Gaitz berria izanagatik, zientziak ezagun ditu COVID-19aren sintoma eta ezaugarri nagusiak. Izurriaren lehen agerraldiak atzeman eta hilabete gutxira deszifratu zen SARS-CoV2 birusaren mapa genetikoa bera ere. Urtebetean, erantzun ugari eman ditu zientziak, baina, aldi berean, galdera gehiago azaleratu dira. Adibidez: asko dira, gaixotasunaren lehen oldarraldia gaindituta ere, beren onera bueltatzerik ez duten pertsonak. COVID-19 luzea edo iraunkorra deitzen zaio fenomeno horri. Atzo argitaratutako inkesta baten arabera, 40 urte inguruko emakumeei eragiten die batez ere, eta sintoma ohikoenak dira neke kronikoa, arnasa hartzeko zailtasunak, buruko eta giharretako mina eta arreta biltzeko zailtasuna.
Familia Medikuen Espainiako Elkarteak eta COVID-19 luzea duten pertsonak biltzen dituen Long Covid Acts kolektiboak egin dute ikerketa, elkarlanean: hiru hilabetez —uztailaren 13tik urriaren 14ra—, galdetegi bat egin zieten 2.120 pertsonari, eta, horietatik, 1.834 ziren COVID-19 iraunkorraren sintomak zituzten pazienteak. Horri esker, ikerketaren arduradunek gaitza pairatzen dutenen soslairik ohikoena osatu ahal izan dute: 43 urteko emakumea, eta COVID-19aren sintomak 185 egunez izan dituena.
Genero marka oso nabaria da ikerketan: sintoma iraunkorrakdituztenen %79 emakumezkoak dira; gizonezkoak, berriz, %21 baino ez. COVID-19agatik ospitaleratutako emakumezkoen ehunekoa baino dezente gehiago da hori. Nabarmentzekoa da COVID-19 iraunkorra dutenak gazteak direla hein handi batean—batez besteko adina 43 urtekoa da—, izurriagatik ospitaleetan dauden paziente gehienak ez bezala.
Inkestan, 200 bat sintoma iraunkor atzeman dituzte, eta, ikerlariek nabarmendu dutenez, 36 sintoma ditu pertsona bakoitzak batez beste. Ohikoenak dira nekea (%96), ondoez orokorra (%95,5), buruko mina (%86,5), giharretako mina (%82,8), disnea edo arnasa hartzeko zailtasuna (%79,3), pentsatzeko eta arreta biltzeko zailtasuna (%78,2), bizkarreko mina (%77,7), presioa bularraldean (%76,8), antsietatea (%75,5), sukarra (%75), eztula (%73,2), memoria galerak (%72,6), min torazikoa (%70,1) eta zorabioak (%69,4).
Nekea, kasuen erdietan
Inkesta horren emaitzekin bat egin du Plos One agerkari zientifikoak argitaratu berri duen beste ikerketa batek ere: Dublingo Trinity College unibertsitateko ikerlarien arabera, neke kronikoa da COVID-19 luzea dutenek aipatzen duten sintomarik ohikoena. Are: ikerketan parte hartu duten 128 boluntarioen erdiei baino gehiagori atzeman diete sintoma hori, gaitzaren lehen zantzuak agertu zirenetik hamar astera. Ikerketa horretan ere, emakumezkoak izan ziren gaitz iraunkorra garatutako gehienak. Ikerlarien ustez, ez dago loturarik hasierako COVID-19 infekzioaren larritasun mailaren eta sintoma iraunkorren artean. Hala, nekea garatu zuten gaitzaren lehen faseetan sintoma larriak izan zituztenek, baina baita ospitalizazioaren beharrik izan ez zutenek ere.
Koronabirusa
Nekea eta ondoeza desagertzen ez direnean
COVID-19 kronikoa pairatzen dutenen soslaia zehaztu dute zenbait ikerlari taldek: 40 urte inguruko emakumeena da multzorik handiena; sintoma larriak izan ditzakete, kutsatu zirenetik zortzi hilabetera ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu