italieratik asko eta asko. Administrazioaren testuak itzuli ondoren, goxo egiten zitzaion atzerriko literatura euskarara ekartzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskararako Atal Teknikoko buru dabil lanean, eta, noski, ez du literatur itzulpena bazter uzteko asmorik.
Txantrear petoa zara?
Familia guzia Erriberrin jaioa dut, eta ni, parte handi batean, Erriberrikoa sentitzen naiz. Baina Txantrean bizi izan naiz beti.
Medikuntza ikasi zenuen, baina ez duzu izan ogibide. Zergatik?
Gaztetan gehiago zentratu nintzen euskalgintzan eta beste alor batzuetan, eta, momentu batean, bazter batean gelditu zen hori. Dena den, hurbiletik segitu dut: landu dut hizkera mediko eta zientifikoa, eta osasun arloko itzulpenak egin izan ditut.
Euskararekin maitemindu zinela esan izan duzu. Nolakoa izan da maitasun istorio hori?
Gaztetxo nintzela hasi nintzen euskara ikasten, 13 urterekin, eta beste mundu bat aurkitu nuen: Nafarroaren kulturaren parte bat, oso aberatsa eta ukatua zitzaiguna edo galdu genuena parte askotan. Gainera, maitemintze horrek ez zidan batere kentzen nire ama hizkuntza eta hari nion maitasuna. Ez dira kontrajarriak; gaztelania ere asko maite dut, eta gauzarik ederrenak gaztelaniaz esan zaizkit bizitzan.
Polimaitasuna, beraz.
Bai, hori da. Gauza ederra da, eta iruditzen zait hori dela bidea Nafarroan. Nafarroak bi leiho ditu, bi hizkuntza, eta zergatik begiratu behar dugu bakar batetik? Batzuek euskararen leihoa adreiluz tapatu nahi izan ziguten, baina nik nahiago ditut bi leihoko etxeak; argi gehiago sartzen da.
Euskara irakasle aritu zinen itzulpengintzan hasi aurretik. Nola hasi zinen?
Medikuntza ikasten nuen bitartean, euskara irakasle ibili nintzen Txantrean, eta diru pixka bat irabazi ere bai, karrera garestia baitzen. Oso esperientzia polita izan zen: euskaran sakontzeko eta gehiago maitemintzeko balio izan zidan. Kuadrillako gehienak ikasle izan nituen, eta kuadrilla ia-ia osoa euskaldundu zen.
Ikasteko gogoa handia zen garai hartan. Orain, ez hainbeste?
Jende asko bildu zen euskalduntzeko ahaleginera. Orain, D eredutik etortzen zaizkigu euskaldun berriak, baina ez dut halako surik ikusten euskaldundu nahi horretan. Gure belaunaldiko asko ailegatu ginen euskaraz bizitzera.
Itzulpengintzan nola hasi zinen?
Asmoa nuen BAMEen azterketara aurkezteko, baina beste lehentasun batzuk nituen, eta etxetik ateratzeko gogoa. Lanean hasi, eta Nafarroako Gobernuan lehenbiziko itzultzaile taldea osatzeko oposizioa atera zen. Pentsatu nuen lana lortuta BAME izateko ikasten segituko nuela. Inuzentea ni.
Itzulpen lan horrek eraman zintuen literatura itzultzera?
Zazpi itzultzaile hasi ginen, eta gero, beste zazpi. Oso talde aberatsa izan zen, eta ondoan tokatu zitzaidan lehenbizi lankide eta gero oso adiskide dudan Xabier Olarra. Berak kitzikatuta hasi nintzen itzulpen literarioan. Beste batzuekin batera, Igela argitaletxea sortu zuen, lan handia egin duena itzulpengintzaren eta euskararen normalizazioan. Igelkumea naiz, zapaburu nahi baduzu, eta Olarraren dizipulu, dudarik gabe.
Atsegingarriagoa zen literatura ere itzultzea?
Lan kargaren parte handi bat Nafarroako Aldizkari Ofiziala euskaratzea zen. Imajinatu zer poesia duen horrek: legeak, ebazpenak, foru dekretuak... Beste iturri batetik edatea ezinbestekoa zitzaidan. Gero, itzulpen ariketa oso gozagarria egin zait beti, behartu nauelako euskararen baliabideetan igeri egitera eta murgiltzera, eta ikertzera eta ikastera.
Nolakoak zarete itzultzaileak?
Itzulpen literarioen kasuan, itzultzaileak gara beste hizkuntzetan egin diren gauza ederrak gure hizkuntzara eta kulturara ekarri nahi ditugun pertsona batzuk, nahiko itzalean gaudenak, sobera nabarmendu gabe, eta hori eroso zaigu, neurri batean. Zubi lana egiten dugu. Nik uste dut guztion artean, talde lana baita, neurri batean pixka bat sustatzen ditugula euskararen corpusa eta osasuna.
Joseba Sarrionandiak esan zuen bezala, irakurle pribilegiatuak zarete?
Bueno, bai, itzuli behar ditugun testuak modu berezian irakurtzen ditugulako: asko erreparatuz ñabardura guztiei, lexikoari, sintaxiari... Sakon irakurriz eta asko erreparatuz bai edukiari eta bai formari, testuaren oso barrenean sartzen gara, eta batzuetan lortzen dugu asko hurbiltzea idazlearen asmoetara, edo harekin identifikatzeko aukera dugu.
Nola egiten da erdaren doinua euskaraz agertzeko?
Itzultzaileak ez du hitzen transposizioa egin behar, baizik eta ideiena, edukiena eta testuaren musikaltasunarena. Ez dakit norena den esaldia, baina zubi lan hori egin behar da ahal bezain hurbil, behar bezain urrun. Hurbil ikusi behar da testua, eta ez traizionatu, baina, gero, behar bezainbeste urrundu behar dugu jatorrizko testutik hori euskaraz emateko eta ez euskal hitzekin sortutako erdara batean.
Buelta eta buelta ibiliko zara; erabakiak hartzea zaila izanen da batzuetan, ezta?
Buelta asko, bai. Urteekin askatasuna irabazten dugu: hasieran orpoz orpo segitzen diogu jatorrizkoari, beldurrez; denbora pasatu ahala, libreago sentitzen gara, eta askatasun hori inportantea da.
Kantu baten bertsio bati balioa apaldu ohi zaion gisa berean apaltzen zaio balioa itzulpenari?
Sormen lanetik badu itzulpenak, dudarik gabe, eta prestigioa irabaziz doa, baina txarra izan du batzuetan. Uste dut hizkuntzen normalizazioan eta kulturen zabalkuntzan egin duen eginkizuna ez zaiola aitortu. Itzulpenen kalitateak hobera egin du; beharbada zurruntasunez egiten ziren garai batean. Kontuan hartu behar da euskararen corpusa orain dela gutxi erabaki zela. Gero, euskaldun askok diote nahiago dutela jatorrizkoan irakurri. Baina jatorrizkoa ez, gaztelaniazkoa nahiago dute, nahiz eta itzulpena izan.
Elena Ferrante, Adela Turin edo Antonio Tabucchi adiskidetzat dituzu dagoeneko?
Bueno, bai [irri egin du]. Tabucchi asko gustatu zitzaidan; Pereirak dioenez liburuan, asko identifikatu nintzen pertsonaia batekin, eta gauza ederra iruditu zitzaidan. Ferrantek estilo berezia du, eta Camillerirekin ere asko disfrutatu nuen. Adiskide, ez dakit. Begira, Lorenza Mazzetti adiskidetzat daukat, Zerua gainbehera dator euskaratu ondoren Olarra eta biok Erromara joan baikinen hura ezagutzera eta elkarrizketatzera. Zoragarria izan zen Mazzetti ezagutzea eta ikustea nolako bizipoza adierazten zuen nahiz eta ikaragarri sufritu II. Mundu Gerraren ondoren.
