Euskaraldia

Murgilketa linguistikoa barridearen etxean

Astebetez, inguru erdaldun bateko haurrak familia euskaldunetan egotea. Esperimentu hori egin du Lekeitioko Azkue ikastolak, eta bost familiak parte hartu dute lehenbiziko saiakeran. «Jarrera aldaketa» sumatu dute.

Lekeitioko Azkue ikastolako ikasleak. AZKUE IKASTOLA.
Isabel Jaurena.
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Ohikoa da murgiltze linguistikoa ingelesa ikasteko; Ingalaterra, Ameriketako Estatu Batuak eta Australia dira ariketa hori egiteko helmugarik ohikoenak. Euskal Herrian ere egin dute proba: joan den astean, Lekeitioko (Bizkaia) Azkue ikastolak Euskara behar dut kanpaina abiatu zuen, Euskaraldiaren barnean. Programa horren bidez, inguru erdaldun bateko umeek aukera dute Lekeitioko familia euskaldun batean astebete pasatzeko.

Lehenbiziko saiakera amaitu da jada. Denera, inguru erdalduneko bost ikasle —Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta bosgarren mailakoak eta DBHko hirugarren eta laugarren mailakoak— herriko bost familia euskaldunetan egon dira astebetez.

Ibon Goitia Azkue ikastolako zuzendariak azaldu du ume horiek euskararekin harremana zutela lehenagotik, baina orain arte ez zutela beharrik izan «euskarari dagokionez esfortzu bat egiteko». Lotsatzen zirelako, edo gainerako ikasleak haiekin gaztelaniaz mintzatzen zirelako.

Goitiaren erranetan, programari esker, astebetean «jarrera aldaketa» sumatu da komunitatean: familietan, irakasleen artean eta baita ikasleen artean ere. «Ikusten da [inguru erdaldunetik datozen] ikasleek esfortzu handia egin dutela, eta euskararekiko atxikimendu handiagoa dutela», azaldu du. Gainerako ikasleen jarrera ere aldatu dela nabarmendu du Goitiak: «Ikusi dutelako ikaskide bat euskara ikasteko programa batean parte hartzen ari dela, eta jada ez dira gazteleraz mintzatzen haiekin».

Programa arrakastatsua izan da, eta, Goitiak azaldu duenez, apenas izan duten zailtasunik. Baliabide materialei dagokienez, «ekonomikoki oso kostu txikiak» dituela erran du.

Pertsonek betetzen duten rolari begira, «eredu oso erraza» dela dio Goitiak: «Gurasoek ez dute behar inolako formakuntzarik: euskaraz hitz egin behar dute soilik». Programaren erronkarik handiena familiak aurkitzea izan daitekeela adierazi du Goitiak, baina haientzat ez dela zaila izan, herriko «familiak boluntario aurkeztu» direlako.

Herritarrak hainbertze konprometitu dira programarekin, ezen, lehenbiziko saiakera martxan zegoen bitartean, bertze zenbait familiak ikastolari jakinarazi baitiote hurrengo aldian parte hartu nahi dutela. Horrenbestez, Goitiak adierazi du udaberrian berriz abiatuko dutela programa: «Familia berriek parte hartzeko aukera izango dute, eta jadanik egon direnek ere izango dute horretarako aukera, errefortzu gisa». Datozen urteei begira, egitasmoa «luzerako» izanen dela erran du Goitiak.

Jatorria

Egitasmoaren jatorrian, istorio pertsonal bat dago, Goitiak bizitakoa. Duela urte batzuk, kanpotik etorritako ikasle baten amari ebakuntza bat egiten zioten bitartean, Goitiak umea bere etxean hartu zuen astebetez. Tarte horretan, gaztearen euskara anitz hobetu zela nabaritu zuten ikastetxean. Bilakaera hori herriko gainerako ume eta gazteek izaten ahal zutela pentsatuta, programa martxan jartzea erabaki zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.