BASOARTE ZARBATSUA

Espainiako Gobernuak desklasifikatu zituen lehen agiri sekretuak GALen ingurukoak izan ziren, 1997. urtean. Halere, zenbait dokumentu ezkutuan mantentzea erabaki zuen Moncloak, «estatuaren segurtasunaren» izenean.

Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, maiatzean, Madrilen. BALLESTEROS / EFE.
Iosu Alberdi.
2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak aurkeztutako Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektuaren harira, PSOEren Espainiako Kongresuko eledun Patxi Lopezek adierazi zuen ez duela «kezkatzen» GALen ingurukoak argitara ateratzeak, haiek bere garaian «epaitu eta zigortu» zirelako. Epaiketak egin ziren, eta zenbait auziren instrukzioak burutzeko informazio sekretua ere desklasifikatu zuten. Agiri ugari geratu ziren, baina, ezkutuan, nahiz eta horietako batzuk jada prentsan argitaratuta zeuden.

Ikusi gehiago:Pili Zabala: «Lege honek bi klausula dauzka: 'Gonzalez klausula' eta 'Aznar klausula'»

1995ean, Banesto bankuko presidente Mario Conderen aurkako prozesu judiziala martxan zegoela, Espainiako Gobernua mehatxatzea erabaki zuen bankariak. Horretarako, CESID Espainiako zerbitzu sekretuetako zenbait dokumentu bereganatu zituen, Juan Alberto Perote zerbitzu sekretuetako operazio buru ohiaren laguntzarekin: denera, 1.200 fitxa; eta tartean, gerra zikinari buruzko zenbait artxibo.

Aferak, baina, komunikabideetara salto egin zuen, urtea amaitu aurretik. CESIDen agiriek Espainiako Gobernua eta Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartela, gutxienez, zazpi hilketarekin lotu zituzten, GALen zenbait ekintza ikertzeko instrukzioak irekita zeuden garaian. Hala, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak —Oñederra auzia ikertzen ari zen—, auzitegi bereko Javier Gomez de Liañok —Lasa eta Zabala auzia— eta Donostiako Auzitegiko Justo Rodriguezek —Lucia Urigoitia auzia—hogei dokumentu sekretu desklasifikatzeko eskatu zioten Espainiako Gobernuari, eskuetan zituztenak egiazkoak ote ziren ziurtatzeko. GAL kasuko instrukzio epaile Eduardo Monerrek, berriz, ez zuen beharrezkotzat jo.

Hiru epaileek ezezkoa jaso zuten Jose Maria Aznarren gobernuaren partetik. Hura orduantxe iritsi zen Moncloara, eta uko egin zion halako erabaki bat hartzeari, argudiatuta estatuaren segurtasuna arriskuan jar zezakeela. Are gehiago, epaileei adierazi zien dokumentu horietako hiru CESIDen esku ez zeudela, beste bat errepikatuta zegoela, eta gainerako hamaseiak manipulatuta egon zitezkeela.

Gauzak hala, GALen biktimen senideen abokatu Iñigo Iruinek Auzitegi Gorenera eraman zuen eskaera, gobernuaren erabakiari aurre egiteko. Auzitegiko Administrazioarekiko Hirugarren Salako epaileen esku geratu zen afera, eta haiek desklasifikatzeko eskaeren alde ebatzi zuten. Ordurako, baina, ez ziren hamasei desklasifikatu beharrekoak. Zenbait egun iraun zuen eztabaidaren ostean, epaimahaiak hamahiru dokumentu desklasifikatzeko gomendioa egin zion gobernuari, eta Ministroen Kontseiluak hilabetera eman zion baiezkoa, apirilaren 18an.

Espainiako Gobernuak desklasifikatutako lehen dokumentu sekretuak izan ziren haiek. Ordurako, baina, Eduardo Moner epaileak itxita zuen GALen aurkako kausa nagusiko sumarioa. CESIDen agiririk gabe itxi du Monerrek GALen sumarioa argitaratu zuen Euskaldunon Egunkaria-k urte hartako apirilaren 5ean.

Desklasifikatutako dokumentuen artean zeuden GALen Sorrera agiria eta Ipar Euskal Herrian ekintzak egiten hasiko zirela aitortzen zuen mezu bat. Ez ziren, ordea, berriak. Lehen dokumentua, 1983ko uztailaren 6koa, Perotek lapurtutako eta hedabideek argitaratutako dokumentuen artean zegoen, eta Garzon epaileak haren kopia bat esku artean zuen, Ricardo Garcia Danborenea Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusi ohiak entregatu baitzion 1995eko irailean.

Halere, Gomez de Liaño berak hala adierazi zuen 1998an, Lasa eta Zabala auziko instrukzioa itxi zuenean. Gehiago ikertu zezakeen, baina «isiltasun eta konplizitatezko basoarte zarbatsu eta ilun batek» eragotzi zion «delitu hain larrien zipriztinak beste arduradun batzuengana» iristea.

Asko argitzeke

Moncloak ez zuen beste zenbait dokumentu desklasifikatzeko aukerarik utzi; haren hitzetan, auziak argitzeko beharrezkoak ez zirelako edo CESIDen eskura ez zeudelako. GALen inguruan egon daitekeen informazio kopuruaren berri izateko modurik ez dago, beraz, horiek desklasifikatuta ez bada. Halere, zenbait egunkarik 1990eko hamarkadan argitaratutakoen arabera, dokumentu horietako bat Guardia Zibilean «terrorismoaren aurkako talde berezi baten» ingurukoa litzateke, 1984ko urriaren 24koa, eta parte hartu zuten zenbait agenteren izenak jasoko lituzke.

Beste batzuk, berriz, Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko eta CESIDeko agenteak Peroterekin eta Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteleko buru Enrique Rodriguez Galindorekin izandako elkarrizketen transkripzioak dira. Haiek Lasa eta Zabala auziko epaiketan entzun zituzten, El Mundo-k argitaratu eta gero, baina epaileek ez zituzten froga gisa onartu. Argudiatu zuten ez zirela ondo entzuten.

Iaz, Mikel Zabalzaren hilketaren inguruko beste audio bat argitaratu zen, eta hala zioen Pedro Gomez Nietok Lasa eta Zabalari buruz: «Zuloak eginarazi genizkien».

2020an, berriz, CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralak desklasifikatutako beste dokumentu batzuk izan ziren Espainiako Gobernua jomugan jarri zutenak. Agiri haien arabera, Felipe Gonzalez prest zegoen ETAren aurka gerra zikina erabiltzeko: «Irudi du [Espainiako] gobernuak erabakita daukala ETAren aurkako borrokan estrategia ez-ortodoxo bat erabiltzea. [Ezkutatutako esaldi motz bat, eta segidan: Felipe] Gonzalez ados dago armadak kontrolatutako mertzenario taldeak osatzearekin».

Beraz, oraindik ere bada zer desklasifikatu eta zer argitu GALen inguruan, egileetako batzuk «epaitu eta zigortu» bazituzten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.