Felix Zubia.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Olatua

2021eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bada Zarautzen kontatzen dugun gertakizun bat, orain pasatzen ari zaiguna azaltzen duena. 10 bat urteko neska bat etorri omen zen Zarautza barrualdeko herri batetatik, bere lehengusinaren lehen jaunartzera. Itsasoa sekula ikusi gabea izanik, hondartzara joan omen zen, bakarrik, hura ikustera. Handik pixka batera, etxera blai iritsi omen zen, bere jai egunetako soinekoa erabat hondarrez beterik, olatu batek goitik behera guztiz bustirik. Bere amak esan omen zion: «Maritxu, zer egin dun?» Eta alabaren erantzuna: «Nik ezer ez, Ama. Geldi geldirik geratu naiz, eta bera etorri da gainera, nik ezer egin gabe».

Iruditzen zait horrelako zerbait egin dugula guk ere. Denok baikenekien okerraldia iritsiko zela, Gabon jaien inguruan izaten diren ohiturak direla-eta. Osasun adituek eta agintari guztiek aurreikusi zuten zerbait zen, eta, hala ere, gainean lehertzen ari zaigu. Europa guztian zehar, herrialde asko eta askotan ikusten ari gara nola ari diren kasuak igotzen, ospitaleratzeak hazten, eta heriotzak ugaritzen. Euskal Herrian ere, igoera nabarmena da, eta hurrengo egunetarako igoera handiagoa espero da, behin kopuruak gorako joeran hasten direnean, ondorengo hazkundea esponentziala izaten delako. Egun gogorrak datozkigu, ospitaleratze, zainketa intentsiboen unitateetako egonaldi eta heriotzei dagokienez.

Zer gertatu da, beste behin ere lehena berriz izan dadin? Ba, neurriak erdizka hartu eta bete ditugula denok, «bai, baina ez» moduko bat egin dugula. Hasi agintariek harturiko neurrietatik, segi erosketa gune eta toki publikoetan egin ditugun egonaldiekin, eta gure etxeetan egin dugunarekin bukatuz. Denok egin ditugu gauzak erdizka, guri tokatuko ez zaigula pentsatuz, edo errealitatea ukatuz.

Eta zergatik egin dugu hau? Nik, medikuntzaren aldetik, ez dakit ondo azaltzen. Soziologian edo psikologian aditu direnek hobeto argituko digute beharbada. Ia urtebete pasatuta, neke handia nabari dut inguruan, neurriak ondo betetzen ari direnen artean. Beste askoren artean, arazoaren ukazio edo ahaztura bat, hildakoek garrantzirik ez balute bezala, pertsonak alboratu eta dena zenbaki eta estatistika bihurtzeko joerarekin. Izan liteke arazoa guri gertatuko ez zaigun ustea. Edo, ziurrenik, neuk aletzen asmatzen ez dudan arrazoi mordo bat izango da atzean.

Ziur dakidana da egun latzak datozkigula, eta neurri gogorragoak beharko ditugula, ezinbestean. Zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta handiagoa izango da kaltea, eta orduan eta gehiago kostako zaigu berriz ere egoera arintzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.