Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske leloaz josita daude Iruñeko kaleak, eta, urtero bezala, jendez lepo dago sexu erasoen aurkako informazio gunea. Bestak iraun bitartean, 11:30ettik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara izanen da zabalik. Gazteluko plazako guneko langileak buru-belarri dabiltza edozein zalantza argitzeko prest.
Arreta, laguntza eta informazioa eskaintzeaz gain, sexu erasoren bat jasan dutenentzako baliabide medikoak, juridikoak eta polizialak eskaintzen dituzte. Horretarako, gaian adituak diren profesionalak egoten dira. Gunearen helburua da informatzeaz gain, kontzientzia piztea, berdintasuna bultzatzea eta eraso sexistarik gabeko gune seguruak eta errespetuzko jaiak sortzea.
Modu anonimoan erasoen erregistro bat jasotzeko gune bat ere bada. Bertan, sanferminetanjasotako edota ikusitako erasoak salatu daitezke. Horrez gain, erasoen kontra jendeak izandako jarreraren berri ere jakin nahi dute. Xedea da jendearen jokabidea aztertzea eta horren arabera sentsibilizatzen hastea. Informazio gunea ez da eraso bat pairatu dutenak artatzeko leku bat, baina horretaz arduratzen diren zerbitzuetara bideratuko dituzte emakumeak.
2014ko sanferminetan Iruñeko Udalak gune hori jarri zuen lehenengo aldiz, eta urtez urte zerbitzua indartuz joan da. Hasieratik, mugimendu feministarekin elkarlanean aritu dira, baina iaz zenbait feminista erasoen kontrako mahaitik altxatu ziren. Salatu zuten Iruñeko Udalak sexu erasoen aurkako estrategia «urardotu eta edukiz hustu» nahi zuela: «Erabakiak alde bakarrez eta ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe izan dira».
«Haserre» eta «kezkatuta»
Aurten ere feministak «haserre» eta «kezkatuta» daude Iruñeko Udalaren jarrerarengatik. Batetik, salatu dute «zentzugabea» dela Carlos Salvador berdintasun zinegotzia izatea. Bestetik, uztailaren 1eko hilketa matxistaren harira, Cristina Ibarrola Iruñeko alkatearen adierazpenak gaitzetsi dituzte. Ibarrolak esan zuen «hiriaren irudiaren kalterako» dela. Erasoen informazio gunearen aurkezpenean nabarmen du du ez dela inongo eraso sexistarik onartuko. Horrez gain, azken egunetako hilketa matxista aipatu du zeharka: «Zoritxarrez, azken egunetan gertatutako kenduta, uste dut irudi ona ematen ari garela».
Eraso sexistak erregistratzeko guneaz gain, eraso LGTBIfoboak salatzeko aukera ere badago Harrotun, Iruñeko udal zerbitzuari esker. LGTBIfobiaren Aurkako Behatokia daukate, Iruñean LGTBI pertsonen kontra egindako erasoak jasotzeko. Helburua da LGTBIfobiaren erradiografia bat egitea eta beharretara egokitutako neurriak hartzea.
Sanferminetan itxita dago, baina, ostean, Harrotu kolektiboaren egoitzara jo daiteke, San Gregorio kaleko 28. zenbakira.Aurrez aurreko arreta nahiago izaten dute, «hurbilagoa» delako. Hala ere, beste bide batzuk ere badaude: 948-22 63 26 telefono zenbakira deitu, [email protected] helbidera mezu bat bidali edo online erregistro fitxa bete daiteke.
Iruindarrak eraso sexisten kontra
Eragile feministak eta Iruñeko Udala elkarlanean aritzen dira eraso sexisten kontrako informazioa eta baliabideak eskaintzen. Hala ere, kolaborazioa kolokan dago, feministek udalaren jarrera salatu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu