Lekukoak oraindik ere ez du hasi eskutik eskurako bidea, baina martxoaren 31n hasiko den lasterraldia jadanik ari da ilusioa zabaltzen. Lehendik ere egina zuten aitorpena arduradunek: 22. Korrika antolatzea ez da izan lan samurra. Edonola ere, orain, prestaketa lan gehienak amaitzearren diren honetan, ailegatu da garaia egitasmoari darion irrika herritarrei transmititzeko: Korrikaren aurkezpen soziala izan zen atzo Iruñeko Antzerki Eskolan.
AEK-ko antolatzaileez gain, euskalgintzako eta alderdi politikoetako zenbait ordezkari izan ziren ekitaldian, besteak beste, Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia; Agurne Gaubeka, Behatokiko zuzendaria; Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Javi Arakama (Geroa Bai) legebiltzarkideak; eta baita Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria ere.
Ekitaldiaren aurkezpenean nabarmendu zuten hiru urte direla Korrikak Euskal Herria alderik alde azkenekoz zeharkatu zuela. «Gogoa» nabaritzen dute antolatzaileek, eta baita euskaltegietako irakasle eta ikasleek ere. Horiek hartu zuten hitza hasieran, bakoitzak Korrikarekin duen harremanaz hitz egiteko. AEK-ko arduradun Aitziber Balantzategik hitz egin zuen gero. Gogoratu zuen Korrikaren bi helburu nagusiak bete gabe daudela oraindik: «Euskarari hauspoa ematea eta AEKren eguneroko jarduna diruz laguntzea». Horregatik, beti bezain beharrezko ikusten dute egitasmoa.
Hitzekin da aurtengo Korrikaren leloa, eta horren esanahiaz hitz egin zuten aurkezpenean. Zehazki, «hitzez ekitearen» garrantzia nabarmendu zuen Balantzategik: «Ekintza nahitaezko dugu eragiteko: enpresen euskara plan eta arauetan, pantailak euskaraz gozatzeko, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko, belaunaldi berriek erabil dezaten, arnasguneetan, administrazioan...». Hain zuzen, administrazioetatik euskarak jasotako kolpeak hizpide izan zituen AEK-ko ordezkariak eta, bereziki, Nafarroako Gobernua prestatzen ari den merezimenduen dekretu berria: «Atzerapauso izugarria da».
Auzolan erraldoia
Nerea Urbizuk musikatu eta Sustrai Colinak hitzez jantzitako Hitzekin abestia entzun ostean, hitza hartu zuen Asier Amondok, Korrikaren koordinatzaileak. Eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei, eta baita antolaketa lanetan parte hartu duten boluntario, irakasle eta laguntzaile guztiei: «Zuen bultzadari esker gaude hemen». Korrika «auzolan erraldoi» bat dela nabarmendu zuen Amondok, eta, hiru urteko geldialdiaren ostean, AEK-ko kideak «irrikaz» antzeman zituen: «Pozik gaude, eta gogo gara. Denok behar dugu kaleak eta errepideak hartzeak ematen digun bizipoz hori. Korrika hori baita: bizipoza».
Amurrion (Araba) hasiko da martxoaren 31n, eta Donostiara iritsiko da apirilaren 10ean. Aurten, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte, «euskal munduan eta euskaraz» eginiko 34 urteko ibilbideari aitortza egiteko.