Itzultzerakoan, zenbateraino ezagutu behar duzu idazlea?
Ezinbestean sartzen zara, eta ikertzen duzu idazlea nor den, zer asmo zuen, zer beste liburu idatzi dituen, zer ezaugarri dituen... denbora baduzu. Adibidez, Gianni Celatirekin harremana izan nuen itzulpena egiterakoan, eta gauza batzuetan laguntzen zidan.
Pereirak dioenez bitan aipatu duzu. Itzulpengintzako Euskadi saria jaso zenuen harekin. Liburu berezia da zuretzat?
Bai; idazle handia da Tabucchi. Oso liburu ederra da, kontatzen duen istorioarengatik eta agertzen diren zenbait baliorengatik. Gainera, oso gustura eta patxadaz egin nuen: tiraderan utzi, beratzen utzi, berriz hartu, errepasatu... Saria jasotzea pozgarria izan zen, bai, beti polita baita norbaitek esatea ongi egin duzula.
Azken legegintzaldian, instituzioetan egin duzu lan, Bizikidetza eta Memoria zerbitzuburu. Nafarroako giro nahasian ez zen erraza izanen, ezta?
Motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz hildakoren bat izan zuten familia gehienekin elkartzea tokatu zitzaidan gehienbat. Esperientzia gogor bezain polita izan zen pertsona horiengana hurbiltzea. Asko irakatsi zidan: aurpegiak ezagutuz, ideia asko erortzen dira. Argi ikusi nuen zer ez zen sekula gertatu behar.
Talka handia izan zen, eskuinaren aldetik batez ere. Presio horrekin lan egitea nolakoa zen?
Bi mundu dira politikoa eta pertsonala. Egia da, abertzaleak zeuden gobernua izanda, biktima batzuen mesfidantza agerikoa zela. Baina pertsonak ezagututa gauza batzuk desegin egiten dira. Bai, presioak izan ziren guregana hurbil ez zitezen, nahiz eta gure asmoa ona zen: biktima guziei laguntza eskaintzea; hori bai, inor baztertu gabe. Norbaitek eskatzen badit torturaren biktima bati atentziorik ez emateko, ezetz esanen diot.
Bizikidetza gertuago ikusten duzu, edo geldi dago?
Pauso batzuk ematen ari dira, eta falta dira gauza batzuk. Iraganaren kritika egin behar dugu parte guztiek, baina jakin behar dugu aurrera egiten. Jakina, inor ezin da baztertu irakurketan eta konponbidean; bestela, enkistatu eginen da. Alde horretatik, [Espainiako] estatuak ez du pausorik eman bere izugarrikeriak aitortzeko. Biktima batzuk oso ahul sentitzen dira, ez zaielako inolako aitorpenik egin.
Euskarari buruz hau esan zenuen 2012an: «Noizbait ere salto kualitatibo bat gertatuko da, batez ere gobernu aldaketa izaten bada [Nafarroako] diputazioan». Gertatu da?
Aldaketa ezinbestekoa izan da. Gauzak nahiko ongi egin dira, baina bakoitzak bere sentsibilitateko alorrean sentitzen dugu gehiago ere egin beharko litzatekeela. Aldaketa apaltasunez egin behar da, baina konplexurik gabe. Marka dezala gehiago bidea gure sinesmenak, oposizioak jarriko dituen trabei diegun beldurrak baino.
Fernando Rey. Itzultzailea
«Igelkumea naiz, zapaburu nahi baduzu, eta Olarraren dizipulu, dudarik gabe»
Itzulpena ofizio eta afizio du, eta edozein testu euskarara ekarrita gozatzen du, hizkuntzan murgiltzeko aukera baitu. Azaldu du jatorrizko testutik «hurbil bezain urrun» egon behar dela egoki itzultzeko. Euskaraz eta bizikidetzaz ere aritu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu