Kartoizko kaxak eta manta zahar bat. Askok hori baizik ez daukate, termometroek 0 graduren langa gainditzerik ez duten gau hotzenei aurre egiteko. Zaurgarrien artean zaurgarrienak dira etxe edo aterpe duinik ez dutenak. Izen-deiturarik gabeko zenbakiak estatistika ofizialetan. Aste honetan, beste bat gehitu dute kalean hildako etxegabeen zerrenda beltzera: 70 urteko gizonezko bat hilik agertu zen asteartean, Bilboko Bolueta auzoan. Bere etxolan sute bat piztuta hil zen. Atzo, berriz, kalean bizi zen emakume bat larrizauritu zen, bere arropak su hartu ondoren. Gertakariok agerian utzi dute kalean bizitzea beste aukerarik ez dutenak zein zaurgarriak diren. Hau da udal baliabideen egoera, hiriburuz hiriburu.
BILBO
Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotzi Juan Ibarretxek deitoratu egin du 70 urteko gizonaren heriotza, eta gaineratu «gertatutakoa ikertzen» ari direla. Nabarmendu du, halaber, hotzari aurre egiteko protokoloa indartu dutela aurten, eta inoiz baino jende gehiago hartu dutela udal aterpetxeetan.
Hain zuzen, urtarrilaren 18an, «etxerik gabekoei aterpe emateko baliabideak indartzeko» asmoa agertu zuen Bilboko Udalak ohar batean. Hotzaren ondorioz aktibatu zuen ezohiko baliabide sorta: «Honelako eguraldi hotza dagoenean, udalak aterpeetan sartzeko baldintzak murrizten ditu, aterpeetan ez da egonaldirik amaitutzat ematen, eta egonaldiak modu automatikoan luzatzen dira, hotz boladak irauten duen bitartean». Denboralea amaituta, berriz aztertuko dute aurreko egoerara bueltatu edo ez.
Horrez gain, toki gehiago egokitu dituzte udal aterpetxeetan: urte osoan, Bilboko Udalak 374 toki eskaintzen ditu hiriko hamahiru aterpetxeetan, baina egunotan 212 gehiago jarri dituzte eskuragarri. «Udalak gaueko harrerako udal zerbitzua eskaintzen du, bazterketa egoeran direnei laguntzeko. Gaua emateko lekuak dira», gehitu du udalak.
GASTEIZ
Gasteizen, kalean bizi direnen kopurua handituz joan da azken urteotan. Udalak 2022ko urrian egindako zenbaketaren arabera, 50 bat etxegabe daude Arabako hiriburuan, baina kalean lan egiten duten elkarteek uste dute kopurua hori halako bi dela. Duela bi urte Gasteizko Udalak etxegabentzako neguko ostatu dispositiboa itxi zuenetik, bi aterpetxe daude zabalik etxerik ez dutenek toki bero batean lo egin dezaten: Aterpea eta Harrera Sozialerako Udal Zentroa.
Bi guneak urte osoan daude zabalik, baina bakoitzak bere berezitasunak ditu. Aterpea soilik gauez dago irekita, 25 toki ditu, eta oso oinarrizko zerbitzua eskaintzen du. Harrera Sozialerako Udal Zentroa egun osoan dago irekita, eta oinarrizko ostatu, mantenu eta higiene premiak betetzeko modua ematen die 65 etxegaberi. Neguko muturreko hotzarekin, baina, udalak erabaki du bi aterpetxeetako eskaintza zabaltzea, eta hogei pertsona gehiagorentzako tokia atondu du: bost ohe gehiago jarri ditu Aterpean, eta beste hamabost Harrera Sozialerako Udal Zentroan. Gainera, malgutu egin ditu ordutegiak, beharra dutenek edozein ordutan aurkitu ditzaten aterpetxeetako ateak zabalik.
Gasteizko Udaleko Gizarte Politika Saileko iturriek BERRIAri emandako datuen arabera, negua hasi zenetik batez beste bost eta hamazazpi pertsona inguru ari dira udal aterpetxeak erabiltzen.Azken egunetako hotzaren eragina sumatu egin da, eta ohe guztiak beteta eduki dituzte. Baina ez da ohikoena. Udalekoek jakinarazi dutenez, joan den astean, elurra egin zuen lehen egunean, «soilik bost pertsonak» jo zuten aterpetxeetara.
Gasteizko Udalak urte osoan eskaintzen die etxegabeei epelean lo egiteko aukera, nahiz eta neguan egoten den behar handiagoa. Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, kalean bizi direnek badakite aterpetxeak erabiltzeko aukera dutela, hezitzaile talde bat arduratzen delako haiekin harremanetan jartzen, eta eskura dituzten baliabideen berri ematen diete. Denek, baina, ez dute joan nahi aterpetxeetara. «Kalean lo egiteko hautua egiten dutenak errespetatzen ditugu, baina jakin behar dute ohe nahikoa dugula haientzat».
Hirian etxerik ez dutenen eskubideen alde lan egiten dute taldeen iritziz, baina, «gero eta larriagoa» da etxegabeen egoera Gasteizen. «Bus geltokian, esaterako, egunero lauzpabost lagunek egiten dute lo». Inor Ez Etxerik Gabe plataformako kide Jabi Jabierrek uste du etxegabeen arazoa «benetako politika sozialen»gabeziaren ondorio dela: «Jendeari baliabide egokiak eskaintzen bazaizkio, erabili egiten ditu, baina ate guztiak itxita daude askorentzat».
DONOSTIA
Donostian, La Sirena aterpetxea izan da arretagune azken egunetan, hotzaren lokala esaten dioten zerbitzu hori ez dutelako egunero irekitzen neguan. Gaur, adibidez, itxita izango da, Hiritarron Harrera Sareak atzo salatu zuenez. Iragarpenen arabera izotza egitea litekeena denean bakarrik zabaltzen du Donostiako Udalak Ondarreta hondartzaren alboan dagoen aterpetxe hori, eta sareak bigarren urtez eskatu dio udalari protokoloa aldatzeko.
«Ehun leku daude La Sirenan, baina, hotz egunetan, gehiago hartu ditu; esaterako, korridoreetan», esan du Itsaso Agirre Barandiaran elkarteko kideak. «Donostian 250 pertsona inguru daude kalean lo egiten, urriko azken kontaketaren arabera, baina gehiago dira», azaldu du. Kontaketa egitean, kalean dauden batzuk artatuta zeuden beste zerbitzu batzuen bidez, esplikatu duenez, baina kalean bizi dira. «Gorakada nabarmena izan da Donostia azken urteetan». 2018ko kontaketan ehun zenbatu zituzten.
Donostiako Udalak «negu osoan» eskaini beharko luke La Sirenako zerbitzua, Hiritarron Harrera Sarearen ustez, «kalean lo egiteak dakarren arriskua ez delako soilik graduen arabera neurtu behar». Agirre Barandiaranek dio 8-10 gradurekin kalean lo egitean «hotz izugarria» sumatzen dela, «eta euria egiten badu, askoz handiagoa». Erantsi duenez, termometroari ez, baizik eta «sentsazio termikoari» begiratu beharko litzaioke: «Etxegabe asko ez dira joaten hotzaren lokal delakora, ez dakitelako irekita edo itxita egongo den, ez baitituzte galdu nahi lo egiteko txokoak».
Bestalde, Harrera Sareko kideak uste du hiriburuek soilik ez, inguruko udalerri guztiek ere egin behar dituztela etxeko lanak, negua iristen denean etxegabeei zerbitzua emateko: «Errazagoa da zortzi artatzea, Donostian berrehun pilatzea baino». Etxegabeentzako 54 leku finko ditu Donostiak; beste 22 gaueko bitarteko gisa; 21 gehiago babespeko etxebizitzetan; eta 84 harrera etxebizitzetan. La Sirenako ehun lekuak gehitzen zaizkie horiei, Donostian tenperatura zero gradukoa edo apalagoa denean.
Donostiako EH Bilduk La Sirena negu osoan zabalik edukitzeko bitartekoak eskatu dizkio udal gobernuari, baina ezezko erantzuna jaso du egunotan. San Sebastian egunaren atarian, zabalik egon zen, urtarrilaren 14an, 15ean, 16an eta 17an. Gero itxi egin zuten, eta San Sebastian egunean berriro zabaldu zuen udalak. Eta, ostean, itxita egon da berriro. Hala egongo da gaur ere. «2016an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek, hiriburuetako udalak barne, etxegabeen kopurua %20 apaltzeko konpromisoa hartu zuten, eta kopuruak gora egin du ordutik, nabarmen gainera», salatu du Olaia Duarte koalizio abertzaleko zinegotziak.
IRUÑEA
Iruñeko Udalak jakinarazi duenez, hiriko bi aterpetxeak leporaino beteta dira abenduaren 16az geroztik. Urte osoan, zabalik daukate Trinitarios eremuko aterpetxea, eta 58 toki eskaintzen dituzte han. Neguan, baina, zerbitzua indartu eta Jesus eta Mariaren Aterpetxea ere zabaltzen dute, beste 50 lekurekin. «Muturrekohotza izanen genuela ikusita, etxegabeei laguntzeko baliabideak indartzea erabaki genuen, lotarako bi aldiz toki gehiago jarrita eta ordutegiak zabalduta», esan du Olivia Elizarik, Iruñeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.
Iruñeko bi udal aterpetxeen koordinatzailea da Victor Martinez. Hark azaldu du zerbitzu ezberdina eskaintzen dutela batean eta bestean: «Trinitariosko aterpetxea urte osoko zerbitzua da. Zabalik dago egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez, eta, gaua igarotzeko aukeraz gain, askotariko laguntza eskaintzen die bazterketa egoeran direnei. Jesus eta Mariaren Aterpetxea, berriz, zerbitzu osagarri bat da, ezohiko egoeretan soilik eskaintzen duguna. Hara joaten direnek aukera dute afaltzeko, garbitzeko, lo egiteko eta gosaltzeko, 20:30etik hurrengo eguneko 12:30era».
Bi aterpetxeak gainezka daudenez, gainera, Gizarte Zerbitzuek bestelako baliabide alternatiboak eskaintzen dizkiete horietan tokirik ez dutenei: «Orain ditugun 108 lekuez gain, behin-behineko aloiamendurako txartelak ere banatzen dizkiegu etxerik ez dutenei, ez dezaten kalean lo egin».
Azken urteetan, zerbitzu horiek erabiltzen dituztenen ezaugarriak aldatu direla nabarmendu du Martinezek: «Kalean direnen ezaugarriak aldatzen ari dira, egoera ekonomikoaren bilakaeraren erritmo berean. Garai batean, adineko gizonak ziren, hein handi batean. Gaur egun, askoz heterogeneoagoa da muturreko bazterketa egoeran direnen soslaia: 25 eta 35 urte bitarteko jendea, Afrikatik heldutako migratzaileak...».
BAIONA
Pantxika Ibarbur Atherbea elkarteko zuzendariak azaldu du haren elkarteak antolatu eta proposatzen dituela etxegabeentzako lotokiak. Urte osorako 35 toki dituzte Miarritzen, eta beste 38 Angelun. Etxerik gabe gelditzen diren gero eta langile gehiago hartzen dituzte, baita kalean bizi diren emazte gehiago ere: «Emazteak arrunt gordeak dira karrikan; toki horietarik hamazazpi emazteentzat atxikitzen ditugu». Neguan beste 40 bat toki irekitzen dituzte Baionan eta Miarritzen. «Anitzek ez dute tokirik», azaldu du Atherbea elkarteko lehendakariak.
Horrez gain, Baionako Herriko Etxeak hamar toki ireki ditu Lauga aretoan, urtarrilaren 24tik 29ra. Frantziako Estatuaren hotzaldiaren aurkako dispositiboa da. Neguko gau hotz bakan batzuetan soilik jartzen du hori plantan.
Ibarburrek salatu du zailtasunak daudela toki gehiago irekitzeko. Hogei toki gehiago irekitzekotan dira, baina egoitzak irekitzeko baimenengatik ez dituzte orain arte proposatu ahal izan. «Erakunde publikoekin lan egitea ez da erraza».
Hotzaren zauriak espaloian
Bilbon etxegabe bat hil izanak jopuntuan jarri ditu kalean bizi direnentzako baliabideak eta politika publikoak. «Premiazko neurriak» ezarri dituzte hiriburuetan, hotz boladari aurre egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu