Espainiar estatuko seroprebalentziaren azken asteko datuek erakutsi dute SARS-CoV-2 birusarekin kutsatutako pertsona batzuek antigorputzak sortu eta bi hilabete ondoren galdu egin dituztela, eta ez direla detektagarriak haien odolean. Gertaera hori posible al da? Horrek esan nahi al du pertsona horiek immuneak edo babestuak ez daudela?
Edozein mikroorganismo, eta kasu honetan birusa, gure gorputzean sartzen denean, gure sistema immunea aktibatzen hasten da arrotza den horren kontra defentsa bat garatu ahal izateko. Erantzun immune horretan parte hartzen dute antigorputzen bidezko erantzunak eta erantzun immune zelularrak.
Antigorputz mota ezberdinak daude, eta horien barnean badaude neutralizanteak deituriko batzuk. Birusa zelulatik kanpo dagoenean, beste zelula batzuk infektatzeko asmoarekin, antigorputz mota horiek gai dira birusa blokeatzeko, indargabetuta utziz. SARS-CoV-2aren aurkako antigorputzak detektatzeak ez du zuzeneko babes-immunitaterik adierazten, eta oraindik ez da COVID-19a babesteko korrelaturik ezarri; hau da, ezezaguna da zenbat antigorputz-maila edo nolakoak izan behar diren babes hori lortzeko.
Antigorputzez gain, sistema immuneak badu erantzun immune zelularra deiturikoa ere. Horretan, T linfozitoek hartzen dute paper garrantzitsuena. Horien artean ere mota ezberdinetakoak daude, eta birusen kontra CD8 izenekoak funtsezkoak dira. Horiek gai dira, birusa zelula barnean erreplikatzen eta milioika kopia berdin sortzen ari denean, zelula horiek suntsitzeko. Horrela, zelula barnean dagoen guztia desegin egingo da, birusak barne.
Azken horiekin batera badaude ere beste T linfozito batzuk, CD4 izenekoak, eta horiek aktibatzean gai dira oroimen zelulak sortzeko, besteak beste. Horrela, pertsona batek, aldez aurretik izandako kutsadura baten ondoren, bere sistema immunea aktibatu bada oroimen zelulak garatuz, birus berarekin bigarren esposizio bat duenean zelula horiek oso azkar aktibatuko dira, sintomaren aldetik gaixotasuna askoz ere arinagoa izanik. Izatez, hau da benetan ikusten dena gaixotasun infekzioso askotan. Esate baterako, umeek askoz ere hotzeri gehiago dituzte helduek baino; zenbat eta helduagoak hainbat eta oroimen zelula gehiago ditugu eta.
Azkeneko asteetan erantzun immune zelularraren hainbat ikerketa argitaratu dira. Guztietan ohartarazten da T zelulen garrantziaz koronabirusaren infekzioa kontrolatu ahal izateko. Suediako Karolinska Institutuan egindako ikerketa batean ikusi dute sintoma arinak dituztenek edo asintomatikoak direnek, nahiz eta antigorputzik ez izan, oroimeneko T zelulak detektagarriak dituztela. Horrek esan nahi du antigorputzen testek detektaturikoak baino immunizatu gehiago daudela.
Gaur egun ez daude T zelula horiek laborategian detektatzeko proba errazak, baina immunoprebalentzia hori burutzea oso baliagarria litzateke, eta jadanik eginak dauden seroprebalentziaren azterketen gehigarria litzateke.
Azken finean, erantzun immune zelularrak kutsatutako zelulei eraso egiten die, birus-fabrikak suntsitzen ditu; antigorputzek, aldiz, birusak suntsitzen dituzte. Biak ezinbestekoak dira birusengatiko infekzioa kontrolatzeko.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
Jasan ondoko immunitatearen misterioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu