Aborigenak konstituzioan aitortzearen kontra bozkatu dute australiarrek

Galdeketan herrialdeko sei estatuek ezezkoa eman diote gobernuaren proposamenari

Erreferendumeko botoak pilatuta, atzo, Melbournen (Australia). CON CHRONIS/EFE.
Edu Lartzanguren.
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Nahi duzu lege proposamen bat onartzea, Australiako jatorrizko herriak konstituzioan aitortzeko, eta horiek parlamentuan aholkularitza talde bat izateko?». Galdera horri baietz edo ezetz esateko erreferenduma egin zuten atzo 17 milioi australiarrek. Inoizko parte hartzerik handiena izan da galdeketan, hots; herritarren %97,7k eman dute bozka —aintzat hartu behar da Australian derrigorra dela erreferendumetan parte hartzea. Proposamenak aurrera egiteko, baina, bi baldintza bete behar ziren: herrialde osoan baiezkoa gailentzea, eta gutxienez sei estatutik lautan baiezkoak irabaztea. Bozka guztiak zenbatu baino lehen iritsi zen emaitza; izan ere, ezezkoa izan zen nagusi estatu guztietan.

Herrialdea batzeko ariketa gisa aurkeztu zuen galdeketa lehen ministro Anthony Albanesek, iragan martxoan. Geroztik, kanpainan murgilduta izan dira bi aldeak. Batetik, proposamena «historikotzat» eta aborigenen eskubideen aldeko «sekulako aurrerapausotzat» jo zuten kanpainaren aldekoek; bestetik, «azalekoegia, faltsua eta inolako fundamenturik gabekoa» zela iritzi zioten kontra egin zuten askok.

Aborigenen eta Torres Itsasarteko Irletako Herritarren Ahotsa deitu nahi zioten jatorrizko herrietako kideek Australiako Parlamentuan izango luketen taldeari. Delako talde horrek aholkuak emango zituen aborigenei buruzko aferetan, baina haren ebazpenak ez ziren bete beharrekoak izango. Gainera, proposamenak aurrera egitekotan ere, gobernuak bost urteko epea izango luke talde hori eratzeko, eta, oraindik, ez zegoen argi ez nork ez zenbatek osatuko luketen.

Aspaldiko eskaera

Galdeketak Bihotzetik Egindako Uluruko Adierazpena du oinarri. 2017ko maiatzean 250 lider aborigena baino gehiago bildu ziren Uluru hareharrizko haitzean —leku sakratua da aborigenentzat, eta Gizateriaren Ondare 1987tik—. Bilkura hartatik sortu zuten dokumentuan eskatu zuten aborigenek osatutako talde bat aitortzeko Australiako Konstituzioan.

Gaur-gaurkoz, lurraldeko jatorrizko herriekin akordio ofizialik ez duen Commonwealtheko herrialde bakarra da Australia. Estatuko biztanleen %3,2 dira aborigenak, baina, zenbait inkestaren arabera, gainontzeko herritarrek baino heriotza eta pobrezia tasa handiagoak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.