Ez da anitz aldatu herenegundik atzo bitartekoirudia. Ipar Euskal Herriak konfinamendua bukatu du, eta, atzotik, etxeratze agindua bete behar dute herritarrek, 20:00etatik 06:00ak arte. Karrikak, ordea, ez dira kolpez berriz bete. Azaroaren 28tik, saltokiak ireki eta konfinamendua arindu zutenetik, jende andana ibilki da Baionako karriketan. Eguberrietako oparien poltsak eskuetan dituzte gehienek; gazteenek eskolako zakua bizkarrean. Funtsean, azken asteetako irudi bera eman zuen atzokoak.
Detaile txiki batzuk baizik ez dira aldatu: herritarrentzako ez da gehiago derrigorrezkoa etxetik ateratzeko ziurtagiria sakelan eramatea egunean zehar. Bestalde, leku batetik bestera mugitzeko ordu eta distantzia mugarik ez dute gehiago. Haatik, etxeratze agindua indarrean den orduetan, lanerako, osasun arazoengatik, edo larrialdiko arrazoiengatik bakarrik atera daitezke kanpora, ziurtagiriarekin.
Jatetxeen jabeentzako, baina, gauzak gehiago aldatu dira. Hetsirik segitzen dute,eta etxeratze tenoreak eramateko zerbitzuari kalte eginen diola uste dute. Eramateko zerbitzua eskaintzen duten ostatuek 20:00etan itxi beharko dituzte ateak, berantenez. Hortik aitzina, banatzaile profesionalek soilik ez dute izango janaria eramateko aukera, partikularrek ez.
Frank Hourcastagnou Baionako Marengo karrikako Goxoki jatetxeko jabea da, eta «bigarren kolpe» bat bezala bizi du neurri berria. «Orain arte, gutxienez, fakturak pagatzeko sos pixka bat biltzen genuen eramateko zerbitzua eskainiz. Baina etxeratze aginduarekin, oraindik aitzina arratsean lan ordu pare bat galtzen ditugu; garai gogorrak dira, zinez», deitoratu du. Halere, eramateko zerbitzua egiten segituko du eguerdian, eta arratsean, «zortziak bost gutxi» arte. «Bizitza ahal bezain normala egiten saiatzen gara. Goizean lanera joateko jaikitzen gara. Gure langileak langabezia partzialean daude, eta jabeok ez dugu geure burua ordaintzen. Baina fakturak, gutxienez, pagatzen ahal ditugu», azaldu du.
Eguberrietako bestentzat menu berezia prestatua da Hourcastagnouk. Abenduaren 24an etxeratze agindurik ez da izanen, eta espero du jendeak jakiak eskatuko dituela egun horretan. Abenduaren 31rako, ordea, ez du esperantza handirik: «Gehiegikeriak» saihesteko, Frantziako Gobernuak deliberatu du etxeratze agindua bere horretan uztea urteko azken egunerako.
Etxegabeen kezka
Konfinamendu bukaerak, bestalde, kezka sortu du etxegabeen artean. Lauga kiroldegia ireki zuen konfinamendu hasieran Baionako Herriko Etxeak, eta egunero berrogei bat etxegabe hartzen dituzte bertan. Berez, behin-behineko egitasmoa da, konfinamendu garaian ezarri dutelako martxan. Iragan udaberriko itxialdian ere ireki zuten, baina itxialdia amaitzearekin itxi zituen ateak zentroak.
Oraingoz, urtarrilaren 9ra arte zabalik utziko duela iragarri du Herriko Etxeak, «egoera ez bada berriz ere aldatzen».
Koronabirusa
Ondorioak ez dira berdinak denentzat
Etxeratze agindua atzo sartu zen indarrean Ipar Euskal Herrian. Itxialdiaren bukaerak ez die aldaketa handirik ekarri herritarrei. Zenbait sektoreri, ordea, «bigarren kolpe» bat dela iruditzen zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu